Orotarik | 2025eko Urriaren 09a
Kukumarro
Xarles Videgain
Planeta (1/2)
Egun planeta berezi bat aipatu nahi nuke. Planeta bainan erranahi berezi batekin. Zuberoan egun batez erran zidan Sohütako lagun batek: “Khasü, gripa hanitx badüzü, planeta badüzü”, eta beste herri andana batean ere entzun dut: “Aurten planeta gaitza agitü düzü arresetan, ardietan”.
Behin baino gehiagotan planeta entzunik, zer zen entelegatu nuen: planeta hori da eritasun bat ber denboran nonbait azkarki kokatzen dena. Erdaratik harturik frankotan epidemia edo epizootia aipatzen da.
Zuberotik kanpo horrek badu beste izenik planetaz gain: manex aldean gehienetan heldea edo helderia deitzen da, izan dadin jendetan ala kabaletan baina beste kalamitate bat izan daiteke. Beraz erranen da Covid heldea hedatu dela, edo ahoeria edo txainkeria kabaletan edo barbalot heldea badela baratzean. Preseski Covid denboran entzuleek planeta hitza ikasi zuketen Zuberoko berri-emaileek ez baitzuten beste izenik.
Egia erran, heldea erran gabe, izurrite hitza ere erabiltzen da. Iduri luke izurritea ez zela edozoin helde pestea baizik ez zela izaiten baina orain izurrite hitza gainditu zaio helde hitzari. Gripari izurrite deitzen diotenak badira. Euskara zekien Emile Larrek aldiz biak sinonimo gisa erabiltzen zituen, zioelarik: “Denbora hartan izan zen pesta izurrite izigarria.”
"Planeta", "helde", "izurrite", eta nago "erida" ere ez ote den erraiten: ez da espainolezko hitza, hots ez da zauria, kolpea edo ukaldia. Uste dut erida eri-tik heldu dela. Nonbait entzuten delarik marexalek erida handia sendatu behar dutela, erida hor planeta da eta ez du erranahi kabale anitz min hartu direla.
Planeta beraz zergatik ote? Planeta zeruan ikusten dugu eta berak ez du argirik emaiten, ez da izarra. Halere euskaraz artzainen izarra edo dendari izarra, edo artizarra diogu nahiz ez den izar bat, hura baita Venus planeta. Paso! Ilargia edo argizaitea ere planeta ez da baina planetatzat atxikitzen dugu anitzetan.
Zortzi planeta kontatzen dira: Merkurio, Venus, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Aldiz Pluton, planeta gisa hartua zena, ez da gehiago planeta. Horiek guziak ekiaren edo eguzkiaren inguruan. Bada besterik unibertsoan eta duela guti, euskarazko izena emana izan zaie berrikitan atzemana izan den planeta bati eta bere lagunari. Su eta Gar deitzen dira planeta eta izar horiek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (Itziar Garate erakaslearen bitartez) proposatu zuen izen hori onartua du munduko komunitate zientifikoak. Haatik hemen entzuna izateko gisan, Su eta Gar kuple edo bikote honek sono azkarra beharko du ezen Lurretik harat joateko, eta argia bezain zalu joanez ere (300.000 kilometro segundo bakoitz), 26 milioi urte eman behar litezke. Urrun dira beraz.
(Segida heldu den astean)












