Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Maiatzaren 29a

Gozategia ostatua astean sei egunez idekia - Gura Show taldearen emanaldiak haur eta burasoak loriatu - Lauak enpresaren 50 urteak, handizki ospatuak

Duela 50 urte hastapeneko langileak Xalbat eta J-Marc Charritton aita semeen inguruan (Arg: Lauak enpresa)
Duela%2050%20urte%20hastapeneko%20langileak%20Xalbat%20eta%20J-Marc%20Charritton%20aita%20semeen%20inguruan%20(Arg:%20Lauak%20enpresa)

Gozategia ostatua astean sei egunez idekia

Asteartean zortzi ideki zen berriz Gozategia ostatua, Jérôme Alfaro kudeatzaile berriarekin. Iduri du hunen hastapena kausitua izan dela bazkaltiar anitz hurbildu baita jatetxera lehen egunetan, bai eta ortzirale eta larunbat arratsez. Joan den asteko berrietan ostatuaren ordutegiari buruz agertu xehetasunak ez onak izanez, xuxenketa merezi dute.

Bi ordutegi mota proposatzen ditu kudeatzaileak: astearte eta asteazkenetan (8:00-17:00), eta ortzegunetan, ortziraletan, eta larunbatetan (8:00-biharamuneko 2:00ak arte). Igandetan (8:00-17:00). Baina igande arratsetan ere idekitzea (aitzinetik erreserbatuz, 17:00ak aitzin) da ostatuko kudeatzailearen xedea. Astelehenetan ostatua hetsia da.

Ostatuarekin harremanetan sartzeko, telefonoz (06-18-40-53-55) edo e-postaz egin ditaike

(alf.jeje@gmail.com). Ongi etorri deneri!

Gura Show taldearen emanaldiak haur eta burasoak loriatu

Euskaraldiaren kari, Beltzuntze elkarteak (Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin) kantaldi berezia antolatu zuen ostiralarekin, eskoletako haurreri bereziki zuzendua. Parte hartu duten 140 haur eta burasoek guziz preziatu dute Kattalin Indaburu, Magi Mirande, Maider Cigarroa, Amaia Riouspeyrous eta Philippe Albor-en emanaldia, hauek jakin baitute eskola elebidunetako eta ikastoletako haurrak berenganatzen, ikasleak kantuz arraraziz artistekin betan.

Duela 2 urte Pontx pailazoa zuten gomitatu, aldi huntan Gura Show taldea. Euskara nagusi den mementoak arraroak izanez, gisa bereko ikusgarriak gehiago antolatu behar liratezke, euskararen erabilpena indartzea beharrezkoa baita.

Lauak enpresaren 50 urteak, handizki ospatuak

Bazela mugimendu eta uste gabe joan den ortzirale eta larunbatean, Lauak enpresaren inguruan! 50. urtebetetzea manera berezi batez ospatu dute ortzirale arratsaldean eta larunbatean publiko zabalari ateak idekiz. Larunbat eguerdiarekin deia 800 bisitari kondatzen omen zituzten... Bezperan langileentzat ustegabeko gaualdia antolatu zuten arduradunek, Patrick Bruel kantari frantses ezaguna ekarraraziz, Hazparneko Mendeala gelara.

Enpresa hau Aiherra eta Hazparneko mugan plantatua baldin bada orain, 1975ean sortu zuen "Eskulanak" izenarekin Jean-Marc Charritton bere egungo arduradunak. Lauak taldeak Dassault Abiazioari galdaragintzako piezak ematen zizkion orduan. Orain bere aktibitatea zabaldu da, munduko hegal ezberdinetan lantegiak sorturik hala nola Kanadan, Mexikon, Indian, Portugalen eta Tolosa ondoan l'Ile Jourdain herrian. Langile berezien beharra baitu enpresa hunek, hauen formatzeko eskola ere sortua du. Lehen txandan formatu 25 langileek lana tokian berean atzeman dute.

Orotara 2.000 langile kondatzen dira orain, Aiherra eta Hazparneko 450ak barne. Gaur egun, Lauak taldea aeronautika industriarako lehen mailako piezen, azpimultzoen eta multzoen obratze enpresa nagusietakoa da. Joan den asteburuan, 2 oreneko bisita baten egiteko xantza ukan dute urtebetetze honetara hurbildu diren guziek.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3788. zbk

Gure Hitza | 2025/05/29

Erramun Martikorena kantatuz

Jean-Louis Harignordoquy

Ekainaren lehenean Baigorrin Erramun Otsobi deitzen dugun adiskide kantari handia ohoretan izanen da bere sorterriko elizan. Irulegiko Irratiak gomitatu kantari andanak abestuko ditugu Erramunek ezagutarazi dizkigunetarik zonbait. Gazte gaztea Ibaigorri abesbatzan lehen tenor gisa parte hartuz, geroxeago Lapurdiko Etorki izenekoan, laster bakarlari abiatu zen. Nunahiko jende xaharrenei aspaldiko kantuen doinu eta pertsu guziak gogoz ikasi zizkien eta gutarik anitzi erakatsi. Larzabaleko kantu txapelketetan bi aldiz lehen saria irabazi zuen, entzuleak oro loriatuz nahi bezala molda zezaken zilarrezko ahots arin goraiarekin. Bertzalde, Baigorriko antzerki taldean frangotan arizana, ederki garatu zuen kantuak jendeari sendiarazteko dohaina.

1978an lehenbiziko diskoa grabaturik, hurrengo urtean Baionako Laugan eta Hendaiako Beltzenean ikaragarriko arrakasta bildu zuen Baigorriko artzain kantariak. Geroztik gure zazpi probintzietako xoko-moko guziak kurriturik badauzka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016