Ba ote dakixu? | 2025eko Urriaren 09a

Nazio Batuen Erakundearen sortzea (½)

Gilen Bacho

“Nazio Batuen deklarazioa”, 1942ko urtarrilaren 1ean
Nazio%20Batuen%20deklarazioa_%201942ko%20urtarrilaren%201ean

Duela 80 urte, 1945eko ekainaren 26an, San Frantziskon, 51 Estatuk Nazio Batuen karta sinatu zuten. Nazio Batuen Erakundea sortua zen. Mundu gerla lazgarri baten ondotik, erakunde berriak mundu osoari, azkenean, bakea ekarri behar zion. Dena den, hori zen bere helburu nagusia.

“Nazio Elkarteen” hutsegitea

Bake unibertsala, urrunetik heldu den amets bat da. XIX. mendean jada, 1891n, bakearen nazioarteko bulegoa eta 1899an, epaitzeko auzitegi iraunkorra, Hagako auzitegia, sortu ziren. Sustut, lehen mundu gerlaren ondotik, 1919ko ekainaren 28an, Versaillesko hitzarmenarekin, Nazioen Elkartea sortu zen. Nazioarteko erakunde horien helburuak “bakea” eta “segurtasun kolektiboa” ziren, gerlaren itsuskerien ondotik. Baina, Amerikar Estatu Batuek Nazioen Elkartearen parte hartzeari uko egiteak nazioarteko erakunde berri hori ahuldu zuen. Halere, 1920ko hamarkadan, erakundeak funtzionatu zuen, testuinguru batean zeinean bakezale mugimenduak indar handia bazuen (1928an, 63 herrik Briand-Kellog ituna sinatu zuten, zeinean “gerlaren erabiltzea” kondenatua zen). Baina, 1930eko hamarkadan, nazioarteko tentsioak gero eta azkarragoak bihurtu ziren, sustut Hitlerrek boterea hartu ondoren (Alemaniak eta Japoniak Nazioen Elkartea utzi zuten 1933an, Italiak 1937an, eta Sobietar Batasuna kanporatua izan zen 1939an),eta Nazioen Elkarteak ezin izan zuen mundu gerla berri bat saihestu. Bigarren mundu gerla hasi zelarik, Nazioen Elkarteak bere sinesgarritasun guzia galdu zuen. Herrien helburua gerla irabaztea zen orain baina, testuinguru ilun horretan ere, gerlaren biharamunari pentsatzen zen.


“Nazio Batuak”

1941eko agorrilaren 14an, Roosevelt, Estatu Batuetako presidenteak, eta Churchill, Britainia Handiko lehen ministroak, Atlantiko Karta sinatu zuten. Estatu Batuak ez ziren oraino gerlan sartuak baina jada, haien britainiar aliatuarekin, gerlaren biharamunari pentsatzen zuten, bake unibertsalaren ametsa berpiztuz. Bi agintariek “munduko nazio guziek bortizkeriaren erabiltzeari uko egin beharko” dutela idatzi zuten eta “segurtasun sistema orokor eta iraunkor baten ezarpena” defendatu zuten. “Nazio Batuak” esaera (iduriz Roosevelt-ek asmatu zuena) 1942ko urtarrilaren 1ean, lehen aldikoz, erabilia izan zen. Hilabete bat hartan Estatu Batuak gerlan sartuak zirela japoniar erasoaren ondotik Pearl Harborren, Washingtonen 26 Estatu aliatuek, Japonia eta Alemaniaren kontra gerlan zeudenak, “Nazio Batuen deklarazioa” sinatu zuten. Ez zen oraino engaiamendu bat bakearen alde, alderantziz, deklarazio horren helburua gerla osoan engaiatzea baitzen Alemania, Japonia eta Italiarren kontra, garaipena arte eta bake bereizirik gabe. Baina, haien lehen garaipenekin, Aliatuek gerlaren biharamuna asmatzen hasi ziren. 1943ko abenduan, Txina, Estatu Batuak, Sobietar Batasuna eta Erresuma Batua “nazioaterko erakunde” baten alde engaiatu ziren, bi helburu ukanen zituena, “bakea eta nazioarteko segurtasuna”, eta 1944ko urrian, Dumbarton Oaks-eko konferentzian, Washingtonen, “Nazio Batuen Kartaren” lehen zirrimarra asmatu zuten.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3804. zbk

Gure Hitza | 2025/10/09

Izadia su eta gar

Jean-Louis Harignordoquy


Aurten aldi bat gehiago, izigarriko suteak pairatu dituzte Frantziako hego ekialdean eta Espainiako iparraldean. Berri emaileek ziotenaz, ezin bentzutuenak Espainiakoak izan dira. Telebistatik ikusi ditugu bereziki Zamora eskualdeko irudi nigar egingarriak: herri osoak hustera eta azienden urruntzera behartuak, milaka hektarea oihan eta larre zipilduak, etxeak eta herritarren funtsak kiskaliak, keak kutsatu aireak eta bero itogarriak eragin egoera ezin jasana.

Espainiako arazo hori bertze eskualdetakoei juntatuz, zorigaitzez airea, lurra eta itsasoa gehiago berotuz doatzi. Nolaz gertatzen dira honelako sute erraldoiak? Ez arrazoi bakar batengatik! Erran gabe doa, lehen lehenik idorteak fagoratzen dituela. Halere badakigu sua ez dela bera pizten. Baditaike aire gaixtoa erortzea eta hartarik garrak hedatzea. Noiz behinka, laborarien tresnetarik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016