Gogoa hazi | 2025eko Urriaren 09a

Gizarte baketua?

Mandio

Bai armak isildu dira. Gizartea baketu ote da? Hegoaldean, elkar bizitzarako urrats baitezpadakoa zen borroka armatu itsutu horreri amaiera ematea. Bide berri bat abiatu dute. Luzea. Elkar maitatu aitzin elkar jasaiten ikasi beharra daukate. Badira jadanik momentu harrigarri eta eredugarriak:

ETAk 1993an Joseba Goikoetxea ertzaina hil zuen. 2013an omendu zuten Bilbon. Ekitaldia aitzin dei bat egin zuen Rosa Rodero Goikoetxearen alargunak: "Biktima guzientzat min bera" delako, biktima guziak ekitaldian egotea nahi zukeela erran zuen. Goikoetxearen alargunarekin, seme-alabekin eta arrebarekin batera egon ziren, besteak beste, Edurne Brouard, Axun Lasa eta Pili Zabala, Santi Brouard, Joxi Zabala eta Joxean Lasaren senideak. Izan zen ere, Carmen Gisasola ETA erakundeko buru izana, Goikoetxearen hiltzailearen eta Rosa Roderoren arteko besarkada...

Juan Mari Jauregiren andre eta alabaren portaera hunkigarriak hor dira ere. Jauregi, ETAko kide izana, PSEra pasatu zen.Gipuzkoako gobernadore zibil egin zuten. ETAk erail zuen 2000. urtean. Itziar Bollainen dokumentalean ikusten da Jauregiren alarguna goxoki mintzo bere senarra hil zion etarrarekin, Luis Carrasocorekin.

Kasu baikor horiek ez dituzte gordetzen gizartean gelditzen diren arazoak, hala nola Txiki eta Otaegiren omentzeko izan diren zailtasunak. Sorturen iritziz, oraindik "lehen eta bigarren mailako biktimak" daude. Hegoaldean bada erakunde, elkarte, partidu polito azkar, sare eta bertze. Indarrean dira. Demokratikoki aitzinatzen ahal dira. Badute haatik zer egin.

Iparralde honetan gauzak zailagoak dira. Bizikidetzan haustura gutiago genuen. Nahiz sufrikario handiak jasan, militanteen heriotzak, GALen basakeriak, poliziaren gehiegikeriak... Bakea aipatzen da bainan bortizkeriak segitzen du: diruak eragin bortizkeria. Mitraletarik ez dago maletetan bainan bada aski diru gure toki ederrenak hartzeko, espekulatzeko lur eta bizitegiekin, hemengo jendea jabegotik gogorki baztertuz, gazteek ezin dutela bizitegi xume bat ere beretu. Demokraziaren bidez lortuko ote dugu gure esku bihurtzea herri kudeantzako giderrak, toki hau herri bezala errespetatua izan dadin? Zaila izanen da. Kanpotiarren artean itoa da kostaldeko euskalduna. Urte guziz 3.000 presuna berri instalatzen dira Iparraldean. Kanakiarrak ari dira beren aldeko bozkatze sistema mantendu nahian. Guk bozka kutxen partida galdua dugu aspaldixkoan.

Ekaitz Bergaretxek zioen: "Emazteek bizi izan badute trauma sexual bat nekez aipatzen dute, maiz denbora behar dute horren azaleratzeko... Berdintsu da euskaldunaren kasuan: bere euskal nortasuna baztertua edo gutietsia delarik, edo ez baldin badu bete betean bizi, bortizkeria jasaiten du, kontzienteki edo ez. Bere buruari aitortuko dio beharbada, nekez egoera hori biziarazten dioteneri, maiz inorentziaz baita. Emazteen kasuan gero eta gehiago bortizkeria hori gaitzetsia eta legez kondenatua da. Ez axolakeriz baldin badago ere. Aldiz ez da aitzinamendu anitzik euskaldunen alderako bortizkeriari buruz.

Zer egin? Laborantza lur, bizitegi, enplegu arazoei aurre egiteko aspaldiko elkarteak hor ditugu eta ere berriki sortuak, behar den tokian aurpegia ematen dutenak: Bizi, Alda, Ostia. Gora horien militante adoretsuak! Gure euskaltasuna zaintzeko, nortasuna garatzeko hor daude aspaldiko elkarte eta erakundeak. Horiek ere eragin mugatua. Ideia berri bat: Ekaitzena hau ere, “Masusta erreximenta” bere liburuaren azken partean azaltzen duena: nazioarte mailan badaude deklarazio ederrak munduko estatu anitzek, Frantzia barne, izenpetuak dituztenak, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena, Populu Autoktonoena, Gizandereena. Hona heldu den biztanle berri bakotxari jakinarazi behar litzaioke lurralde berezi batean sartzen dela, Barakaldotik Barkoxeraino eta Baionatik Tutera arte hedatua den eremu horretan euskaldunak bizi direla, milaka urte hauetan, dretxo unibertsalak dituztela. Kanpotiar horiek, laster integratu nahian, aise sartzen dira gure elkarteetan. Elkarte guzien estatutuetan eskubide horiek zehazten dituzten artikulu batzuen erreferentziak idatzi behar litezke, etorri berriak eta hemengo jendeak argitzeko eta engaiatzeko.

Etengabe jakinarazi nor garen, zoin diren gure dretxoak. Urrats bat eta urrats bi, bizirik iraun, helburua argi, ibilbidea sendo.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3804. zbk

Gure Hitza | 2025/10/09

Izadia su eta gar

Jean-Louis Harignordoquy


Aurten aldi bat gehiago, izigarriko suteak pairatu dituzte Frantziako hego ekialdean eta Espainiako iparraldean. Berri emaileek ziotenaz, ezin bentzutuenak Espainiakoak izan dira. Telebistatik ikusi ditugu bereziki Zamora eskualdeko irudi nigar egingarriak: herri osoak hustera eta azienden urruntzera behartuak, milaka hektarea oihan eta larre zipilduak, etxeak eta herritarren funtsak kiskaliak, keak kutsatu aireak eta bero itogarriak eragin egoera ezin jasana.

Espainiako arazo hori bertze eskualdetakoei juntatuz, zorigaitzez airea, lurra eta itsasoa gehiago berotuz doatzi. Nolaz gertatzen dira honelako sute erraldoiak? Ez arrazoi bakar batengatik! Erran gabe doa, lehen lehenik idorteak fagoratzen dituela. Halere badakigu sua ez dela bera pizten. Baditaike aire gaixtoa erortzea eta hartarik garrak hedatzea. Noiz behinka, laborarien tresnetarik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016