Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Martxoaren 26a

Herriko kontseilua - Mus - Pilota - Errugbi - Bakarrizketa

Herriko%20kontseilua%20-%20Mus%20-%20Pilota%20-%20Errugbi%20-%20Bakarrizketa

Herriko kontseilua

Herriko kontseilu berria joan den ibiakoitzean bildu da bere auzapez eta axuanten hautatzeko. Sorpresarik gabe, Antton Curutcharryk segituko du bere mera kargua. Lehen axuanta izanen da Sylvie Gouffran, bigarrena Daniel Ithurburua, hirugarren Elixabet Mortalena, laugarren Jean Paul Bibes eta bosgarren Leire Bidart. Euskal Elkargoko ordezkari Antton Curutcharry eta Elixabet Mortalena.

Mus

Frantses federazioak antolatzen duen mus txapelketan, kantonamenduko finalak Arrosako Elgenian jokatu dira joan den ortziralean. Paul Dupuy-Pantzo Hirigarai parea sailkatu da finala egun nagusira joaiteko. Hau Pazko astelehenez iraganen da Irisarrin.

Pilota

Esku-huska, buruz-buru, Euskal Herriko txapelketako finalerdiak jokatu dira Zuraideko Xilar trinketean eta hiru pilotari ginituen Zaharrer Segitik. Emaitzak:

Artekoen mailan: Eneko Eyherart (Zaharrer Segi) 40/Petti Teilagorry (Maule) 14.

Helduetan: Andoni Larre (Zaharrer Segi) 40/Unai Iribarren (Sarako Izarra) 19.

Xabi Alcasena (Zaharrer Segi) 28/Asier Aizpuru (Endaiarrak) 40.

Finalak apirilaren 4an, toki berean. Artekoetan, Eneko Eyherart ariko da Uhaldean-eko Lucas Bidart-en kontra eta Larre/Aizpuru izanen da helduen mailako lehia.

Errugbi

Federal 1-eko txapelketaren kondu, Baigorriko zelaian US Nafarroa Tulleri nagusitu zaio 37/26. Garaipen huni esker, kalifikatzen dira txapelketako kanporaketentzat.

Bakarrizketa

“Adriene Bergson-Johnson” izenburuarekin, Maryse Urruty artistak bere bakarrizketa umoretsua eskainiko dauku martxoaren 28an, ibiakoitzez, Bil Etxean (20:30). Irulegiko Irratiaren sustengu kanpaina kari. GaiaTexas-eko Adriene Bergson-Johnson enpresalariak euskal kultura salbatzeko misionea eman dako bere buruari. Mundu huntako jende handienganik eskuratu esperientziari esker, gure herria gora emaiteko kudeaketa moldeak erakatsiko dauzkigu. Izanen da mami eta irri. Ez huts egin!

Email Facebook Twitter LinkedIn

3827. zbk

Gure Hitza | 2026/03/26

Euskara gurea

Peio Jorajuria

“Lekukoa hartu eta segi aurrera” zuen idazten duela bi aste hemen berean Ainhoa Etcheniquek. Korrikaz mintzo zen. Hain zuzen Korrika arras ederki iragan zaigu Ipar Euskal Herrian, euskaltzale suharrek lekukoa harturik, egunaz eta gauaz, gure euskara maiteari hemendik aitzina ere bizia segurtatzeko xedez. Dituen traba guziengatik, euskarak baitu zinez denen beharra bizirauteko. Gutarik andana batek gauaz kurritu izan behar dugu gure herrietan. Gauazko lasterraldi horrek ere badu bere grazia, aro onarekin egiten delarik segurik, aurten hala gertatu den bezala. Eta frutxo! Gure herrian segurik baginen, gau betean izanik ere, korrikari multxo ederra bildua, buru-bihotzak beroenean genituela. Egia erran, adin bateko batzuk aski irrigarriak gintezkeen: belaunak herdoilduak, bizkarra ukurtua, hatsa labur eta eztula merke. Baina gure urratsa gogo onez bete dugu.

Abiatze bikaina ukan du Korrikak Atharratzetik, plazak, karrikak eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016