Gure Hitza | 2026ko Martxoaren 26a
Euskara gurea
Peio Jorajuria
“Lekukoa hartu eta segi aurrera” zuen idazten duela bi aste hemen berean Ainhoa Etcheniquek. Korrikaz mintzo zen. Hain zuzen Korrika arras ederki iragan zaigu Ipar Euskal Herrian, euskaltzale suharrek lekukoa harturik, egunaz eta gauaz, gure euskara maiteari hemendik aitzina ere bizia segurtatzeko xedez. Dituen traba guziengatik, euskarak baitu zinez denen beharra bizirauteko. Gutarik andana batek gauaz kurritu izan behar dugu gure herrietan. Gauazko lasterraldi horrek ere badu bere grazia, aro onarekin egiten delarik segurik, aurten hala gertatu den bezala. Eta frutxo! Gure herrian segurik baginen, gau betean izanik ere, korrikari multxo ederra bildua, buru-bihotzak beroenean genituela. Egia erran, adin bateko batzuk aski irrigarriak gintezkeen: belaunak herdoilduak, bizkarra ukurtua, hatsa labur eta eztula merke. Baina gure urratsa gogo onez bete dugu.
Abiatze bikaina ukan du Korrikak Atharratzetik, plazak, karrikak eta ostatuak milaka lagunez brokaturik, “Euskara gara” lemapean. Uztaritzeko pareta batean hauxe idatzia omen da: “Gure gura garatuz gure geroa gara”. Erran nahi baita gure nahikaria deliberatuki hedatzen badugu, gure geroari bide eginen diogu. Halaber euskarari. Korrikaren antolatzaile den AEK-k aurtengo ikasturtean 36.000 ikasle baditu Euskal Herri osoan. Pentsa beraz dituen beharrak zein diren handiak! Eta Korrikak indarberritzen du euskararen aldeko ezinbesteko bidea. Abiatze bikaina ukan duela Korrikak Zuberoan, ez dugu dudarik heldu den igandean bururapen bikaina ere ukanen duela Bizkaiko hiri nagusian, Bilbon, mundu bat harat bilduko baita besta giro ederrenean.
Lekukoa hartu dute ere beren herriaren kudeaketan engaiatu diren hautetsi talde berrituek. Euskararentzat bezala, bide korapilatsua bilakatua da herriko giderren atxikitze hori, buru hauste frangorekin. Eta, besteak beste, hautagai asko boz kanpaina denboran euskararen alde agertu dira, baina badakigu alde agertzetik zinez sostengatzerainoko ozka handia izan daitekeela. “Euskara gara” erran-moldeak badu indar, “euskara badakigu” edo “euskara lagundu nahi dugu” baino askoz gehiago. “Euskara gara” horrek seinalatzen du euskararekin zinez bat egiten dugula, gure buru-gorputzen ezinbesteko zatia dela euskara. Baina ezagutzen ditugu jendeak metaka, hautetsi eta beste, euskararen sostengatzaile suhar deklaratzen direnak baina kasik beti erdaraz mintzo direnak, euskararen kaltetan. Ea ba gauzak aldatzen diren!




