Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Maiatzaren 29a

Auzo batzorde berri - Heraitzeko bestak - Biltzar nagusi - Pilota

Auzo batzorde berri

Hiribehere Sokorrondo auzo batzordeak egin du bere biltzarra joan den ortzegun arratsaldean Gaztelondoan Nicole Mouesca hautetsiaren eta Katia Drieux lehendakariaren inguruan. Herriko aurrekontu partehartzailean duen proiektua izan da lehen gaia eta finkatua izan dena onartua du hautetsi batzordeak. Lota inguru hortan bizikleta eliptiko pare bat emanen da. Beste proiektu guziak bezala bozen beha egon beharko da, hauek ekainaren 1etik uztailaren 15a artean iraganen direnak. Mailiarena eta Lota jauregiaren arteko bide zatiaren berrantolaketa zen bigarren gaia. Hau aitzinkontu baten beha dago. Sokorrondoko eskolako haurren bilketak ekarri du ondotik eztabaida luzea. Dirudienez auzo horrentzat autobus geltoki egokia badago, bainan ez da batere haurrentzat segurtatua. Geltoki hortan Herriko Etxeak ezin du ezer egin toki pribatu batean baita eta jabeak lur zati bat uzten ez dueno ezin baita hunki. Hautetsiak proposatu du geltoki berria eginaraztea eremu publikoan Milafrangako bidean urrunago edo Uztaritzera hurbilago. Bat edo bestearentzat heldu da haurreri bide gehiago egitea, ezin dute onartu bide hori kamioi eta autoekin hain da lanjerosa. Geltokiaren antolaketa doakio Euskal Elkargoari. Azkenean deus ez da trenkatu. Leihorrondoko bidea izan da azken mintzagaia. Bide horren antolaketa lanak hasiak dira, bainan bada oraino zer egin dena segurtasun neurrian emaiteko. Hurrengo biltzarra finkatua da iraileko.

Biltzar nagusi

"Etorkinekin Diakite" Ipar Euskal Herriko federazioak, bere biltzar nagusia egin du joan den larunbat goizean Gaztelondoan, 40 bat lagun bildu dituela.Elkartearen helburua da, Euskal Herrira datozin etorkineri harrera egitea, bizitegia aurkitzen eta lan bila dabiltzanen laguntzea eta ere hemengo jendearekin harreman onetan bizitzea. Horrentzat muntatua dute CGH kudeantza eta harmonizazio kontseilua. Txosten moralean agertu da zer egoera txarrean egiten duten lan. Arrastatze eta kanporatze ekintzak emendatuz doazi. Gain-gainetik Retailleau barne ministroaren politika populista eta jokamoldeak salatuak izan dira. Alde orotan erresumaren mugen zaintzeari emana da lehentasuna eta ez gizakiaren egoerari. Komunikazio sailean kaseta bat badute "Lotura" deitua, bainan hau ere buruz behera doa. Diru egoera eta kontuak agertu direlarik ikusi da 2024ko urtean gastuak handiagoak zirela sartzeak baino eta urtea bukatu dute 23.648 euroko ziloarekin. Diru laguntzak eta emaitzak ttipituak dituzte, ondorioz zor batzu ezin ordainduak ere. Zailtasunak agertzen dira geroari buruz. Aipatu da sindikatueri, Herriko Etxeeri eta erakunde politikoeri laguntza gehiago eskatzea. Elkarteak bi langile (Laurie eta Elsa) ditu, %60tan lan egiten dutenak eta geroko segurtamenik gabe direnak. Egoitzarik ez izanez, Baionako Gorriak eta Gaztetxeak, bi elkarteek ezarri dituzte beren gelak horien eskuko. Webgunea osatzen ari dira. Beren egitasmoa dute gostarik gosta etorkinen laguntze hori segitzea, etxetan errezebitzen dituzten familien zerrenda osatuz eta jakinik ere politikoen aldetik zailtasunak emendatuz joanen direla. Heldu den urrian Ipar Euskal Herri osoan antolatuko dute "Mugarik gabe" festibala kezkak plazaratzeko, Uztaritzen bukatuko dena. Diru mailan segitzen ahalko ote dute? Geroak erranen.

