Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Martxoaren 26a

Kontseilu biltzarra - Mintzaldi - Aste Sainduko elizkizunak - Mus txapelketak - Loto

Jakes Ospital mintzalaria
Jakes%20Ospital%20mintzalaria

Kontseilu biltzarra

Hauteskunde ondotik lehen kontseilu biltzarrak (29 hautetsirekin) ikusi ditu joan den ortziralean auzapez berriaren eta axuanten izendatzeak. Auzapezgoa utzi duen Bruno Carrereren hitz labur baten ondotik Gilles Desgrolard adin handiena duen hautetsiak ideki du biltzarra. Auzapez gaiaren deia eginik Piero Rouget da bakarrik aurkeztu (oposizioak ez du nehor proposatu). Beraz Piero Rouget izendatua da auzapez lehen itzulian 23 boz bilduz alde eta 6 xuri. Axuanten aldia etortzean gehiengotik 8 izen aurkeztu dira eta denek hor ere 23 boz alde bildu dituzte eta 6 xuri. Axuantak dira: Hélène Marty Chaleon (ekologia eta energia) Ugo Moulia (hirigintza eta herri antolaketa), Cristel Rouma (eskolak eta gazteria), Sandra Idieder (finantzak), Jean François Ruiz (sozial saila eta herritartasuna), Jean Mixel Serrano (obrak, laborantza eta oihana), Joana Goyenetche-Cedarry (kirolak eta kultura) eta Ximun Lastiri (komunikazioa eta euskara). Euskal Elkargoan izanen direnen izenak ondoko biltzarrean izendatuak izanen dira. Biltzarra bukatzeko auzapezak irakurri du legezkoa den tokiko hautetsi araudia. Hurrengo biltzarra finkatua da apirilaren 7an asteartearekin.

Mintzaldi

Ur Begik antolatu laugarren eta azken mintzaldia iraganen da ortzirale huntan Lapurdi gelan (18:30). Oraiko gaia: Donibane Lohizune A-tik Z-tara. Lapurdi itsas bazterrean kokatua, Donibane Lohizunek itsasoaren inguruan moldatu du denbora luzean bere historia: arrantzaleak, portua, itsas lapurrak, Kaskarotak eta abar... Gaur egun Donibaneren bizia oso aldatua da, arrantzaleak gero eta gutiago direlako eta turismoak gero eta leku gehiago daukalako. Turismoa bihurtu ote da arrantza berria? Horietaz denetaz mintzatuko zaigu Jakes Ospital herriko semea.

Aste Sainduko elizkizunak

Aste Saindua hurbildua dugu eta Errobiko Salbatore parropiarentzat elizkizunak honela izanen dira: Erramu bezperan (18:00) meza Haltsun; erramu egunez (8:45) Arruntzan, (10:30) Jatsun eta Uztaritzen. Astelehenean (18:30) bekatuen urrikirako ospakizuna seroren komentuko kaperan. Ortzegun Sainduz (19:00) azken afariaren meza Uztaritzen; ortzirale Sainduz (19:00) Pasionearen ospakizuna Uztaritzen. Pazko bezperan gau beila (21:00) eta segidan meza lau katekumeno helduen bataioarekin Uztaritzen. Pazko eguneko mezak (9:00) Jatsun, (10:00) komentuko kaperan, (10:30) Arruntzan eta Haltsun. Aste saindu on deneri.

Mus txapelketa

Herriko besten batzordeak antolatu mus txapelketa iraganen da larunbat huntan (28a) Bilgune gelan. Partidak hasiko dira 14:00etan, jokolari pare bakotxarentzat 20 euro galdeginak direla izenak emaitean. Txapelketaren irabazleak 200 euro eskuratuko ditu. Izenak eman ditaizke aitzinetik telefono huntan: 06-37-72-52-84. Inbido eta hordagoak libro.

Loto

San Frantses kolegioko gurasoen elkarteak antolatzen du loto arratsaldea heldu den igandean Kiroletan (15:00). Asko lota irabazteko bada. Ongi etorri hoberena segurtatua da deneri.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3827. zbk

Gure Hitza | 2026/03/26

Euskara gurea

Peio Jorajuria

“Lekukoa hartu eta segi aurrera” zuen idazten duela bi aste hemen berean Ainhoa Etcheniquek. Korrikaz mintzo zen. Hain zuzen Korrika arras ederki iragan zaigu Ipar Euskal Herrian, euskaltzale suharrek lekukoa harturik, egunaz eta gauaz, gure euskara maiteari hemendik aitzina ere bizia segurtatzeko xedez. Dituen traba guziengatik, euskarak baitu zinez denen beharra bizirauteko. Gutarik andana batek gauaz kurritu izan behar dugu gure herrietan. Gauazko lasterraldi horrek ere badu bere grazia, aro onarekin egiten delarik segurik, aurten hala gertatu den bezala. Eta frutxo! Gure herrian segurik baginen, gau betean izanik ere, korrikari multxo ederra bildua, buru-bihotzak beroenean genituela. Egia erran, adin bateko batzuk aski irrigarriak gintezkeen: belaunak herdoilduak, bizkarra ukurtua, hatsa labur eta eztula merke. Baina gure urratsa gogo onez bete dugu.

Abiatze bikaina ukan du Korrikak Atharratzetik, plazak, karrikak eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016