Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Urriaren 09a
Gaita eguna Donapaleun urriaren 11n - Klima astea Amikuzen - Bihotzeko ostatuen ibilaldia
Gaita eguna Donapaleun urriaren 11n
Herri Uzta festibalaren 13. edizioa, asteburu huntan iraganen da. Ekitaldia Herri Soinu elkarteak antolatzen du Euskal Herriko musika eta dantza tradizionala zabaltzeko, sorkuntza garaikidea sustatzeko eta ondare hori belaunaldi gazteei eta euskal kulturatik urrun dauden publikoari helarazteko. Gaita eta mutxikoak dira festibalaren oinarriak.
Festibala aitzin, animazio bereziak antolatuak dira Donapaleun gaitaren inguruan. Erakusketa proposatua da urriaren 3tik 13rat Touzaa etxean, musika tresna horren istorioa Euskal Herrian hobeki ezagutzeko. Mintzaldi batekin hasi da joan den ostiralean. Betti Bidart (Baigorri), Javier Lacuntza (Iruña) eta Pierre Haira (Uztaritze) gaiteroek, beren pasioa partekarazi digute. 30 bat lagun hurbildu dira bilkura gogo-pizgarri hortara.
Ibiakoitz huntan, Donapaleuko herriak, Gaitamik eta Herri Soinuk gaita eguna antolatzen dute Donapaleun. Goizean, dianarekin hasiko da (8:30) herri bihotzean. Desfilearekin segituko du gaitero eta ziganteekin herriko karriketan (11:00). Eguerditan, Gaitistaneko Orkestak kontzertua emanen du abere merkatu plazan. Arrastirian, gaiteroen kontzertua entzuten ahalko da San-Luis zinegelan (18:00). Sartzea 5 eurotan izanen da eta lekuak erreserbatu behar dira aitzinetik. Ondotik, Amikuzeko txarangarekin mutxikoen dantzatzeko aukera izanen da (20:00) abere merkatu plazan. Gaualdia, Kalume elkarteak animatuko du (22:00).
Eguerditan eta arratsean jatekoak eta edatekoak segurtatuak izanen dira.
Klima astea Amikuzen
Urte guziz egiten duen bezala, Euskal Elkargoak "Klima astea" antolatzen du urriaren 4tik 11rat. Ekologia positiboa irudikatzea da aurtengo mezua.
Iparraldean, 100 bat ekitaldi antolatuak izanen dira. Amikuzen, hiru herri mobilizatu dira.
Donapaleuk, bi animazio proposatzen ditu: lehena urriaren 4an iragan dena CPIErekin, natura hirian deskubritzeko; bigarrena urriaren 8an iraganen da beti CPIErekin (10:00-12:00), tindaketa landareekin ikasteko.
Ozarainek ere bi aktibitate proposatzen ditu: urriaren 7an AIMAren aktibitateak deskubritzeko (17:30-20:00) eta urriaren 8an, gauzen eta jantzien erreparatzeko tailerrak (10:00-17:00).
Arberatzek, urriaren 9an, ibilaldia antolatzen du Jauberrirat bioaniztasuna eta natura eskolako haurrekin lantzeko Jean Errecart lizeoko erakasle eta ikasleekin.
Bihotzeko ostatuen ibilaldia
Amikuzeko Bihotzeko ostatuek, ateraldia antolatzen dute urriaren 19an, igandez. Bi ibilaldi proposatuak dira Donapaleutik. Lehenak 13,3km egiten ditu Garruze, Amendüze-Unaso eta Aiziritzen gaindi;bigarrenak 7,8km, Aiziritze, Amendüze-Unason gaindi. Xutik elkarteak bere laguntza ekarriko du ibilaldi horien antolatzen.
Abiatzea Airetik aparkalekutik eginen da (9:00). Parte hartzea 8€, urririk 14 urtez azpikoentzat.
Ondotik, jatekoak eta edatekoak proposatuak izanen dira.











