Gogoa hazi | 2026ko Martxoaren 26a

Gazteen osagarri mentala (III)

Peio Ospital


Segitzen dugu Cyril Tarquinio psikologo eta psikoterapeutak argitaratu liburuaren irakurketa (“Génération à vif” - Ed. Dunod), sare sozialen eragina aipatuz.

Ikusgarri bilakatzea, gazteenentzat bereziki, bizi-baldintza bilakatu da. Gizabanakoak bere burua definitzen du ikusterat emaiten duenaren arabera. Ezagupen soziala ez da soilik eskola, lan, familia edo lagunenganik pasatzen, baina plataforma digitaletan etengabe ikusia izaitetik. Gisa hortan, heldu gazteak beren zinezko nortasuna bigarren mailan gelditzen den prozesu batean gertatzen dira. Rol sozial batean proiektatzen dira, non argitalpen bakoitza performantzia bat bilakatzen den eta interakzio digital bakoitza onespen bilaketa. Proiektatu irudiaren eta barneko errealitatearen arteko bereizketa horrek gatazka psikikoa sortzen du, haien oreka mentala sakonki higatzen duena. Batzuek neke existentzial berri salatzen dute: sekula “maska ezin utzia”-ren akidura, intimitatean ere.

Fenomeno kultural hori eredu ekonomiko batek bultzatzen du hein handi batean, non identitateen hauskortasuna irabazi estrategia bilakatzen den. Edertasunaren, modaren eta teknologiaren industriek bat egiten dute proiektu berean: kontsumora bultzatzen duen asegabetasun kroniko hori sortzea eta mantentzea. Bere buruaren erakusketa iraunkor hortan oinarritzen diren plataformek, hor aurkitzen dute mozkin iturri handia.

Errealitate horren aitzinean, ez gaitezke konformatu gazteen larriduraren aitzinean hasperenka aritzearekin, saihetsezina balitz bezala, belaunaldi hauskorra besterik ez balira bezala, buru egiteko gai ez balira bezala. Gazte horiek ez dira ahulak. Utzi diotegun mundua da desabegitsu bihurtu dena. Existitzea bera aski den mundu bat ez da nahikoa. Ohiz kanpoko izan behar dute, distiratu, liluratu, perfekzioa lortu, sekula hutsik egin gabe.

Ordu da mirail hori apurtzeko, itsutzen dituen argi urdin triste hori une batez itzaltzeko, egiazko esku bat luzatzeko, azken batean, nihon aurkitzen ez duten segurtasunez erraiteko: “Existitzen zira, eta hori bera aski da”. Dena espektakulu den mundu batean, beharbada zinezko erresistentzia-ekintza litaike itzalean, argigailuetarik urrun, irudiak identitatea diktatzeari uzten dion tokian, berriz existitzen ikastea. Ez ihes egin, baina baztertu. Ez desagertu, baina dena irensten duen begi jaleari ihes egin, izakia erakusleiho, martxandiza, kontsumitu beharreko produktu batera mugatzen duen begiari. Zinezko kemena ez da argien azpian distiratzea, baina ezabatzera ausartzea, ausentzia ausartzea. Hiper ikusgarritasunak esklabo bihurtzen duen mundu hontan, itzala ez da mehatxu bat, bainan bai askapen bat. Berreskuratu beharreko lurralde bat.

Zentzu hortan, Cyril Tarquinio psikoterapeutak erresistentzia molde berriak azaleratzen ikusten ditu: egiazkotasunaren grinaz, beraien presentzia numerikoa errotik mugatzea erabakitzen duten gazteetan; gorputza ez gehiago performantzia objektu gisa baina esperientzia partekatuko garraiatzaile diren topagune fisikoak berrasmatzen dituzten taldeetan... Ekimen horiek, gutti badira gutti, irudiarekiko eta ikusgarritasunarekiko erlazio orekatuago baten inguruak marrazten dituzte beharbada. Gizarte mailan, plataforma digitalen erregulazio zorrotzagoa ere beharrezkoa da.

Irakurketa honekin segituko dugu ondoko artikuluetan.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3827. zbk

Gure Hitza | 2026/03/26

Euskara gurea

Peio Jorajuria

“Lekukoa hartu eta segi aurrera” zuen idazten duela bi aste hemen berean Ainhoa Etcheniquek. Korrikaz mintzo zen. Hain zuzen Korrika arras ederki iragan zaigu Ipar Euskal Herrian, euskaltzale suharrek lekukoa harturik, egunaz eta gauaz, gure euskara maiteari hemendik aitzina ere bizia segurtatzeko xedez. Dituen traba guziengatik, euskarak baitu zinez denen beharra bizirauteko. Gutarik andana batek gauaz kurritu izan behar dugu gure herrietan. Gauazko lasterraldi horrek ere badu bere grazia, aro onarekin egiten delarik segurik, aurten hala gertatu den bezala. Eta frutxo! Gure herrian segurik baginen, gau betean izanik ere, korrikari multxo ederra bildua, buru-bihotzak beroenean genituela. Egia erran, adin bateko batzuk aski irrigarriak gintezkeen: belaunak herdoilduak, bizkarra ukurtua, hatsa labur eta eztula merke. Baina gure urratsa gogo onez bete dugu.

Abiatze bikaina ukan du Korrikak Atharratzetik, plazak, karrikak eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016