Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Apirilaren 23a
Tailer berri - Jandarmeriatik - Pilota - Arruntzako urrats ttikiak
Tailer berri
CCAS edo herriko ekintza sozialen zentroak tailer berri batzu antolatzen ditu partzuergoan ASEPT erakundearekin eta Arditeia erretira etxeko baliabide zentroarekin. Ekintza horren helburua da estresa eta emozioen mekanismoan arrazoien ezagutzea eta osagarriaren zerbitzuan estrategia bat xutik emaitea. Tailerrak lau izanen dira. Lehena apirilaren 27ko tailerrean izanen da biziaren kalitatea, ongi izana, emozioa eta osagarriarekin loturak aztertzea. Bigarrena maiatzaren 4an, estresaren kudeantza, zerk sortarazten duen eta zer estrategia erabili. Hirugarrenak bere aldetik, maiatzaren 11n, “nor bera ongi bizi” du gaia, emozio positiboak ezagutuz eguneroko bizian. Laugarren eta azkenak, maiatzaren 18an, “besteekin ongi bizitzea” gaiarekin aztertuko du eta garatuko ongi izana eta lasaitasuna. Beraz tailer guziak astelehen goizarekin iraganen dira (9:15-12:00) Herriko Etxeko Ameztia gelan. Tailer horiek egundaino egin ez duten jendeeri idekiak dira. Parte hartu nahi duenak izena eta helbideak oro eman ditzake telefono huntara: 05-59-93-38-91 edo emailez: ccas@ustaritz.fr.
Jandarmeriatik
Uztaritzeko jandarmeriak sentsibilizazio mintzaldia antolatzen du, herritar guzieri idekia dena, etxetan lapurreten edo ohointzen arriskuaz informatzeko eta nola babestu azaltzeko. Aipatuko dira lapurrek erabiltzen dituzten teknikak, nola sartzen diren etxeetan eta eguneroko bizian zer erreflexu behar den etxea segurtatzeko. Entzuleek egiten ahalko dituzte galdeak zuzenean tokian berean. Mintzaldi hori izanen da heldu den astearte arratsaldean (19:00) Lapurdi gelan. Sartzea urririk da.
Pilota
Euskal Ligako udako txapelketaren kondu, joko garbin partidak hasi dira Kapito Harrirentzat eta askitto ongi dirudienez. Helduetan lehen taldea (Pelletrat anaiak, Destaillac) Uztaritzen nagusitu zaio Hiribururi 40/18. Bigarren taldea (Echenique, Fernando, Bidart) ere nagusitu da Baigorrin Zaharrer Segi garaituz 40/23. Gazteak (Bidegain, Leparroux Elissalde) ere garaile dira Donapaleun amikuztarren kontra 40/27. Helduetan hirugarren taldeak du bakarrik galdu Senperen SPUCen kontra 34/40. Heldu den asteburu huntan partiden segida.
Arruntzako urrats ttikiak
Arruntzako eskolak antolatzen du lehen aldikoz “Arruntzako urrats ttikiak” eguna heldu den igande huntan iraganen dena. Eskolako haur eta gurasoeri idekia da. Bi moldetan egin daiteke, bat urratsean ibilaldia, 5 kilometrokoa, Aldacourou gelatik abiaturik Perulenea bidean barna. Abiatzea (8:00 eta 9:30 artean). Bigarren moldea korrikan 10 kilometrokoa bide beretatik pasatuko dena, hunek abiatzea ukanen du (10:00). Izenak eman ditaizke webgune huntan: www.pb-organisation.com.











