Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Maiatzaren 29a
Dantza ikusgarria larunbatean - Haurtzaindegiko berri - Herriko kontseilua - Uso ihizirako postuak enkantean - Aisialdi Zentroa - Argazki erakusketa
Dantza ikusgarria larunbatean
Maiatzaren 31n (17:00 eta 20:00), Larreko antzokian"Ocean Ballet" ikuskizuna aurkeztua izanen da. Nathalie Verspecht dago koreografiaren sortzailea, hunekin ariko dira Coté Cour estudioko ikasleak. 2 oren eskaseko iraupena, prezio betea 19€, murriztua 13€, urririk 5 urtez pekoentzat, erreserbak: astridstudiocotecour@gmail.com.
Haurtzaindegiko berri
Maitetxoak haurtzaindegiak jakinarazten du toki batzu libro direla irailetik aitzina. Izen emaitea deituz 05-59-54-11-95, 05-59-54-58-21 edo 06-11-91-61-21. Ohartzekoa da herriko kontseiluak diru laguntza onartu duela,2025 eta 2026ko finantza aldirako 150.400€.
Herriko kontseilua
12 erabaki hartzekoak zirenean, gehienek ez dute eztabaidarik sortu salbu azkeneko biek, hemen bietan Jaureguyren taldeak kontra bozkatu du, aldiz Idiarten taldekoak abstenitu dira. 2024ko urriaz geroz, magistraturako formakuntza segitzen ari den agentea berriz hartzea gai juridikoen misio arduradun gisa proposatua izan da, lanpostu iraunkorra sortuz. Jaureguyren taldeak estimatu du kostu handikoa izanen dela, baita ez beharrezkoa, ikusiz jadanik herriak hitzarmena duela departamenduko tokiko kudeaketako agentzia publikoarekin, preseski gai juridikoetaz arduratzen dena ere. Jaun merak ihardetsi du ez dela bertze hauturik, kide hunek lanpostu berria ukan artean herritik kanpo. Herriko zentro teknikoan, berrantolaketa proposatua izan da, lanpostu bat ezeztatuz baina bertze bi lanpostu sortuz. Kasu huntan, Jaureguyk estimatu du problematika indibiduala dela eta ez kolektiboa.
Uso ihizirako postuak enkantean
Igande goizean, ekainaren 1ean (10:00), Larreko kulturgunean iraganen da, 13 ihizi tokien partekatzea. 5 urterako iraupena duten postuen hastapeneko prezioa 100€tan finkatua da. Usotegi bat lortzeko baldintza batzu beharrezkoak dira: hirian bizitzea edo sortzea, baita hartzaile edo ordezkari bat izatea usotegi bakoitzeko.
Aisialdi Zentroa
Izen emateak idekiak daude udako oporrendako, uztailaren 7tik agorrilaren 22ra iraganen dira. Taldeen antolaketa sorturtearen arabera eginen da: euskaldun murgiltzerako 2022tik 2020ra, 2019tik 2015era eta 2017tik 2013ra. Izen emateko dosierra ongi bete behar da, zailtasunak baldin badira, harremanetan sartu: enfancejeunesse@senpere.fr.
Mediatekako berriak
Euskaraldiaren karietara, antolatua zen irakurketa kluba euskaraz biziki ongi joan da. Nahiz jende guti bildu den, hamar bat kidek parte hartu dute eta ongi gozatu dira ekimenaz. Hauen artean Matilda Legardinier, Elkar argitaletxeko arduradunak aurkeztu ditu zonbait euskarazko liburu, frango errexki irakurtzen eta ulertzen direnak. Euskarazko solasaldi animatu hunek, bidea zabalik utziko dio Ostegunetako Kalakariak ekitaldiari. Ana Imaz Libreplume elkartekoak animatuko du oren batez euskaraz, 3 eta 6 urte arteko haurreri bideratua, ekainaren 12an (17:50), krakada eskainia. Aldiz ekainaren 5ean ostegunarekin (19:30), "zer irakurtzen duzue oporretarako?" galdera huni erantzuteko, deneri idekia den irakurleen artean partekatzeko memento goxoa aperitifa-taldean antolatua da. Janari mahaina tokian berean, sartzea urririk.
Argazki erakusketa
Azkeneko estreinaldian, jendetza bildu da herritar artisten obren deskubritzeko. Arranoen Begia elkarteak, hatsa berriturik aitzina joaiki da, 21 kidez osatua da eta erakusketan 130 obra azalduak zituzten.











