Euskal diaspora | 2026ko Martxoaren 26a
Korrika segitzen, euskal irakurle kluba Munichen... eta Jeanne Nalda Micheo urepeldarra
Joseba Etxarri
MEXIKO HIRIA. Indar biziz segitzen du munduko hainbat lekutan Korrika 24k. Aste huntan, Renon, Bahia Blancan, Boisen, New Yorken, Txileko Santiagon, Mexiko Hirian, Salt Lake Cityn, Londresen, Valentzian, Bostonen, Quebec Hirian, Mallorcan, Barranquillan-eta ibiliko dira bertako euskaldun eta euskaltzaleak euskararen alde korrika, heien komunitateetan “hemen gira” erranik, eta “gure hizkuntza dugun euskara” aldarrikaturik, heien artean hainbat euskara ikasle izanik. Antolatu diren ekitaldien artean, Mexikokoa hautatu dugu azpimarratzeko: Korrika Kulturalean, aste huntan lau film eskainiko dituzte Euskal Etxean, bana astearte, asteazken, ostegun eta ostiralean, euskaraz, azpitituluz gaztelaniaz —“Azken Erromantikoak”, “Faisaien irla”, “Gaua” eta “Maspalomas”— patata tortila pintxo bat eta tragoa lagun, eta ebiakoitzean Korrika eginen dute hiriko karriketan. Lehenago, Korrika Maia egin zuten Cancunen, Maia hizkuntza eta maien kosmobisioari buruzko hitzaldia ere antolaturik karriketan korritzearekin batera.
MUNICH. Aitzina segitzen du Alemanian Munich-eko Euskal Irakurle Klubak, euskal eleberri eta liburuak irakurtu eta mintzagai harturik. Heldu den saioa aste huntan dute, Irati Elorrietaren “Neguko argiak” solasgai, idazlea bera bertaratuta, Jon Iraola koordinatzaileak gomitaturik, Berlinen kokatu eleberri koral hau, ahots, oroitzapen eta agurrekin betea, komentatzeko eta iritziak partekatzeko Munichen bizi diren irakurle euskaldunekin. Saioa, hiriko Cervantes Institutuan eginen, Municheko Euskal Etxea lagun.
BUENOS AIRES. Euskara eskolak emanen ditu apirilean hasirik Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak, Marcos Tedin gazte argentinar zinez euskaldundua irakasle. Ostegun oroz izanen da, Aste Saindu ondoren, apirilaren 9an hasirik, bertatik bertara eta online. Interesatuek ibaiak@hotmail.com-era idazten ahal dute edo 11-37-84-53-70 zenbakiaren bidez kontaktatu.
EUSKAL ARGENTINA. Argentina eta Amerikako Hego Konoarekiko euskal diasporaz, Monika Legarto buru, okupatzen den Euskal Argentina elkarteak apirilaren 4an eginen du 2026ko bere Urteko Biltzar Nagusia, Baxenabarreko Lekunberrin, eta ondotik ohiko ahaidetasun bazkaria.
GARDNERVILLE. Sarri ari gira aspaldi huntan aipatzen euskal historia handikoa den Nevadako herri hau. Duela guti, hitzaldia eman zuen bertako Museoan Etienne Lekumberry gazte gardnervilletar euskaldunak. Gaurkoan, herriko historian lan emankorra egin zuen emazte bat azpimarratu eta omenduko dute, “Douglas County Historical Societry”-koek “Emazteak Historian” proiektuan. Jeanne Nalda Micheo da, 1901ean Urepelen sortu eta 17 urtetan emigratua Nevadara. Joe Micheo donamariarrarekin ezkondua, Gardnervilleko French Hotel euskal ostatua kudeatu zuen hamar urtez eta 1937tik goiti Pyrenées. 1972an erretreta hartu eta 1988an hil zen. Ohore berari, amerikar euskalduna!





