Mundu zabalean | 2026ko Apirilaren 23a

2026ko enpleguaren egoera

M.O.

2026ko%20enpleguaren%20egoera

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) 2026 urteko lan merkatuaren egoera zertan izanen den agertu du. Maiatzaren 1aren bezperan girela eta, nazioarteko langileen eguna, pentsatu dugu interesantea zela jakitea nazioarteko ekonomiaren eta lanpostuen egoera zertan den.

Enplegua egonkorra… baina hauskorra

Lanaren Nazioarteko Erakundeak, Nazio Batuen erakunde espezializatua, munduko lan merkatuaren egoera aztertzen du, 2026ko txostena agertu berri du. Langileen baldintzak, jasan presioak eta enpresen produktibitateak aztertuak dira. Egin azken ikerketan, orokorrean nazioartean enplegua egonkorra da. 2026an mundu mailako langabeziaren kopurua berdintsua geldi daiteke (%4,9), espero da ez dela goratuko. Hala ere, egonkortasuna atxikia bada ez da pentsatu behar lan merkatua egoera hoberenera itzultzeko bidean dela.

Itxurazko egoera horren azpian, lanpostuen kalitatea ez da hobetzen ari, desberdintasunek sakonki errotuak jarraitzen dute. Lan merkatuak gero eta arrisku ekonomiko eta demografiko handiagoak jasan beharko ditu, munduko teknologien eraginpean da, gaur egungo irabaziak azkar ahulduak lirateke. Mundu osoan den langabeziaren arazoa da lanean ari nahi dutenek ezin dutela lanik atzeman, 2026an pentsatzen da 408 milioi pertsona inguru kasu horretan izanen dela.

Lan baldintzak

Aipatu bezala lan baldintzak nazioartean azkarki moteldu dira, 300 milioi langile muturreko pobrezian bizi dira eta 2,1 miliar pertsonek lan prekarioetan jarraitzen dute. Anitzetan oinarrizko eskubideak, sozial babesak edota diru-sarrerak eskuratzeko langile batzuk aukerarik gabe gelditzen dira, defendatzeko eskubiderik gabe. Orokorki nazioarte osoan langileen soldatek azken inflazioa ez dute konpentsatzen, bizi mailaren emendatzeak mugak jartzen baititu. Estatuen eta multinazionalen arteko lehiek nazioarteko langileen errebenioen orekatzea oztopatzen dute, lurralde batetik bestera populazioen bizi heina ez da berdina. Ondorioz errebenio apalak dituztenek pairatuko dute.

2026an enpresen produktibitatea erritmo moderatuan aitzinatuko da, estatuen artean desorekatua izaiten segituko du.

Estatu batetik bestera desorekak

Lan merkatuaren ibilbidearen ondorioz, herri batetik bestera estatuen buxetak eta enpresen finantzak gero eta desorekatuagoak dira, irabaziak ez baitira berdinak. Ekonomiaren egoera errebenio handien, ertainen eta apalen artean oinarritzen da. Populazioaren zahartzeak eta langile aktiboen kopuruaren apaltzeak, lanpostuen galdeak ahalbidetzen ahalko lituzkete.

Estatu pobreetan lan merkatua garatzen ari da, 2026ko urte hastapenean lanpostuak %3,1ez emendatu dira. Estatu horietan ordainsariak apalak dira, multinazionalentzat interesgarria da langileak gutiago ordaindu behar dituztelako.

Enplegurako sarbideak eta lanaren kalitateak sozial desberdintasunak baldintzatzen jarraituko du, emazteak dira gehien hunkiak. Lan merkatuan parte hartzeko emazteek nazioarteko enpleguaren bi bostenak baino ez dituzte ordezkatzen, gizonek baino %24,2 gutiago. Gazteen kasuan langabezia %12,4koa da (gazteriaren %20a). 260 milioi gazte inguruk ez du lanik, ez da eskolan, ez eta formazioan. Egin den ikerketan errana da: “Desabantaila horiek langile gazte horien perspektiba profesionaletan ondorioak ukan ditzakete”.

Merkatuaren aldaketak

Mugaz gaindiko enpresen produktibitateak eta salmentek, enpleguarekin eta ekonomia sendo batekin zerikusia dute. Mundu osoan 465 milioi langile kontatuak dira. Nazioartean merkataritza ekonomikoaren moteltzeak, geroaren ez jakinak eta garraiobideen blokeatzeak, lan merkatuan aldaketak ekarriko lituzkete, beste perspektiba batzuk plantan jarri beharko dira. Faktore horiek merkataritzaren potentziala mugatzen dute, enplegua sortzeko eta lanaren kalitatea segurtatzeko nekeziak izanen dira. Gainera, adimen artifizialak eta estatuen zor handiek merkatua okertuko lukete.

Inbertsio geldoek, dudazko egoerak eta irabazi garbi mugatuek, anitz herrialde ekonomia motelagoa eta hauskorragoa izaiteko arriskuan dira. Iraganen diren hobekuntzak ala txartzeak erabaki politikoen esku izanen dira, kapital handiak dituzten enpresek ere ardura ukanen dute.

Langabezia apaltzeko, enplegua indartzea, produktibitatea bizkortzea eta formazioetan inbertitzea beharrezkoa dela irakurtzen ahal da. Gero eta segurtasunik gutiagoko merkataritza ekonomikoaren testuinguruan, nazioarteko ekonomiaz eta lanaz arduratzen direnek hartuko dituzten erabaki politikoek ondorioak ukanen dituzte.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3831. zbk

Gure Hitza | 2026/04/23

Herriak kontuak gorrian

Peio Jorajuria

Bidarrain egin berri du Herria astekariak bere biltzar nagusia, Jean-Michel Anchordoquy tokiko auzapezak ongi-etorri beroa eginik. Lehen orrialdean ematen du elkarretaratze horren berri Ainhoa Etxenike erredaktoreburuak. 1997an jadanik Bidarrain bildu ginen biltzar nagusiz. Duela hogeita bederatzi urte! Ez gaitu horrek gaztetzen! So egin diot orduko argazkiari eta halako zarrasta batek jo nau: han zeuden partaideen gehiengoak mundu hau utzia du: Jean Haritschelhar, Emil Larre, Jakes Casaubon, Mattin Larzabal, Mixel Oronoz, Piarre Erramuzpe, Piarres Trounday eta beste andana bat, euskal munduko figurak denak. Aldiz Herria beti bizi. Baina noiz arte? Hara nolako arrangura pisua atera den egin dugun biltzar nagusi lantsuan.

Nahikari eta kemen handiz jokatzen garela, hori bai. Baina, denetan bezala, dirua da gakoa. Eta ezin uka alde horretatik ez gabiltzala nahi bezain sendo, nahiz ez garen sekula diru anitzekin...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016