Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Martxoaren 26a

Abarratia pilota: biltzar nagusiaren ondotik - Frederic Hernandez auzapez berria - 13. Freedom for Aiherra - Korrika eta Korrika ttipi

Frederic Hernandez Aiherrako auzapez berria
Frederic%20Hernandez%20Aiherrako%20auzapez%20berria

Abarratia pilota: biltzar nagusiaren ondotik

Abarratia pilota elkartearen biltzar nagusia joan den otsailean iragan zen, Aiherrako Denen Etxean. Urtean behin proposatzen den hitzordu hunen kari, pilota arduradunak, pilotariak eta burasoak bildurik, iragan urteko harat-hunaten berri eta aurtengo proiektuen berri eman zen.

Orotara 83 bat lizentziatu dira Aiherra (32), Hazparne (19), Izturitze (12), gaineratekoak Donoztiri, Donamartiri, Bastida eta Beskoitzekoak (1) izanki: 52 esku-huskalari mutiko, eta 31 palaz ari diren andereak. Zortzi trebatzaileek segurtatzen dituzteesku-huskako entrenamenduak eta nesken trebatzaile bakarrak (Christine Etcheverry) bere tokia uzten du.

2025 urteko konduek 1.849€-ko benefizioa edo etekina uzten dute.

Emaitzen aldetik, 2025 urte aberatsa izan dela erran ditaike, 6 aldiz (Xalbat, Mattin eta Xalbat, Mikel eta Teo, Gexan eta Laurendi, Mikel, Paul) txapeldun eta aldi bat finalista (Xabi eta Mattin) izan baitira esku-huskalariak. Nesken aldetik aldiz, 2026. urtea ederki hasi dutela azpimarratua izan da. Pilota elkartearen bi ko-lehendakariek (Fred Martinon eta Frederic Berehau) segitzen dute.

Bilkura bururatu da pintxoak eta edariak parte hartzaileen artean partekatuz, betiko giro onean.

Frederic Hernandez auzapez berria

Aitzineko igandeko herriko bozen ondotik bildu zen herriko kontseilu berria, joan den ortziralean, auzapez berriaren eta axuanten izendatzeko. Bilkura horretan herriko batzordeak osatu dituzte, BIGA BAT Aiherra-Izturitzeko eskola publikoko ordezkariak hautatu,auzapezaren eta axuanten funtzioen kalte-ordainak finkatu besteak beste.

Momentu garrantzitsuena izan da, bistan da, auzapez berriaren izendatzea. Frederic Hernandez hautagai bakarra izanez, hunen proposamena edo hautagaitza aho batez denek onartu dute. Hunek hitza harturik eskertu ditu kontseilari guziak, eta batez ere orain arte 2 aldiz edo 12 urtez auzapez izan den Arño Gastambide.

Frederic Hernandezek Herriko Etxea ezagutzen du, azken 12 urteetan deia kontseilari izan baitzen, sei urtez lehen axuant kargua segurtaturik.Auzapez berriak azpimarratu du nahikari handiz lotuko delakargu berriari, azken 28 urteetan Aiherrak ekarri dionaren hein berekoa herriari ekartzea helburutzat hartuz, eta harrotasun eta ardura handiz hartzen duela kargua bere inguruan duen hautetsi talde dinamikoan finkatuz.

Orain arte bezala, segi ezazue lan egiten herriaren alde!

13. Freedom for Aiherra

Apirilaren 4an Aiherrako plazan eta herri barnean iragan beharra den Freedom for Aiherra gaualdiaren 13. edizioa prestatzen ari dira gazteak. Azken egunetan murru paretetan ezarri afixek erakusten duten bezala 4 talde ekarrarazten dituzte aurten, Dizkibolo, Xiberoots, The Locos (SKA-Pko ohiak) eta DJ Doy gaualdiaren bururatzeko.

Musikaldia edo kontzertua (21:00) tenorez hasiko da. Sartzea 15€. Ongi etorri deneri.

Korrika eta Korrika ttipi

Aurtengo Korrika arrakastatsua izan da, bai parte hartzaileen aldetik, eta bai aro aldetik. Gure herritik ere pasatu zen joan den ortzegun arratsean, Donoztiri eta Lekuinen artean kokatua den Hergaitze auzoaldetik. Besta komitekoek, Abarratia pilota batasunak, Beltzuntze elkarteak, Eskola libroak, Herriko Etxeak eta Antzuolako gazteek parte hartu dute saldo handian eta giro alaian. Haatik ez dira bakarrak izan. Eskola libroko eta eskola publikoko ikasleek ere korrika ttipi egin dute, herri erdian itzulia eginez. Herriko plazan, Eguzkilore haurtzain etxeko niniekin bildu dira, denek elkarrekin aurtengo kantua emanik eta ikasleek koreografia dantzaturik.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3827. zbk

Gure Hitza | 2026/03/26

Euskara gurea

Peio Jorajuria

“Lekukoa hartu eta segi aurrera” zuen idazten duela bi aste hemen berean Ainhoa Etcheniquek. Korrikaz mintzo zen. Hain zuzen Korrika arras ederki iragan zaigu Ipar Euskal Herrian, euskaltzale suharrek lekukoa harturik, egunaz eta gauaz, gure euskara maiteari hemendik aitzina ere bizia segurtatzeko xedez. Dituen traba guziengatik, euskarak baitu zinez denen beharra bizirauteko. Gutarik andana batek gauaz kurritu izan behar dugu gure herrietan. Gauazko lasterraldi horrek ere badu bere grazia, aro onarekin egiten delarik segurik, aurten hala gertatu den bezala. Eta frutxo! Gure herrian segurik baginen, gau betean izanik ere, korrikari multxo ederra bildua, buru-bihotzak beroenean genituela. Egia erran, adin bateko batzuk aski irrigarriak gintezkeen: belaunak herdoilduak, bizkarra ukurtua, hatsa labur eta eztula merke. Baina gure urratsa gogo onez bete dugu.

Abiatze bikaina ukan du Korrikak Atharratzetik, plazak, karrikak eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016