Gure Hitza | 2025eko Urriaren 09a
Izadia su eta gar
Jean-Louis Harignordoquy
Aurten aldi bat gehiago, izigarriko suteak pairatu dituzte Frantziako hego ekialdean eta Espainiako iparraldean. Berri emaileek ziotenaz, ezin bentzutuenak Espainiakoak izan dira. Telebistatik ikusi ditugu bereziki Zamora eskualdeko irudi nigar egingarriak: herri osoak hustera eta azienden urruntzera behartuak, milaka hektarea oihan eta larre zipilduak, etxeak eta herritarren funtsak kiskaliak, keak kutsatu aireak eta bero itogarriak eragin egoera ezin jasana.
Espainiako arazo hori bertze eskualdetakoei juntatuz, zorigaitzez airea, lurra eta itsasoa gehiago berotuz doatzi. Nolaz gertatzen dira honelako sute erraldoiak? Ez arrazoi bakar batengatik! Erran gabe doa, lehen lehenik idorteak fagoratzen dituela. Halere badakigu sua ez dela bera pizten. Baditaike aire gaixtoa erortzea eta hartarik garrak hedatzea. Noiz behinka, laborarien tresnetarik ihes egin dezake pindar batek. Halaber, ezaxolakeriaz norbaitek itzali gabeko zigarreta mutur bat belar idortuaren gainera bota dezake. Badira ere jende bakar zonbait zoinentzat mitxa bat piztu-eta sua kurritzen ikustea plazer eta bizio bat bilakatua den.
Idorte ikaragarriak jotzen dituen lurraldetako landareei eta zuhaitzei sua nola ez zaie lotzen! Orduan, zer xintximariakez dira agertzen: suhiltzaileak eta ur-hegazkinak eskas, zonbait gunetan mendi-biderik ez eta urtegiak urrun.
Berriz gertatzeko arriskua ekidin edo gutienetik murriztu nahi baldin bada, araberako neurriak baitezpada hartu beharko dira. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hitzeman du oihangintza politika berria abiatuko zutela. Egiazki ordu lukete pinu, izai, eukaliptoak bezalako zuhaitz moten landatzeari uko egitea eta oihanetako zuhaitz eihartuen kentzea. Halako leku lehorretan ez litzateke hain segur Iratiko pagoa laketuko, bainan lurrari itzal eta freskura gehiago ekartzen dioten bertze hostodun mota batzu ez dira hain aise sutan jartzen. Bertzalde, kanpoko hazkuntzaren garrantzia ez litzateke ahantzi behar. Alabainan, ez da ahuntzak, ardiak, behiak, behorrak eta pottokak bezalakorik bazterrak garbiki atxikitzeko. Espainian ez ote dira aise sobera eremu beren gisa utziak, aziendekin alatu edo tresnekin garbitu gabe, goratasun handiko sasiekedo sastrek hartuak? Politika publikoak hortara bideratu beharko litaizke, ondorioz lantokiak sortuz eta jende gaztea lanbide horietara heziz. Bistan da kanpoko hazkuntza lehenestekotan, Espainiak beharko dituela hazkuntza molde hori fagoratzeko diru laguntzak bozkatu eta eman. Nola-nahiz, suteen arriskua ez baita berehala desagertuko, lehen urrats premiatsua da heietarik zaintzeko aterabideak aurkitzea eta urte andana bateko inbertsioen egitaraua zehaztea; izadiaren eta biztanleen onerako.










