Azalekoa | 2026ko Apirilaren 23a
Herriaren biltzar nagusian alarma piztu da
A.E.
Urtero bezala, Herria astekariak bere biltzar nagusia egin du, astero idazten duten kronikari eta berri emailez inguraturik. Hitzordua apirilaren 10ean emana zen, Bidarraiko Arrume gelan. Peio Jorajuria Herriako lehendakariaren sar hitzaren ondotik, Jean Michel Anchordoquy Bidarraiko auzapezak ongietorria egin du, azpimarratuz plazera zela denak Bidarrain errezibitzea. Ainhoa Etxenike idazleburuak urteko bilana eginik, Herriaren egoera kezkagarriaren inguruan trukatu eta eztabaidatu da.
Astekariaren harat-hunatak
2026ko urte hastapenean aldaketa handia izan da Herriaren baitan, Murielle Biarneix-ek idazkari-kontulari postua hartu baitu lehengo langileak lanpostu hori utzirik. Berri emaile eta kronikarien harat-hunatei dagokienez, Jean-Louis Davant-ek eta Maite Iratzokik “Gogoa hazi” kronika idazten utzi dute eta Paul Laborde Bardozeko berri emaile bilakatu da, Mailux Petrissans Donoztirikoa, eta Itziar Madina “Hegoaldean” saileko kronikari gisa hasi da.
Bolondres guziak eskertuak izan dira urtean zehar egiten duten lan serios eta baliosarentzat, paperezko alea astero ateratzea ahalbidetzen baitute.
Azkenik, Euskal Hedabideak elkartearen berri ere emana izan da. Hain zuzen ere, elkarte hunen baitan Ipar Euskal Herriko bost euskal hedabideak elkartzen dira: Kazeta.eus, Ipar Euskal Herriko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude eta Herria. Hedabide guzien arteko elkarlanak aitzina segitu du, besteak beste herriko bozen gaualdietan zuzenezko platoa segurtatua izan zen. Horrez gain, elkarrekin biltzen segitzen dute, geroari buruz lan egin eta gogoetatzeko. Hari horri jarraikiz, diagnostiko berri baten lantzen ari dira, heldu diren urteei begira.
Egoera kezkagarria
2025eko bilana egin eta, Murielle Biarneix langile berriak kontuen berri eman du. Herriaren egungo egoera aski gorabeheratsu eta kezkagarria agertu da, 2024. urtea galtzetan burutu baitzen, 2025. urtea berriz ere galtzetan bururatu baita – aldi huntan galtze handiarekin –, eta 2026ko prebisioa ere negatiboa izanen dela aitzinikusia baita. Paperezko alea astero osatu, inprimatu eta etxeetara bidaltzeko gastuak emendatuz joaten dira, paraleloki diru sarrerak ttipitzen ari direlarik. Aurre egin beharreko gastu guziak kontuan hartuz, Herriako admnistrazio kontseilua ohartu da harpidetza sariek ez zituztela inprimategiko eta Postako gastuak estaltzen.
Bestalde, aipatua izan da astekariaren webgunearen berritzearen proiektua baztertua izan dela, arazo ekonomikoak direla eta. Belaunaldi gazteei dagokienez, informatzeko ohiturak aldatu dira eta ez dute gehiago papera irakurtzen. Haiengana heltzeko estrategia bat plantan eman beharko da.
Lukas Hiriart Euskararen Erakunde Publikoko misio kargudunak biltzar nagusian parte hartu du, eta egoera huni buruzko hainbat ekarpen egin ditu.
Herriak iraun dezan
Egoera kezkagarri hunen parean, biltzar nagusian parte hartu duten guzien artean eztabaidatu ahal izan da, eta zenbait ideia partekatu. Egoeraren larritasunaz jabeturik, berri emaile eta kronikariak prest agertu dira beren heinean astekaria laguntzeko. Herriak iraun dezan, azpimarratua izan da besteak beste ezinbestekoa izanen dela harpidetza saria emendatzea, harpidetza bakoitzak galtzerik sortu ez dezan.
Dirua sarrarazteko eta harpidedun berriak lortzeko hainbat pista eman dira. Aldaketa eta berrikuntzak fite plantan eman beharko dira, deusik egiten ez bada Herria heriotza zorian gertatuko baita.
Erritualak nahi duen bezala, biltzar nagusia bukatu eta, denak Barberaenea jatetxean elkartu gira, eguna bazkari goxo baten inguruan finitzeko.











