Euskal diaspora | 2025eko Maiatzaren 29a
San Frantziskoko BEO elkartea aitzina; eta pilotari nafartarrak Kalifornian
Joseba Etxarri
BEO ELKARTEA.
Urrats berriak eman ditu San Frantziskon BEO (Basque Educational Organization) elkarteak. Egun kide guziak ditu euskal-amerikanoak edo amerikano euskaltzaleak, eta Kalifornia eta AEBko bere inguruan euskara eta euskal kultura ezagutaraztea, sustatzea eta hedatzea du helburu. "Basque Cultural Day" egiten hasi zen joan den mendean, besteak beste, aurten zuzendaritza eta batzorde berriak sortu ditu, eta proposamen berriekin ari da, hala nola (ingelesezko euskal liburuen) Irakurketa Kluba online, edo Euskal Zinema Kluba, online baita ere. Urte guziz, NABO bertso saioa antolatzen du (beste Euskal Etxe eta elkarteekin lankide), gazteendako beka eta laguntzak edota, konparazio, emazteek euskal komunitatearen baitan egin duten funtsezko lan azkarra aitortu eta eskertzeko ekimenak, hala nola "Euskal Andreen Egintza Amerikan" liburua, aurten bigarren edizioan dena. Egun Anna Marie Etcheverria (aita arnegitarra, ama amerikanoa, Lasa, Bidarrai eta Bankakoen ondorengo) du buru, baina talde-lana dute heien lanaren oinarri.
Zuzendaritza taldean dira: Anna Marie Etcheverria, Nathalie Baker Urroz, Aline Izoco Elicagaray, Esther Bidaurreta, Nicole Sorhondo, Yvonne Hauscarriague-Seevers, Philippe Acheritogaray, Marisa Espinal, Emily Pape eta Nicholas Smith. Aholu Batzordean, Pierre Goyenetche, Pierre Jambon, Rosemary Arriada-Keiper, Josh Melander, Steven Gamboa eta Peter Fawzi. Eta Ideia-inarrosleen batzordean, Marielle Sorhondo, Meggan Laxalt Mackey, Tina Iriart, Jean-Max Fawzi, Danielle Echeverria, Erica Fosse, Caroline Chiramberro, Amaia Caballero, Maitexa Çuburu eta Zoe Bray. Eta azkenak aipatuko ditugu, baina berez lehenak dira, elkartearen bi sortzaile, lan akiezina egin dutenak heien bizi osoan gure kulturaren alde Kalifornian, Aña (Etchehandi) Iriartborde eiheralartarra, eta Franxoa Bidaurreta aldude-esnazuarra. Izan ere, BEOk hiru belaunaldi biltzen ditu euskal kulturaren aitzinamendua elgarren lokarri. Lan bikaina, BEO, gazteak biltzen eta segida ematen!
PILOTARIAK.
Joan den asteburuan Bakersfield-eko Euskal Besta egin zen Kalifornian, ederra, Kern County Basque Club euskal etxea antolatzaile. Baziren etxeko dantzariak, klika, meza aita Antton Egiguren euskal omoniera eta Stephen Frost monsinorea eta Fred Ansolabehere diakonoa emaile, musika, besta eta giro ederra... Euskal Herritik, Luhartz musika taldea, Durangotik, eta pilotariak, iragan asteburuan Bakersfield-en eta heldu denean San Frantziskon ariko direnak, Nafarroako Pilota Federaziotik, Aitor Alduntzin Iruñekoa, Unax Apeztegia elizondoarra, Unai Astiz lekunberritarra, Oian Canabal igantziarra, eta Fernando Goñi entrenatzaile. Afaria heiekin larunbatean Gure Euskal Etxean, Tony Huarte antolatzaile.











