Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Urriaren 09a
Urruñako auzapeza Paueko auzitegian - Beñat Elizondo - “Sorgina, banaiz” filma - Egun Arrosa - Emazteen Etxeak urtebete - Erromes Eguna Loiolan - Euskal kantu ikastaldia - Udazkeneko haur eta gazte egonaldiak
Urruñako auzapeza Paueko auzitegian
Irailaren 22an, astelehenez, Urruñako Herriko Etxean Palestinako bandera ezarri zuten, elkartasuna adierazi nahian. Horren ondotik, eta prefetaren aginduz, irailaren 24an, epaileak Paueko Auzitegi Administratibora deitu zuen Filipe Aramendi Urruñako jaun auzapeza. Prefetaren arabera “erabaki politikoa da eta ez humanitarioa”. Aitzineko asteburuan ere, Mauleko auzapezari bandera kenarazi zion prefetak Barne Ministerioaren aginduz. Urruñan bezala, berdin deliberatu zuten Itsasu, Ozaze, Baigorri, Hiriburu, Lexantzü, Maule eta Izurako Herriko Etxeetan; osora Iparraldeko 10 bat herritan ezarri zuten. Irailaren 28an, larunbatez, elkarretaratze jendetsua izan zen herriko plazan, auzapezari sustengua emanez.
Beñat Elizondok 50 urte musikari gisa
Nork ez du herrian Beñat Elizondo ezagutzen? Nork ez du noizbait bere musikaz gozatu? Jadanik 50 urte eman ditu eskusoinuari loturik. 1975eko irailaren erdialdean, hamazazpi urte zituela, ezkontza bat animatu zuen Aiherra eta Hazparneren artean zegoen Xilbendea izeneko ostatu-jatetxean, eta orduz geroztik, jarraitu du, etenik gabe, Euskal Herriko bazterrak akordeoiaz girotzen eta animatzen. Jarrai dezan luzaz beste hainbestez ahal bada, bere musikaz gure bihotzak alaitzen.
“Sorgina, banaiz” filma Itsas Mendin
Urriaren 17an, ostiralez (20:00), Asisko Urmenetaren “Sorgina, banaiz” filma emanen dute Itsas Mendi zinetokian, euskaraz eta frantsesezko azpitituluekin. “Dokumental hau ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta bidegabeki ehizatu izan zen orduko haien memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabesa.”
Egun Arrosa Iturbidean
Aurtengo Egun Arrosa urriaren 11n, larunbatez izanen da, Iturbidea kiroldegian (9:00). Egitaraua: ibilaldi arrosa (9:15) 5km-koa, eta (9:30) 2,5km-koa. Parte-hartze librea. Marinelako danborradak girotuko du. Ondotik (11:30) hizketaldia Leroy medikuarekin eta Maitena Dufau erizainarekin. Dantza ikusgarria (14:00). Urruñarrak kirol elkarteak jateko eta edatekoak eskainiko ditu.
Emazteen Etxeak urtebete
Urriaren 4an, larunbatez, Pausuko Elizaren karrikan dagoen Emazteen Etxeak bere lehen urteurrena bete zuen. Hori dela eta, bertan izan ziren aperitifak, animazioak eta kontzertuak.
Erromes Eguna Loiolan
Urriaren 11n, larunbatarekin izanen da aurtengo Erromes Eguna Gipuzkoako Loiolako basilikan. Hori dela eta, Itsasoko Jondoni Petri parropiaren laguntzaz, Lapurditik autobus bat abiatuko da Loiola aldera, San Inazioren urratsei jarraiki. Urruñatik, autobusa errugbi estadioaren aitzinetik abiatuko da (8:00), eta toki berera itzuliko da (19:00). Jan-edatekoak norberak eraman behar ditu. Parte hartzea: 20 euro. Informazioa: 05-59-26-08-81.
Euskal kantu ikastaldia
Urtero bezala, aurten ere, euskal kantu ikastaldia izanen da Pausuko Xaia ostatuan. Urriaren 15ean hasiko da, hilero bi egunez (20:00) eginen dute eta ekainera arte iraunen du. Izena emateko urriaren 15ean edota 28an, hau da, ikastaldiaren lehen bi egunetan, edo bestela 05-47-75-07-02 telefonora deituz.
Udazkeneko haur eta gazte egonaldiak
Urruñako herriak 7-17 urte bitarteko gazteei zuzendu 3 egonaldi proposatzen dizkie. Kirola, natura, kultura abentura... eskaintza anitza gustu guzientzat. 7-10 urtekoentzat: kirol anitzetako egonaldia Pissos-en:arku jaurtiketa, arborismoa, ingurumenaren esplorazioa, orientazio lasterketa,... 11-13 urtekoentzat: mendi egonaldia Baigorrin: raftinga, mendi bizikleta ibilaldiak, biziraupen ikastaroak, Baigorriren deskubritzea. 14-17 urtekoentzat: egonaldia Bordelen:Darwin gunearen bisita, hiriko ihes jokoa, hiperzentroaren bisita, hockey partida. Izen emateak zuzenean Familien Atarian egiten dira. Prezioak familien irabazien arabera egokituak dira, diru laguntzen posibilitatearekin. Xehetasun guziak 2025eko udazkeneko egonaldien liburuxkan atzematen ahal dira.











