Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Apirilaren 23a

Juantorena - Pilota - Oilarandoiko kapera - Kulturaldia

Juantorena jatetxeko arduradun berriak
Juantorena%20jatetxeko%20arduradun%20berriak

Juantorena

Gure herriko Juantorena ostatu jatetxe historikoak jabe berriak ditu. Bixente eta Melaniek utzi eta (orain Bixente kozinan ari da Jean Pujo kolegioan eta Melanie Laia xokolategian), Sonia Demoulin izeneko andereak arra-hartu du. Erro portugesak ukanki, Sonia Arroxelatik heldu zauku. Artean beste lan bat eginik, bere jatorrizko ostalaritza ofizioari berriz lotu da gisa hortan. Lau langilerekin ari da, Xabi zerbitzuan, Marion ganbarentzat, Eliot baxera garbiketetan eta Arnaud sukaldaria Donibane Lohizunetik heldu zauku.

Pazko kari hasirik, Juantorena jatetxea egun guziz idekia da, igande arrats eta astelehenez ezik. Karta hilabetero aldatuko dute eta tokiko ekoizpen freskoekin ari dira. Langile bazkaria ere proposatzen dute. Kuraia eta suerte on zueri!

Pilota

Beste txapeldun bat Zaharrer Segi pilota elkartean. Euskal Herriko txapelketaren kondu, buruz-buru, 3. mailako finala irabazi du Mikael Uhalde aldudarrak, 40/26 nagusituz Azia (Pagola-Lohitzun) elkarteko Patxi Cazenaveri. Goresmenak!

Frantziako txapelketari dagokionez, gure pilotarietarik hiru final-laurdenetan nagusitu dira. Helduetan, Andoni Larre (40/31 Etcheverryren kontra), Xabi Alcasena (40/36 Jaureguiren kontra) eta artekoetan Eneko Eiherart (40/24 Sahasquet-en kontra). Finalerdiak heldu den igandean jokatuko dituzte Senperen.

Oilarandoiko kapera

Herriko Etxeak Oilandoiko kapera segurtatzeko eta berritzeko obrak kudeatuko ditu, Euskal Elkargoa eta Lauburu elkartearen laguntzarekin. Lanak maiatzaren 4an hasiko dira. Lehenbiziko lana kapera sustengatzen duen harrizko paretaren berriz egitea izanen da, kraskatzen eta erortzen ari baita. Herriko Etxearen deia: herritarrak ongietorriak dira. Hargintzan, zurgintzan edo tindaketan gaitasunak balin badira, zato gure laguntzerat!

Informazionea 06-43-62-23-22 zenbakian.

Kulturaldia

Apirilaren 25ean (ibiakoitza): musikaldia Baigorriko elizan, Batuz korua Emakumende orkestrarekin (20:00). Batuz korua da mugaz gaindiko bi koruen arteko topaketa. 11 eta 20 urte arteko 120 kantari. Emakumendek Iparraldeko orkestrako hamar bat emazte soinulari biltzen ditu, musika tradizionalaz osatu kontzertu baten eskaintzeko. (Sartzea 10 eurotan, urririk 15 urte pekoentzat).

Apirilaren 26an (igandea) Nafarroaren Eguna: (9.00) Gaineko plazan merkatua, ikastolan askari alaitua. Desfilea behereko plazatik (11:00), Irisarri eta Agoitzeko dantza taldeak, makilariak, basandereak, Nafarroako eta Baigorriko ziganteak, Kilimon. Ekitaldia elizako plazan (11:30), Larrain dantza eta jauziak (13:00), Behereko plazan bazkaria (14:00), Kuxkuxtu txarangak animaturik. Bertso saio musikatua Maddi Ane Txoperena, Onintza Enbeita eta Sarai Robles-ekin (15:00), musikaria Ainhoa Elizondo. Dantza ikusgarria (17:00), Kiki Bordatxo (17:30), arratsalde apalean hasirik, kontzertuak, Elektrotxorongo, Goxua'n salsa, Punta ta koma, Estelle D...

Ahantzi gabe haurren xokoa (14:00-19:00) eta Oreka zirkoa (17:30).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3831. zbk

Gure Hitza | 2026/04/23

Herriak kontuak gorrian

Peio Jorajuria

Bidarrain egin berri du Herria astekariak bere biltzar nagusia, Jean-Michel Anchordoquy tokiko auzapezak ongi-etorri beroa eginik. Lehen orrialdean ematen du elkarretaratze horren berri Ainhoa Etxenike erredaktoreburuak. 1997an jadanik Bidarrain bildu ginen biltzar nagusiz. Duela hogeita bederatzi urte! Ez gaitu horrek gaztetzen! So egin diot orduko argazkiari eta halako zarrasta batek jo nau: han zeuden partaideen gehiengoak mundu hau utzia du: Jean Haritschelhar, Emil Larre, Jakes Casaubon, Mattin Larzabal, Mixel Oronoz, Piarre Erramuzpe, Piarres Trounday eta beste andana bat, euskal munduko figurak denak. Aldiz Herria beti bizi. Baina noiz arte? Hara nolako arrangura pisua atera den egin dugun biltzar nagusi lantsuan.

Nahikari eta kemen handiz jokatzen garela, hori bai. Baina, denetan bezala, dirua da gakoa. Eta ezin uka alde horretatik ez gabiltzala nahi bezain sendo, nahiz ez garen sekula diru anitzekin...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016