Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Urriaren 09a
Errobiko klima eguna - Auzo batzordearen berri - Arte proiektu galdea - Bertsolaritzaz
Errobiko klima eguna
Heldu den larunbat huntan antolatua da Uztaritzen ''Errobiko klima eguna'' Errobiko poloak antolaturik, 11 herriren partaidetzarekin. Egitarauak hauxe proposatzen du: Bilgune gelan (10:00-14:30) animazioak, standak, tailerrak, jokoak, erakusketak marrazki eta argazkiekin. Ondotik proposamenen biltzeak eta aztertzeak. Artetik (12:00-12:30) jazz hirukotea Euskal orkestrarekin; bazkariak (mutxikoek animaturik) eta haurrentzat sari banaketak. Lapurdi gelan aldiz mahain inguruak lema hunekin: ''Nola berriz ikas naturarekin bat egiten''. Mintzatzaileak dira: Leslie Chrétien (kontakizun berriak), Oihan Connor eta Txomin Durgueil (Aldapan elkartea), Benoit Dandine (Open Lande elkartea), Jean Irubetagoyena (permakultura), Tangui Le Moal (espazio naturalen zaindegia) eta Charlotte Mulet (Bio Divers Cité erakundea). Arratsaldean (14:30) Lapurdin beti, mendiaren geroaz egina den ''Aztarnaren Oreka'' filmaren proiekzioa. Klima egun horrek bildu ditu 23 elkarte edo erakunde laguntzaileak.
Auzo batzordearen berri
Irailaren 29an iragan da San Mixel auzo batzordearen biltzarra, biltzar nagusi moldean Landagoienen, Eric Mailharancin eta Maitena Etchebarne hautetsien inguruan eta 35 parte hartzailerekin. Auzo hori bi bide nagusiren artean kokatua da D932 eta D88. Dorreako maldak, San Mixel karrika (sentsu bakarrera emana dena), Landalarreko bidea eta hor egin beharrak diren eraikuntzak izan dira eztabaida luze-luzea ekarri dutena, azkenean erantzun iraunkorrik gabe. Ez da errexa denen konplimendua egitea bakotxa bere ikuspegi hartan gelditzen bada eman kiderik egin gabe. Diren bezala geldituko dira jada hartu erabakiak, heldu den urteko hauteskundeak iragan arte. Azken auzo biltzarra zen hau, hauteskunde kanpaina neutraltasun osoan joan dadin? Geroan auzo biltzarrek berriz segituko ote dute? Gerokoak geroko.
Arte proiektu galdea
Herriko Etxeak plazaratzen du arte proiektu proposamena. Helburua da herri erdira sartzean, Super U inguruan diren betunezko bi pareten beztitzeak margotuz, molde horrekin kulturaren demokratizazioa bermatzea sorkuntzak baloratuz. Pareta batek 10m luze ditu (20m²) eta besteak 60m luze (60m²). Edozoin elkarte edo pertsona fisikok parte har dezake proposamen bat edo gehiago eginez Herriko Etxeari. Ez bada horrentzat lema berezirik ere, baldintza zorrotzak finkatuak dira. Artistak, edozoin izanik ere, kondutan hartu behar du ingurumenaren zaintzea, herriaren nortasuna, hizkuntza politika eta publikoaren sentsibilitateak. Obra bakotxarentzat galdegina da gutienez bost urteren iraupena. Margo proiektuak behar dira Herriko Etxeari helarazi urriaren 31ko berantenaz numerikoan (PDF moldean) Internet bidez helbide huntara: mairie@ustaritz.fr. Ondotik kulturaren hautetsi batzordeak aztertuko ditu proiektuak eta azkenean heieri izanen da artistaren (elkarte edo partikular) hautatzea. Urte bukaera gabe pentsatua da pareta horien beztitzea.
Bertsolaritzaz
Hogoi urte inguru Senpere Amotzeko Larraldean egon ondoan Bertsularien Lagunak elkartea finkatua da orain Uztaritzen Mailiarenean primaderaz geroztik. Joan den asteartean elkarteak egin du aurtengo Xilaba txapelketaren aurkezpena, 24 bertsolarirekin eginen dena Bidarten hasiz Donibane Lohizunen bukatzeko. Hamar saio orotara, damu bat halere Uztaritzen berean ez saiorik izaitea. Irakurle maite ikusazu gehiago txapelketa hortaz kaseta hunen 6. orrialdean.











