Orotarik | 2026ko Martxoaren 26a
Kukumarro
Xarles Videgain
Basandere eta basajaun (2/2)
(Joan den astekoaren segida).
Beti adarrengatik araiz, nonbait Arabako zezena edo Arabako idia deitzen da. Frantziako leku batzuetan “taureau” deitzen zuten delako basajauna. Eta Galizian behia aipatzen du hango izenak: “vacaloura” edo “escornabacas”.
Lehenago erran dut jendeen izena hartzen ahal zuela. Konparazione Atxitxa mendixetako, Attittemendiko. Mendi hitzak basa dela, basoan eta oihanean bizi dela salatzen du, Basajaun izenak bezala. Eta Attittek segurki errespetua hartzen du familiako zaharrena baita. Egia erran gure Basajaun intsektuak halako bortxa ezartzen du.
Beltz beltza edo iluna da basajauna eta ez da harritzeko ematen dioten ofizio baten izena: ikazkin mozorro. Beste mintzaira batzuetan aipatzen da ikazkin honek supazterretik hartu suhazia sabaiko lastora eramaten omen duela eta etxea erratzen dela. Edota dabilen etxean aidegaixtoa erorarazten omen du ikazkin honek. Euskal munduan ez dut halakorik entzun bainan kasu ikazkinari. Bereziki mozorrotua balin bada.
Jende izenak hartzen ahal ditu. Martinadarretako deitzen da edo Martingaritako (garia ogi landarea da). Garia balin bada, interesgarria da zeren eta Martin baita gariaren edo ogiaren segeretua Basajaunari edo deabruari ebatsi ziona gure onerako. Eta Mendibe edo Behorlegiko ipuin batean badakigu mutil bat janen zuela Basajaunak mutil honek bere biloen artean ez balitu izan gari edo ogi bihi batzu.
Beti izenetan, Peruberri deitzen da: Peru gure Pettiri da. Oroitarazten dut istorio zahar baten arabera gizonek ez zutela lanik egiten egurraren biltzeko, orduan arbolak berak jiten ziren etxe aitzinera egur gisa moztuak izateko, baina egun batez Peru aharratu zen arbolen kontra eta geroztik arbolak ez dira beren baitarik etortzen guregana. Orduan arbolak ibiltzen ahal ziren. Ohartarazten dut Peruberri izena ematen zaiola preseski haritza jaten duen intsektuari.
Jaun edo andere izanik, erran gabe doa gure Basajaun hori ez dela nornahi. Hortakotz, nonbait Ezkurreko alkate deitzen dute (araiz Ezkurran ez).
Basajaun hitza bildu dut beraz Zuberoan (Domintxainen, Pagolan, Hokin), Beskoitzen, Armendaritzen, Arbotin, Jutsin, eremu ttipi batean beraz. Hiztegietan ez da ekartzen.
Azken izena bildu nuen Pagolan Caset andereak erranik eta badu trufa aire bat. Nonbait Basajauna bizkaieraz ilunezkile, ilunezkila deitzen da. Berehala konprenitu nuen zergatik ezkila eta ilunabarra badauden izen honetan. Ene haur denboran Baionako fortifikazionetan Basajaun hori bazen ibilki eta iluntzean biziki ongi entzuten genuen honek egiten zuen azantza eta zarata. Haurren artean Basajauna gabe helikopteroa deitzen genuen. Bizkaierazko ilunezkile hitzak eliza gogorarazten du, joaire hitzak ez bezala. Pagolan horra zer dioten: auzoan duten Urdiñarbe herrian Lambarre kartierra bada, ahoz Lamba deitzen dena. Kartier horrek ez du elizarik eta prefosta ez ezkilarik. Zer asmatu dute Pagolan? Delako basajauna Lanbako angelusa, Lambarreko angelusa, deitzen dute ezen angelusaren jotzeko Basajauna baizik ez baitago. Alta giristino kartsua ez omen da. Bitxi da Basajauna erlisionearekin lotzea ezen beste ipuin batean Basajauna geldiarazteko behar da ezkila jo, hala nola Salbatoreko kaperan.
Baionako poterenetan nindabilen lekuan, katedraletik ez urrun, Herriko Etxeak ezarri berri du Basajaun handi bat haurren jolasarazteko. Basajaun hori Iratiko pertsonaia da, ez da gure intsektua. Baina Jose Maria Satrustegik bildu zuen ondoko istorioa. Bortuan Basajaunak neskatila bat bildu zuen eta baliatu. Esperantzetan zen neska. Baigorriko zubitik gizon batek ikusi zuen arbola trunko bat uretan igaiten eta trunkotik intziriak entzun zituen. Zer ote zen ikustera joan eta ohartu zen emazte gazte bat hiltzen ari zena bazela trunkoaren barnean eta haren ondoan haur sortu berria. Haurra salbatu eta hazi zuten. Mutiko hori handitu zenean, Baionako apezpiku egin zen Basajaunaren eta neskatilaren seme hori.
Horra ene Basajaun eta Basandere ttipi handi hegaldun honek dituzten izenak, Iratiko Basajaun eta Basandere ahantzi gabe.







