Azalekoa | 2025eko Urriaren 09a
Compagnons bilakatzeko itsasuar baten ibilbidea
A.E.
Ibai Etcheverria gazteak Frantziako itzulia egin du “Compagnons” federazioaren bidez. CAP-a pasa eta, “aspirant” etapa gainditu du, eta “compagnon” bilakatzeko maketa burutu du Itsasuko Herriko Etxearentzat kiosko bat eraikiz. Bere ibilbideaz elkarrekin solastatu gira.
Formakuntza ibilbidea
Ibai Etcheverria 20 urteko itsasuar gaztea da. Ikastolatik pasa eta, Kanboko Xalbador kolegiora joan zen, nun hirugarreneko ikastaroa Angeluko Compagnons federazioan egin zuen. Federazio hunek formakuntza sare handia du Frantzia estatuan zehar, orotara 17 herrirekin, horietan bat Ipar Euskal Herrian. Eskualdeko Compagnons federazio bakoitzak etxe bat badu, “Compagnons-en etxea” edo “harrera etxea” deitzen dena. Ibai Etcheverriak, bere ikastaroa Frantziako itzulia egiten dutenen etxean egin zuen.
Horren ondotik, Euskal Herritik segidan joan nahi ez zuela eta, bigarrena Etxepare lizeoan egin zuen. Lehenean aldiz, Jura departamendura joatea erabaki zuen, “Institut Européen de Formation de Mouchard” eskolara.
Compagnons bilakatzeko lehen urratsak
Jurako “Institut Européen de Formation de Mouchard” eskolaren berezitasuna alternantzian iragaiten dela da. Egunean zehar gazteek aprendiz gisa lan egiten dute, eta arratsetan etxeko lanak egiten dituzte. Eskola hortan bi urtez CAP-a pasa zuen Ibai Etcheverriak, eta ondotik Frantziako itzulira joan zen. Hiru herri hautatu zituen, eta lehen urtea Tour ondoan egin zuen.
Itsasuar gazteak azaltzen zuen Compagnons izan aitzin aspirant etapa gainditu behar zela. Lehen etapa hori gainditzeko, maketa bat egin behar da, proiektu bat sortu, eta irailetik martxo arte bada horren egiteko. Eguneroko erritmoa izigarri kargatua da: egunean zehar gazteek lan egiten dute, lanetik 18:00/18:30ak irian sartzen dira, 19:00tatik 20:00ak arte elkarrekin afaltzen dute, 20:00tatik 22:00ak arte kurtsoak dituzte, eta ondotik kasik gauerdi arte maketa aitzinatzen dute. Asteburuei dagokienez, kurtso dute larunbat batez biren gain, Compagnons baten enpresara joaten dira eta gai baten inguruan lan egiten dute. Asteburuetan kurtsorik ez dutenean, maketa aitzinatzeko baliatzen dute.
Itsasuko Herriko Etxearentzat proiektua
Itsasuarrak Tour-en aspirant bere lehen etapa lortu zuen, eta ondoko urtean Grenoblera joan zen, nun bere etxearentzat maketa bat egin zuen. Iaz Limoges-era joan da. Compagnons bigarren etapa lortu nahi zuela eta, berak sortu kiosko baten proiektua aurkeztu zion Itsasuko Herriko Etxeari, Limoges-eko federazioan zela. Proiektu hunen forma aski konplexua zenez eta egiteko denbora anitz hartzen zuenez, garestiegia zitekeen enpresa batek saltzeko. Hortako zuen Ibai Etcheverriak proiektu hori aurkeztu, Itsasuko Herriko Etxeak onartu zuena, gauzatzeko gastu guziak beregain hartuz. Iazko irailetik aurtengo martxo arte eraman du Compagnons bilakatzeko goi-obra (“chef-d’oeuvre”) maketa hori, baietsia izan dena.
Orain, itsasuarrak ez du gehiago proiekturik itzuli behar Compagnons bilakatu denez. Baina besteak beste arratsetan kurtsoak eman behar dizkie beste ikasleei.
Aitaren bidea segituz
Ibai Etcheverriaren aitak ere Compagnons Frantziako itzulia egin zuen. Garaian, aita larunbatetan kurtso ematera joaten zenean harekin jiten zen semea, oraindik ttipia zela. Gazte-gaztetik da beraz mundu hortan murgildu, familiako erroetan zuela.
Ibai Etcheverriren gaur egungo helburua Euskal Herrira itzultzea litzateke, bere aitarekin batera “Etcheverria” zurgin enpresan lan egiteko.











