Mundu zabalean | 2025eko Urriaren 09a

Gerla gelditzeko Trumpen proposamena

J.B.

Gerla%20gelditzeko%20Trumpen%20proposamena

Gerla "bururaino" eramaiteko beti deliberatua delarik, Israel ez da sekulan orain bezainbat isolatua izan nazioartean. Sufrimendua ezin gelditua da Gazan eta Zisjordanian eta ihardukitzeak biderkatzen ari dira Nazio Batuetan bai eta mundu guziko herritarren partetik. Israelen betiko sustengatzaile indartsuak diren Estatu Batuetako agintari nagusietatik etorri den bake proposamena gauzagarri ote da?

Israel isolatua nazioartean

Argazki harrigarria hedatu da munduan zehar: Estatu ordezkari gehienak Nazio Batuetako Asanbladatik ateratzen ari Benyamin Netanyahou Israelgo gobernuburuak hitza hartzen zuelarik. Aitzineko egunetan hamar bat herri gehiago, okzidenteko Estatu aberatsak, Europakoak gehienak eta horietan Nazio Batuetako Seguritate Kontseiluko partaide zonbait barne, elkartu dira Nazio Batuetako gehiengo nagusiari Palestinako Estatu libre baten galdegiteko.

Denbora Berean palestinarreri elkartasuna eta sustengua adierazteko mobilizazioak biderkatzen dira munduan zehar. Herri ezberdinetako 50 bat itsasuntzi biltzen dituen Global Sumud Flotilla entseatu da Gazatik hurbiltzen giza laguntza eskaintzeko palestinarreri.

Hala ere Benyamin Netanyahouk eta haren ministroek ez dute amore emaiten eta Gazaren kontrako ofentsiba aitzina segitzen dute, deus ez balitz bezala. Heien nahikari estremista geldiarazteko ahala duen bakarra izanki betiko laguntzaile indartsua den Amerikako Estatu Batua. Horregatik hain garrantzitsua da Trumpek presentatu duen bake proposamena.

Trumpen bake proposamena

20 puntutan zehaztua da Estatu Batuetako aitzindariak, bere usaiako harrotasunarekin, aurkeztu duen bake proposamena. Akordioa lortuz geroz berehala geldi ditaizke Gazari buruzko erasoaldi eta bonbardaketak eta baitezpadakoa den giza laguntza sar ditaike Nazio Batuek kudeaturik. Hiru egun barne bahituak diren israeldarrak libratuak ditaizke eta ondotik Israelgo presondegietan kondenatuak dauden 250 palestinar aska lezazkete bai eta ere gerlako azken bi urte hauetan arrastatuak izan diren 1.700 gazatiarrak, horietan emazte eta haur guziak.

Armak uzteko prest diren Hamaseko gudariak amnistiatuak ditaizke eta nazioarteko indar armatu batek har lezake, pixkanaka, bainan epeak finkatu gabe, armadaren lekua.

Gazako lurraldea kudeatzeko nazioarteko politikari ezagun batzuek osa lezaketen Bake Kontseilu bat aipatzen da, Trump bera izanen delarik egitura horren aitzindaria.

Dokumentuaren bukaeran, palestinar Aginte arramoldatu batek Bake Kontseiluaren segida har lezakeela errana da, egoera hobetuko delarik, autodeterminazio eskaerari bide bat idekitzeko posibilitatearekin.

Proposamenaren ahuleziak eta zalantzak

Nahiz eta usaian bezala bere buruaz biziki segur agertu den Donald Trump presidentea Israel, musulman eta arabiar herriak eta nazioarteko Estatu gehienak ados zirela bere proposamenarekin erranez, egiazko zalantza zonbait fite agertu dira.

Lehenik akordioa onartzeko prest agertu den israeldar gobernuburuak arramoldatu ditu proposamenaren pundu zonbait. Gehiago dena, Israelgo prentsaren aitzinean, akordioaren berrirakurketa egin du, Israelgo armada ez dela osoki Gazatik aterako segurtatuz eta Estatu palestinarrik ez dela sekulan izanen errepikatuz.

Bestalde, buruilaren 23an, Nazio Batuetako Asanbladaren segidan Trumpek arabiar eta musulman Estatuekin egin bilkuran zehaztua izan zen Israelgo armada epe finkatu batean Gazatik alde egin beharko zuela nazioarteko armada bati lekua uzteko eta urte bat barne, Gazan eta Zisjordanian, hauteskundeak egin beharko zirelaAginte palestinar arraberritu bati lurraldeko kudeantza uzteko. Azken ohar horiek ez dira gehiago agertzen proposamenean.

Idazten dugun tenorean ez dakigu zer den Hamasen erantzuna eta pentsatzekoa da hark ere, israeldarrek egin duten maneran, nahiko duela moldaketa bat ekarri, bainan joko arauak nork dituen eskuetan badakigu.

Zalantza handiak izanikan ere, gaurko infernutik ateratzeko agertzen den alternatiba bakarra da. Laster ikusiko dugu zer segida ukanen duen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3804. zbk

Gure Hitza | 2025/10/09

Izadia su eta gar

Jean-Louis Harignordoquy


Aurten aldi bat gehiago, izigarriko suteak pairatu dituzte Frantziako hego ekialdean eta Espainiako iparraldean. Berri emaileek ziotenaz, ezin bentzutuenak Espainiakoak izan dira. Telebistatik ikusi ditugu bereziki Zamora eskualdeko irudi nigar egingarriak: herri osoak hustera eta azienden urruntzera behartuak, milaka hektarea oihan eta larre zipilduak, etxeak eta herritarren funtsak kiskaliak, keak kutsatu aireak eta bero itogarriak eragin egoera ezin jasana.

Espainiako arazo hori bertze eskualdetakoei juntatuz, zorigaitzez airea, lurra eta itsasoa gehiago berotuz doatzi. Nolaz gertatzen dira honelako sute erraldoiak? Ez arrazoi bakar batengatik! Erran gabe doa, lehen lehenik idorteak fagoratzen dituela. Halere badakigu sua ez dela bera pizten. Baditaike aire gaixtoa erortzea eta hartarik garrak hedatzea. Noiz behinka, laborarien tresnetarik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016