Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Urriaren 09a

Franck Thilliez - Ganer hustea igandean - Selauru hustea larunbatean - Bi antzerki asteburuan - Karpa arrantza lehiaketa, asteburuan - Buruileko sortze eta heriotzeak - Herriko bozeri begira - Hats Berriren prentsaurrekoa - Herriko kontseiluan

Franck Thilliez idazlea liburuak izenpetzen Larrekon
Franck%20Thilliez%20idazlea%20liburuak%20izenpetzen%20Larrekon

Franck Thilliez

Franck Thilliez idazleak agerraldi interesgarria egin zuen Larreko kulturgunean. Liburu zenbait izenpetu zituen.

Ganer hustea igandean

Urriaren 12an, Kattalin Elizalde Ikastegiak antolatzen du, kolegioaren aterpean selauru hustea. Deneri zabaldua, saltzaileek izena eman behar dute beren lekua atxikitzeko (15€), deitu lehenbailehen: 06-77-83-35-41era.Betiko janari eta edariak lekuan bertan. Karia hortaz baliaturik, pizza salmenten banaketak eginen dira (10:30-13:30), bistan dena hauek aitzinetik manatuak baitziren.

Selauru hustea larunbatean

Bat bestearen ondotik heldu zauzkigu ganer husteak, urriaren 11n (9:00-18:00) hau aldiz Ibarrungo pilota plazan. Karrika eskolako Krakada elkarteak antolatzen du, hemen ere jateko eta edatekoak tokian bertan.

Bi antzerki asteburuan

Larreko kulturgunea, ostiral eta igandean antzerkilarien toki bilakatuko da, Axut kolektiboa eta Euskal Elkargoak antolatu ikuskizunekin. Hauen biendako iraupen bertsua dute oren bat eta laurden inguru, 14 urtez goitikoentzat, prezio osoa 12€, murriztua 8€, erreserba: helloasso.com/associations/axut, xehetasun guziak: info@axut.eus. Urriaren 10ean, ostiralez (20:30) "NON SOLUM" Sergi Lopez-ekin, denen ikusmina merezi luke katalanez emana den obrak, euskarazko gainidatziekin. Urriaren 12an, igande arratsaldean (17:00), “Miñan”, Ibrahima Balderen bizitzaren kronika aipu du antzezlan honek, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa eta Artedramak antzerkira egokitua. Aktore ezagunak taula gainean, Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihera Irazusta eta Mikel Kaye. Immigrazioaren problemak ez gaitu axolagabe uzten ahal, on da errealitate gordina ezagutzea.

Karpa arrantza lehiaketa, asteburuan

Senpereko aintziran, arrain mota huntarik delakoan ugari, AAPPMA arrantza elkarteak antolatzen du"Nicolas Brasserie" txapelketa. Urriaren 11 larunbatean (8:30-19:00), igandean (8:30-12:30) taldeka edo bakarka, sari anitz irabazteko, ogitarteko eta edariak eskainiak. Herri Urratseko ibilbidea libro izanen da oinezkoendako, aldiz galdegina da xakurrak estekan atxikitzea. Bertzalde ekitaldia denboran, mainatzea debekatua izanen da.

Buruileko sortze eta heriotzeak

Horra zer seinalatua izan zaukun Herriko Etxetik. Sortze bat: Gilet Nouret Nahé, heriotzetan: Sabarots André 86 urte, Piat Danièle sortzez Giros 90 urte eta Sahouret Jérôme urterekin. Dolumin beroenak hil hauen familia eta adixkideei.

Herriko bozeri begira

Joan den astean hitza eman diogu Elgarrekin Senperentzat taldeari, Céline Piva zerrendaburu berriari eta Dominique Idiart aitzinekoari. Geroztik jakin berri dugu, hedabideenganik Bernard Elhorga gaurko auzapeza eta Hats BerriChristohe Jaureguyren taldea prest direla datorren martxoko bozeri buruz. Erronka handi bat gainditzea gelditzen zaie, herriaren zorrak 5 milioi eurokoak direlakoz. Jaureguyk dioenaz, senpertarrek indar berezia egin beharko dute finantzak bermatzeko gisan, ez baitago bertze aukerarik. Alabainan inbertsio dosierrek aitzin lana asko galdegiten dute, hortarako prest agertzen dira, salatuz Elhorgaren taldeak eginiko milioi bateko mailegua, finantzaketak bilatzeko orde. Oraingoz Bernard Elhorgak ez du azalpenik eman, bertzalde aipu da hunen zerrendatik kanporatu den Jean Bernard Dolosor-ek munta lezakeela 4. zerrenda bat, urte hondarra aitzin.

Hats Berriren prentsaurrekoa

Urriaren 1ean, Hats Berri taldeak prentsaurrekoa eman zuen 2026ko martxoko herriko bozetan hautagai izatea deliberatu baitu. 28 eta 69 urte arteko 31 hautagaiek osatzen dute taldea, 15 emazte eta 16 gizon belaunaldi eta gizarte baita lan eremu guzien ordezkari direnak. Beren xedeak argi dituzte: “gure eskumenak denen zerbitzura jartzea, eraginkortasuna, justizia soziala eta etorkizuneko ikuspegia uztartzen dituen proiektua eramateko”. Etorkizuneko programaren lehentasunezko ardatz nagusietan, “senpertarrengandik hurbilago den Herriko Etxe bat izan”, “bizi ingurumena hobetu”, “guziendako bizitegi eskuratze bat”, “laborariak eta tokiko laborantza sustengatu”, “trantsizio ekologiko konkretua kausitu”, “susperraldi ekonomikora heldu” eta “belaunaldien arteko lotura soziala indartu” agertzen dira.

Herriko kontseiluan

Larriki aipatzeko, eztabaidatu izan den kezka handiena izan da herriko finantzen egoera. Auzapezak aitortu du kontseilutik kanpo,"egoera hauskor batetik pasatu dela arranguratzeko batera". Orokorki diru sarrerak apalduz doatzi, ondorioz zonbait prezio goratuak izan dira, Larreko sarrerak, eskolako kantina, Karrikarteko alokairuak bertzeak bertze. Dudarik gabe, datorren herriko hautetsietako gaietan, minberatsuena agertuko da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3804. zbk

Gure Hitza | 2025/10/09

Izadia su eta gar

Jean-Louis Harignordoquy


Aurten aldi bat gehiago, izigarriko suteak pairatu dituzte Frantziako hego ekialdean eta Espainiako iparraldean. Berri emaileek ziotenaz, ezin bentzutuenak Espainiakoak izan dira. Telebistatik ikusi ditugu bereziki Zamora eskualdeko irudi nigar egingarriak: herri osoak hustera eta azienden urruntzera behartuak, milaka hektarea oihan eta larre zipilduak, etxeak eta herritarren funtsak kiskaliak, keak kutsatu aireak eta bero itogarriak eragin egoera ezin jasana.

Espainiako arazo hori bertze eskualdetakoei juntatuz, zorigaitzez airea, lurra eta itsasoa gehiago berotuz doatzi. Nolaz gertatzen dira honelako sute erraldoiak? Ez arrazoi bakar batengatik! Erran gabe doa, lehen lehenik idorteak fagoratzen dituela. Halere badakigu sua ez dela bera pizten. Baditaike aire gaixtoa erortzea eta hartarik garrak hedatzea. Noiz behinka, laborarien tresnetarik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016