Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Martxoaren 26a
Hauteskundeak - Korrika - Eskolaren pesta - Haritz Barne zineman
Hauteskundeak
Aldi batez trenkatu da Hazparneko Herriko Etxeak eramanen duen taldearen hautaketa. Isabelle Pargaderen taldeak %71,48a bildu du eta 25 hautetsi ukanen ditu. Michel Ospitalek %28a bildu du eta 4 hautetsi ukanen ditu. Jakin behar da ere, 5.750 bozkatzailetarik 3.749 pertsonek bozkatu dutela (%65,2).
Kontseilu berriaren osatzeko bilkura martxoaren 20an iragan da. Hor erabaki dira hautetsi bakotxaren zereginak. Bilkura horren berri emanen dugu heldu den astean.
Korrika
Herriko eskoletako haurrekin lehenik eta helduekin gero, biziki ederki iragan da Korrikaren pesta Hazparnen ere. Jendalde handiak parte hartu du, gauaz izaiteak duen gostu berezia jastatuz. Herriko hogeita bost elkartek laster egin dute euskararen alde, ibilaldiak ordoki baino patar gehiago ukanik ere.
Eskolaren pesta
Martxoaren 28an (17:00) Santa Terexa eskola pribatuko haurrek “Lehen, orai eta gero” deitu duten ikusgarria eskainiko dute Mendeala gelan, orori idekia den emanaldi batean. Ondotik hor berean egoiten ahalko da taloak janez eta hurrupaldia edanez.
Haritz Barne zineman
“Indarkeriaren oi(h)artzunak”: martxoaren 26an ostegunez (20:30), Ander Iriarte eta Merino Untzuetaren dokumentarioa. “ETAk bere familia bahitu eta espainiar estatuak aita torturapean hil eta, berrogei urte berantago Tamara Muruetagoienak egia eta justizia nahi ditu eta bere familiaren tragedia kondatzen du. Memoria zaintzea eta elgarrizketa erabiliz gatazkak konpontzea dira dokumentario hunen helburuak.”
“Akelarre, marearen kontra”: martxoaren 27an (20:30), Carlos Iglesias Serrano eta Xabier Zabala Aguirrezabalen dokumentarioa. “Akelarre taldea 70. hamarkadan sortu zen. Taldearen errepertorioa osoki euskaraz zen eta rock musika egiten zuten. Hogei urte berantago haien ibilmoldearen kondaketa egiten digute.” Patrice Dumora “Watson” hor izanen da. Hau Juan Paquito, Gazteok eta Akelarre taldeen partaide izan da.





