Euskal diaspora | 2026ko Apirilaren 23a
Gernikako Bonbardaketa, Mercomus, Las Vegas, irakurleak, Valentzia eta Bordele
Joseba Etxarri
GERNIKA. Heldu den igandea apirilaren 26a da eta Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrena. Anitz izanen dira oroitzeko ekitaldiak baina Diasporako bi hautatu ditugu: Txileko Santiagon hamar egunez “Gernikako bonbardaketa: Artea, Estetika, Memoria eta Giza Eskubideak” izenpean egiten ari diren erakusketa, “Gernika 3724” margolan eta hitzaldi eta mahai-inguruak. Eta apirilaren 26an berean Berlingo Guernica-Platz-eko ekitaldia, lore-sorta ezarriz txelo baten zuzeneko musika lagun, hitzak euskaraz eta alemanez sarraskiko biktimak gogoan, hiriko Gernika Kulturvein Euskal Etxea —nagusiki aleman euskaltzaleek sortu elkarte berlindarra— antolatzaile. “Bego gogoan Gernikako sarraskia, gerlak uxatu eta beti errespetua eta giza eskubideak jokabide izan ditzagun” heien mezua.
SANTIAGO. Bukatu berria da joan den asteburuan hiriburu txiletarrean Mercomus Mus Txapelketa. Aurten Argentina, Peru, Uruguai eta Txileko muslariak partaide, Estatu Batuak herrialde gomitatua izanik. NABOko presidente ohi eta Mus Arduradun Pierro Etcharren delegazio iparramerikarreko buru. Argentinako Jorge Rabuffetti eta Jose Luis Macchi atera dira txapeldun; eta bigarren, Txileko Juan Carlos Lago eta Juan Mendiburu. Heldu den urtean Uruguain jokatuko da.
JM BERISTAIN. Andana bat dira noiznahi Diasporan jokatzen ari diren mus txapelketak. Hara horietarik bat: Nevadako Las Vegasen heldu den ebiakoitzean eginen den “Jose Mari Beristain Memoriala Mus Txapelketa”, gehienez 24 bikote partaide, Tap Housen eginen da, Las Vegaseko Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile.
LEIPZIG, TXILE, TBILISI. Alemaniako Leipzigen, Txileko Santiagon eta Georgiako Tbilisin euskara eta euskal kultura irakasle bila ari da Etxepare Euskal Institutua, leku horietako unibertsitatetan irakurle aritzeko 2026-2027 ikasturtetan. Hautagaiak aurkezteko epea maiatzaren 13an bukatuko da. Argibideak Etxepare.eus webgunean, edo +34.943.023.407 zenbakira deiturik.
VALENTZIA. Valentziako Euskal Etxearen bi hitzordu. Heldu den asteburuan, apirilaren 25ean, Nafarroaren Eguna ospatuko dute, Baigorriko Nafarroaren Egunaren asteburu berean. Ebiakoitzean arte kolektiboa, zintzur bustitze eta pintxo-potea eta herri bazkaria, baita Korrika bat —Correllengua katalanez— bi hizkuntzen lokarri. Eta bi asteren buruan, maiatzaren 8tik 10era, barnetegia edo asteburu osoan euskaran murgiltzea, klaseak, jolasak, hitzaldiak, bazkariak euskaraz, Euskal Etxeko eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleak partaide.
BORDELE. Bordelen, Euskal Etxe gibeleko Euskaldunen Plazan, kontzertua larunbatean, 25ean, Euskal Herritik joanik Murgi eta Ixabe talde lapurtarrak. 20:00etarik goiti, kitorik. Afaldu nahi duenak Euskal Etxeko Topa jatetxekoak hor ukanen ditu, erreserbatuz.











