Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Urriaren 09a

Bi sortze - Gandaramendia etxea erre da - Aitzinetik milesker! - Aiherra-Antzuola egunaren programa

Palestinar banderaren afixa Herriko Etxeko sartzean
Palestinar%20banderaren%20afixa%20Herriko%20Etxeko%20sartzean

Bi sortze

Uztailaren 24an, Maika Irigaray eta Pierre Larruek ongietorria egin zioten Ekhi beren lehen haurño eta semeari. Familia gaztea bikoteak eraiki berria duen Mendigarai etxean bizi da.

Buruilaren 28an, Unai Mariluz-Bide sortu zen Laura Bide eta Patrick Mariluzen familian. Anai Artean bizi dira.

Goresmenak aitama uroseri eta agiantza zoriontsuenak bi sortu berri haueri.

Gandaramendia etxea erre da

Biziki fite hedatu den berria izan da, gure herrian joan den astearte arratsalde apalean gertatua. Ke beltza urrunetik ikus zitekeen, Aiherratik Izturitzerako bidean den Erketa auzoaldean. Auzoek hastapenean beren bost eginahalak eginik Gandaramendikoen laguntzeko, hogeita bost bat suhiltzailek parte hartu dute sute horren kontrako borrokan, baina hauek jin zirenean, Gadaramendia etxea deia sutan zen. Etxe huntan 3 bizitegi daude, eta hor bizi ziren amatxi, semea eta errena eta gazteak. Etxea suntsitu da, haatik laborantxako tresneria guzia, aterbeak eta kabalak salbatuak izan dira, bai eta etxe ondoko lehengo borda, hau bizitegi bihurtua. Anartean, Gandaramendia etxea berriz eraiki artean, hor biziko dira.

Gandaramendikoek dena galdu baitute, izigarriko elkartasuna sortu da herrian, astearte arratsean berean herritarrei eta adiskideei Herriko Etxeak laguntza-galdea igorriz lehen beharretakoen biltzeko xedez. Bilketa arrakastatsua izan da, eta Herriko Etxeak jakinarazi du bururatua dela.

Haatik, hemendik goiti Gandaramendiko familiaren laguntzeko parte hartzen ahal da ondoko lotura klikatuz:https://www.leetchi.com/fr/c/gandaramendia-1948105, edo ekarpena (txekez edo diruz) Herriko Etxeko gutun ontzian utziz.

Aitzinetik milesker!


Palestinar bandera Herriko Etxean

Joan den buruilaren 23an, Emmanuel Macron lehendakariak eta beste 9 estatuko ordezkariek Palestina estatuaren aldeko deia ofiziala egin zuten Nazio Batuetan, jadanik gisa bereko deia egin zuten 148 estaturen ondoan. Ondoko egunetan Aiherrako Herriko Etxeak Palestinako banderaren afixa lotu zuen elkartasun sinbolo gisa.


Aiherra-Antzuola egunaren programa

Badu orain 41 urte Aiherra eta Antzuola herrien artean harreman bereziak badirela. Joan den urtean ospe handitan adiskidetasun hau bi herrietan iraganik, aurten Aiherraren aldi da mugaz gaineko Antzuola herri lagunaren errezibitzea, urriaren 18an larunbatarekin.

Huna nola iraganen den aurtengo elkarretaratzea: antzuolarrei ongietorria (10:00) Sasiko Eñaut Elosegiren garagardotegian, Apairin, ondotik (11:30) Xalbat Seosse-Oxarangok kudeatzen duen Eragin Fabrikaren bisita, eta aperitifa eta bazkari alaitua (13:30) Gozategia jatetxean. Izenak Herriko Etxean eman behar dira urriaren 15a aitzin, Herriko Etxea deituz (05-59-29-64-02) edo mail bat igorriz (mairie@ayherre.fr).

Bazkaria Txitxirioak txarangak du alaituko. Bazkariaren prezioa 25€.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3804. zbk

Gure Hitza | 2025/10/09

Izadia su eta gar

Jean-Louis Harignordoquy


Aurten aldi bat gehiago, izigarriko suteak pairatu dituzte Frantziako hego ekialdean eta Espainiako iparraldean. Berri emaileek ziotenaz, ezin bentzutuenak Espainiakoak izan dira. Telebistatik ikusi ditugu bereziki Zamora eskualdeko irudi nigar egingarriak: herri osoak hustera eta azienden urruntzera behartuak, milaka hektarea oihan eta larre zipilduak, etxeak eta herritarren funtsak kiskaliak, keak kutsatu aireak eta bero itogarriak eragin egoera ezin jasana.

Espainiako arazo hori bertze eskualdetakoei juntatuz, zorigaitzez airea, lurra eta itsasoa gehiago berotuz doatzi. Nolaz gertatzen dira honelako sute erraldoiak? Ez arrazoi bakar batengatik! Erran gabe doa, lehen lehenik idorteak fagoratzen dituela. Halere badakigu sua ez dela bera pizten. Baditaike aire gaixtoa erortzea eta hartarik garrak hedatzea. Noiz behinka, laborarien tresnetarik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016