Gogoa hazi | 2025eko Maiatzaren 29a

Haurraren bakartasuna

Maite Iratzoki

Bi hitz horiek, maizenik, ez dira elkarrekin lotzen, kasik bat bertzearen kontra diren hitzak dira. Haurra eta buraso, haurrak eta zaintzen dituzten pertsonak, haurra eta zoriona, eta abar, lotura zoriontsuak eta positiboak izaten dira gehienetan burura etortzen direnak. Haurrak inguratuak eta maitatuak direla pentsatzen da, eta heien gerizatzea denen lehia litzatekeela.

Barnetegi batzuetan gertatutakoak, erasotako haurren bakardade handia erakutsi dute. Gerizatzeko, babesteko den begirale batek, haur bat bortizkeriaz eta bidegabekeriaz jotzen duenean, edo haurraren gorputza baliatzen duelarik sexualki berak atsegin hartzeko, haurra bakardade leize batean murgiltzen du, botatzen du.

Nori mintzatuko da haurra? Norengana joko du? Zer erraneta nola erran? Hamar urtetan, hamabi urtetan, mutiko ttikiak, bere zaintzale baten partetik sexu-eraso bat jasan duelarik, nola erranen du senditzen duena? Zoin hitz ditu bere esku ezin onartua, ezin pentsatzekoa, erranezina errateko, jasanezina salatzeko?

Haur bat mintzatu da bere amatxirekin eta zer gertatu zaion erran dio. Amatxik ez du sinetsi. Eta nola sinetsi konfiantza den eta hortarako hautatu den eskolan, pertsona batek holako ekintza bat egiten ahal duela? Horrek erran nahi luke burasoek eta amatxik berak, huts egin dutela beren hautuan. Beren seme eta semetxiarentzat lekurik hoberena nahi zuten, hoberena hautatu dute, ez dira tronpatu. Beraz, haurrak ez du egia erraten. Eta amatxik, fede onez, bere semetxiari gezurtia dela dio. Goiz batez, goizean goizik, ama batek bere hamabi urteko semea etxean ikusi du, kolegiotik oinez etorria, gauez gau. Ama harritua, tenore hortan zer zabilan kolegioan izateko orde. Kapritxo bat zelakoan, berehala bidali du bere bila etorri ziren ikastetxeko pertsonekin. Sekulan dudatu gabe bere malur handira igortzen zuela.

Bai, nori mintza? Nor arriskatuko da haurrak bizitzen ari denaren doi bat entzutea? Aitak nahi duena da bere semea gizon bihurtzea bere desiraren arabera eta bizitzaren zailtasuneri buru egiten ikastea eta jakitea. 12-13 urteko haurrak barnetegiko bere bizitzaz hitz egin zuenean zailtasunak apur bat aipatuz, berehala entzun zituen aitaren hitzak, bere esperientzia zoin zailagoa izan zen gogoratuz: "ni zure adinean... zure bizia errexa da... entzun nere denboran nola zen... eta ez ginen pleinitzen..." eta holako lerro batzu. Aitak semea sustatu nahi du, oztopoak gainditu daitezkeela erakutsi eta erakatsi nahi dio. Haatik bere burua erreferentzia bilakatu du eta elkarrizketaren atea hetsi du. Semea ez da gehiago ausartuko hitz egiten.

Beraz nori mintza? Nork entzun dezake haurraren oihu isila? Ikastetxeko lagunek? Erakasle batek? Familiako izeba edo osaba batek? Ba ote da entzuten dakienik? Entzutea, bertzeak erraten duena den bezala entzutea da, deusik aldatu gabe; serioski entzutea, mintzo denak bere egia erran dezan. Autobus batean bezala da, lehenik jendea jausten utzi eta gero autobusean sartu, orduan leku bat aurki baititake. Entzuteko gauza bera da, lehenik mintzatu nahi duena mintzatzera utzi, eta nahi dituen guziak erranak izan direlarik, orduan entzuleak bere hitza erran dezake. Mintzaleak bere bihotza hustu du, lekua egin du entzulearen hitza errezebitzeko.

Haurraren bakartasuna bere biziko pozoina da. Isiltasunerat bidalia izan da, bere baitan duena gordetzerat eremana izan da, gezurtiar jujatua izan da, bere baitan eta bertzeen baitan konfiantza galtzerat kondenatua izan da.

Haurraren bakartasuna, helduen gogor eta mutu baita itsu izatearen ondorio ezin txarragoa.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3788. zbk

Gure Hitza | 2025/05/29

Erramun Martikorena kantatuz

Jean-Louis Harignordoquy

Ekainaren lehenean Baigorrin Erramun Otsobi deitzen dugun adiskide kantari handia ohoretan izanen da bere sorterriko elizan. Irulegiko Irratiak gomitatu kantari andanak abestuko ditugu Erramunek ezagutarazi dizkigunetarik zonbait. Gazte gaztea Ibaigorri abesbatzan lehen tenor gisa parte hartuz, geroxeago Lapurdiko Etorki izenekoan, laster bakarlari abiatu zen. Nunahiko jende xaharrenei aspaldiko kantuen doinu eta pertsu guziak gogoz ikasi zizkien eta gutarik anitzi erakatsi. Larzabaleko kantu txapelketetan bi aldiz lehen saria irabazi zuen, entzuleak oro loriatuz nahi bezala molda zezaken zilarrezko ahots arin goraiarekin. Bertzalde, Baigorriko antzerki taldean frangotan arizana, ederki garatu zuen kantuak jendeari sendiarazteko dohaina.

1978an lehenbiziko diskoa grabaturik, hurrengo urtean Baionako Laugan eta Hendaiako Beltzenean ikaragarriko arrakasta bildu zuen Baigorriko artzain kantariak. Geroztik gure zazpi probintzietako xoko-moko guziak kurriturik badauzka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016