Hegoaldean | 2025eko Maiatzaren 29a
Aroztegiko auzia
M.V.
Lekarozen 200 luxuzko apartamendu, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituen Palacio de Aroztegia SM enpresak. Hirigintza proiektu horren kontrako kanpaldi bat izan zen 2021eko apirilean, eta mobilizazio hartan parte hartu zuten zazpi baztandarren kontrako auzia iragan da joan den astean Nafarroako Justizia Auzitegian. Akusatuei lanak trabatzea eta geldiaraztea leporatzen diete. Orotara, 20 urteko presondegi zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen ditu enpresak.
Lehen saioan akusazioaren lekuko gisa mintzatu dira bi guardia zibil eta hirigintza proiektuaren bazkideetako bat. Egitasmoa trabatzeko eta obrak geldiarazteko talde kriminal antolatu baten parte izatea eta indarkeria erabiltzea leporatu diete akusatuei.
Bigarren eta hirugarren egunetan, Aroztegiko obren hastapenean izan ziren hamalau guardia zibilek eta zenbait foruzainek deklaratu dute, hurrenez hurren. Haiek, ordea, aitzinekoen adierazpenak gezurtatu dituzte. Gehienek erran dute ez zutela indarkeria seinalerik ikusi eta azpimarratu dute protesta baketsuak izan zirela; hots, ez zirela kalapita, mehatxu edo irainen lekuko izan.
Laugarren egunean Baztango zazpi akusatuek hartu dute hitza. Denek epailearen aitzinean deklaratu dute, baina ez diete akusazioaren galderei ihardetsi nahi ukan, salbu Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiak. Hark fiskalaren galderei ere erantzun die. Auzipetuen adierazpenek akusazioaren bertsioa gezurtatu dute. Zazpiek berretsi dute 2021eko apirilean Aroztegian egin zutena desobedientzia zibil baketsua izan zela, eta ez zirela norbaiten aginduak betetzen ari izan.
Azken egunean, fiskalak hastapeneko hipotesiak berretsi ditu, hots, Baztango zazpi auzipetuak "talde kriminal antolatu" baten parte direla, eta Lekarozko Aroztegia hirigintza proiektua geldiarazi zutela "indarkeriaren, mehatxuen, irainen eta bortxazko giro baten bitartez". Beraz, "ondarearen, makinen integritatearen eta askatasunaren aurkako delituak" leporatu dizkie fiskalak. Ondotik, enpresa akusatzailearen abokatuek hartu dute hitza, eta fiskalak erran guziak baieztatu dituzte, bai eta hirigintza proiektu erraldoiaren legezkotasuna azpimarratu. Hitzaldia bururatzean, akusazioak zigor eskaera egin du: hiru urte eta hilabete bateko presondegi kondena Garbiñe Elizegirentzat, eta bi urte eta hamar hilabetekoa gainerako bakoitzarentzat.
Azkenik, defentsaren abokatuak mintzatu dira. Hauek agerian utzi dute bortz eguneko epaiketaren ondotik auzipetuek egin ustezko delituak ez direla frogatu ahal izan. Gainera, abokatuek zehaztu dute Palacio de Aroztegia SM enpresaren abantailetan dela auziari larritasun itxura ematea, kalte-ordain gisa 43 milioi euro galdegiteko. Horregatik, akusatuak kargurik gabe uztea galdegin dute.
Auzi-erabakia ondoko egunetan jakinen da.











