Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2026ko Martxoaren 26a
Korrika - Izturitzeko Artetxean - Herriko bozak
Korrika
Joan den ostegunean, Artetxea elkarteak, Herriko Etxeak Erberua batasunarekin, Arberoako joaldunek eta Arberoa ikastolak hartuak zituzten kilometroetan anitz herritarrek parte hartu zuten. Batzuk Atharratzetik abiatzean han ziren eta hemendik Hazparne alderat eta urrunago segitu zuten. Euskararen aldeko kar hori ez dadila hortan gelditu!
Izturitzeko Artetxean
Apirilaren 3an ostiralez (20:30) “Etxaldeen desagertzea, zergatik transmisioa hain zaila da?” gai garrantzitsu hortaz argitua izaiteko parada izanen da, mintzaldi eta lekukotasunekin. Animazioa Pantxika Maitia eta Antton Castoreorekin euskaraz, bapateko itzulpenarekin. Izturitzeko merkatuko laborariek antolatua da. Ekoizleen merkatua izanen da ere (18:00-20:00) eta pintxoak. Laborari izan edo ez, denek badugu gai hortaz argitua izaitearen beharra. Ez huts egin.
Herriko bozak
Huna martxoaren 15eko hauteskundeen ondorioak. Bozkatzen ahal zutenak: 340 (2020an 329), bozkazaleak: 241 (2020an 255), xuri: 24, bali: 207 (2020an 250). Hautatuak izan diren 7 emazte eta 8 gizonak: Frédéric Camou, Gérard Barnetche, Myriam Gourgues, Ludovic Lacroix, Virginie Legarto, Eric Mimiague, Nathalie Etchegoyen, Manon Rochais, Gilles Haran orain arte barne zirenak, David Etchemendy, Maritxu Charriton Rivière, Jon Etchart, Bixente Haramboure, Maritxu Haramboure, Nadine Solé, sei berrirekin. Joan den ostiral arratseko bilkuran Frédéric Camou berriz auzapez izendatu dute eta auzapezordeak hautatu: 1. Eric Mimiague, herriko eraikin eta bideetaz arduratuko dena, 2. Virginie Legarto, eskola eta gizarte saileko ardurak ukanen dituena, 3. Gilles Haran, diruaren kudeaketa segituko duena, elkarteekilako harremana ere beregain izanen delarik.
Gilles Haran berriz izendatua da ere Euskal Elkargoan herriaren ordezkatzeko.





