Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Martxoaren 26a
Iparra-Hegoaren bilana - Iparra-Hegoaren zozketa - Korrika - Zerrikume jate animatua Oletan - Afrikako dantza ikastaroa - Organo kontzertuak - Herriko bozak - Urruñarrak Pilotaren denda
Iparra-Hegoaren bilana
Aurtengo Iparra-Hegoak jende anitz erakarri du Urruñan eta Seguran antolatu kultur ekitaldietara. Aurtengoan, kultur ekimen honen sortzaileetako bat izan zen Erramun Amundarain zendu berria omendu dute. Bazkari-afari guziak jendez gainezka eta umore onez egin dituzte, Segurako karrika eta ostatuetan biziki giro ederra izan da, eta 14an, Gereziondoaren aitzinean, urte oroz egiten duten herri ekitaldia ederra eta hunkigarria izan da. Antolatzaileak poz-pozik ditugu, eta anitz urtetan aitzina egiteko indarberriturik.
Iparra-Hegoaren zozketa
Aurtengo zozketan garaile diren zenbakiak hauek ditugu: 8.564, 4.656 eta 1.222. Zorionak irabazleei!
Korrika Urruñatik 25ean pasatu zen
Hilaren 19an, ostegunez, Korrikaren 24. edizioa Zuberoako Atharratzetik abiatu zen eta orduz geroztik, Euskal Herriko bideetatik barna jarraitzen du euskal bihotzak pizten eta biziarazten. 25eko gauean (3:49) Urruñara sartu zitzaigun Azkainetik eta Oletatik barrena eta herria zeharkatu ondoren, Hendaiako bidea hartu zuen. Lekuko eramaileak hauek izan ziren gure herrian: Euroeskualdea, Hazia, Urruñarrak Pilota eta omniesports, UGA, Ikastola, Herriko Etxea, Berttoli, Iparra-Hegoa eta Bakalau elkartea. Korrikak hamaika egun eginen ditu Euskal Herrian barna, 2.175 kilometro eginez, eta 3.436 aldiz lekukoa eskuz-esku aldatuz. Hilaren 29an, igandez, Bilboko helmugara sartuko da. Bizkarrekoak Pausuko Xaia ostatuan dituzte, 6 euroren truke. Korrikaren atorrak, bizkarrekoak, kilometroak… erosi nahi badira, sartu web honetara: https://www.denda.korrika.eus/eu/.
Zerrikume jate animatua Oletan
Urtero bezala, eta Oletako Nahasiek antolaturik, apirilaren 4an, larunbatez, zerrikume jate animatua izanen da Oletako eskolako frontoian. Prezioa: 25 euro helduentzat, 12 euro 12 urtetik beheitiko haurrentzat. Bertara joateko tiketak besta komitearen lokalean izanen dira. Informazio gehiago: 06-37-46-28-40.
Afrikako dantza ikastaroa
Martxoaren 27an, ostiralez, Afrikako dantza ikastaroa izanen da herriko ikastolan (18:00-19:30), eta 10 urtetik goitikoendako. Parte hartzea: 10 euro. Izena emateko: 06-46-08-41-05.
Organo kontzertuak elizan
Euskal Herriko Organoak Kantuz kultur ekitaldiaren kari, aurten honako kontzertuak izanen dira Urruñako Jondoni Bixintxo elizan: apirilaren 26an, igandez (18:00), Coralle Amedjkane organo-jole frantsesaren kontzertua. Lully, Bach, Dupré, Philip Glass eta Jehan Alain musikarien doinuak emanen ditu. Ekainaren 14an, igandez (18:00), Gabriele Arimonti italiarrak Bossi, Puccini eta Verdiren doinuak joko ditu bere kontzertuan; eta abuztuaren 9an, igandez (18:00), Dorian Gheorgilas flauta-joleak eta Hans André Stamm organo-joleak kontzertua eskainiko dute, Mozart, Tchaikovski, Katchaturian, Stamm, Zamfir eta Balkanetako musika tradizionala joz. Sartzea: 18 euro (prezio murriztua: 14 euro). Hemezortzi urtetik beheitikoendako urririk. Informazioa: 05-59-26-92-71.
Herriko bozen lehen itzuliaren emaitzak
Hilaren 15eko lehen itzulian, Etxebarneren zerrendak 2.030 bozka atzeman zituen, hau da %36,86, Aramendiren zerrendak 1.935 bozka, hau da %35,13, eta Mignoten zerrendak 1.543 bozka, hau da %28,01.
Urruñarrak Pilotaren denda
Urruñarrak Pilota elkartearen denda zabalik da Interneten, helbide honetan: https://www.urrunarrak-pilota.com/boutique/. Aipatu dendan pilotariek beharrezkoak dituzten arropak eta materialak aurkitzen ahal dira: kirol atorrak, kirol galtzak, eskumuturrekoak, bainu-zapiak, eskuetarako kola berdea, esparatrapua…, eta prezioak ere agertzen dira. Arduradunak hauek dira: Bixente Elgart 06-43-43-62-52, Bixente Bideondo 06-78-17-93-15 eta Peio Etxeberria Senper 06-67-58-64-31.