Heraitzeko bestak

Heraitzeko bestak iraganen dira maiatzaren 28tik ekainaren lehenera. Egitarauan ikus ditaike: asteazkena 28 (18:00) pilota, esku-huskako lehiaketaren finalak 2. eta 1. mailarenak; (20:00) auzoko biztanleen aperitifa eta pintxo poteoa. Galdegina da bakotxari jateko zerbait ekartzea. Osteguna 29 (14:00) mus lehiaketa, izenak tokian emanez 12 euro jokalari bakotxarentzat. Asko gauza dira irabazteko. Ostirala 30 (14:00) petanka lehiaketa Lagunekin elkarteak antolaturik; parte hartzea 5 euro; (19:30) zikiro jatea karpa pean 22 euro helduentzat, 10 euro haurrentzat, Katxi taldeak alaiturik. Larunbata 31 (14:00) birla lehiaketa Lagunekin elkarteak antolaturik; izen emaitea 5 euro; (18:00) taloak plazan Josteta gizon koroak alaiturik; (20:00) Punttu Kakotx txaranga; (21:00) Andoni Oilokiegi; (00:00) Frigo taldea; (01:30) DJ Doy. Igandea 1a (10:30) meza Santa Katalina kaperan; (12:30) bazkaria Heraitze Koop elkarteak antolaturik 15 eurotan; (15:00) haurren arratsaldea; (16:00) kantaldia kaperan Neskatxak Idoia eta Kepa; (17:00) dantza ikusgarria Izartxorekin; (18:00) talo eta mutxiko pilota plazan Erdizka taldearekin. Aroa lagun izan dadila eta besta on deneri.

Pilota

Maiatzaren 17 eta 18ko asteburuan bi luzeko partida jokatu dira Bilguneko plazan Euskal ligaren kondu. Larunbatarekin gure gazte taldeak garaitu du doi-doietarik USSP Amikuzeko taldea 10/9. Igandearekin helduetan B mailakoak (Fernando, Elissalde, Bidart, Sallaberry, Migueltorena) ere garaile atera dira Baigorri 3ren kontra 13/4. Joan den igandean, B mailakoak berriz ari beharrak ziren Azkaineren kontra. Hunek jakinarazirik ez zela etorriko, porrota bezala kondatua da eta partida gure mutikoek 13/0 irabazia dute.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3788. zbk

Gure Hitza | 2025/05/29

Erramun Martikorena kantatuz

Jean-Louis Harignordoquy

Ekainaren lehenean Baigorrin Erramun Otsobi deitzen dugun adiskide kantari handia ohoretan izanen da bere sorterriko elizan. Irulegiko Irratiak gomitatu kantari andanak abestuko ditugu Erramunek ezagutarazi dizkigunetarik zonbait. Gazte gaztea Ibaigorri abesbatzan lehen tenor gisa parte hartuz, geroxeago Lapurdiko Etorki izenekoan, laster bakarlari abiatu zen. Nunahiko jende xaharrenei aspaldiko kantuen doinu eta pertsu guziak gogoz ikasi zizkien eta gutarik anitzi erakatsi. Larzabaleko kantu txapelketetan bi aldiz lehen saria irabazi zuen, entzuleak oro loriatuz nahi bezala molda zezaken zilarrezko ahots arin goraiarekin. Bertzalde, Baigorriko antzerki taldean frangotan arizana, ederki garatu zuen kantuak jendeari sendiarazteko dohaina.

1978an lehenbiziko diskoa grabaturik, hurrengo urtean Baionako Laugan eta Hendaiako Beltzenean ikaragarriko arrakasta bildu zuen Baigorriko artzain kantariak. Geroztik gure zazpi probintzietako xoko-moko guziak kurriturik badauzka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016