Ba ote dakixu? | 2026ko Martxoaren 26a
Jules Durand afera edo “pobrearen Dreyfus afera” (½)
Gilen Bacho
2026ko otsailaren 20an, Le Havreko biztanle, hautetsi eta portuko zamaketariak elkartu ziren “Dreyfus langilea”-ren memoria ospatzeko. Duela ehun urte, 1926an, Jules Durand hil zen, anonimotasun osoan. “Dreyfus langilea” deitua izan zen, Alfred Dreyfus bezala injustizia handia bizi ukan baitzuen. Ber maneraz, langilea baitzen, bere afera “pobrearen Dreyfus afera” deitua izan zen.
Ikazkinen sindikatuko liderra
1900ean, 20 urterekin, Jules Durand Le Havreko biltegi eta kaiko biltegien konpainian (kasik 1000 langile zituen enpresa) sartu zen langile gisa, baina, 1908an, greba batean engaiatu ondoan, kanporatua izan zen. Berehala, ikazkin (itsasontzietatik ikatza deskargatzen eta zakuetan ezartzen zuten langileak) bilakatu zen, Transatlantiko Konpainia orokorrean (“La Transat” deitua). Iraultzaile sindikalista (anarkista beharbada baina ez da segur), humanista (giza eskubideen ligako kide zen, 1898an sortutako Liga, Dreyfus aferaren denboran), Populuaren Etxean entzule, alkoholismoaren kontrako militantea (bere lankideek “ur edale” izengoitiaeman zioten), Jules Durand maila anitzetan engaiatua zen. 1910eko udan, Le Havren, giro sozial beroa zen. Grebak portuko ofizio anitzetara hedatu ziren. Horregatik, ikazkinak mobilizatu ziren ere. Haien sindikatua berriz antolatu zuten eta Jules Durand idazkari nagusi gisa hautatu zuten. Haien eskaerak hauek ziren: soldaten emendatzea, furnego ekonomikoaren hestea, dutxen eraikitzea kaietan. Nagusiek eskaera guziak errefusatu zituzten, orduan ikazkinak greban jarri ziren.
“Hori” baten hiltzea eta jukutria Durand-en kontra
Hiru astez baino gehiago, greba masiboa izan zen (600 ikazkinetatik 580 greban jarri ziren) baina nagusiek negoziatzea errefusatu zuten. Alderantziz, greba hausteko, konpainiak tresna berri bat erabili zuen, altxagailu bat pontoi flotagarri batean, “Tancarville” deitua, eta kanpoko langile zenbait (“horiak” deituak) enplegatzea erabaki. Obraleku eta kaietatik hurbil, tentsio handiak baziren. Irailaren 9an, gauarekin, Orléans kaieko ostatu baten aitzinean, armatua zen “hori” bat, Louis Dongé, eraila izan zen, kolpeak ukan ondoan, probokatu zuen borroka batean ikazkin zenbaitekin. Poliziak borrokan parte hartu zuten jendeak arrastatu zituen. Ber mementoan, “La Transat” konpainiako buruzagiak, Stanislas Ducrot-ek, testigu faltsu zenbait pagatu zituen, Jules Durand-ek zuela Dongé-ren hiltzea manatu erraiteko (haien testigantzaren arabera, erabaki hori grebalarien biltzar batean bozkatua izan zen). Dena faltsua zen baina jujea konbentzitua izan zen eta, irailaren 11n, Jules Durand arrastatua izan zen, sindikatuko beste bi liderrekin.




