Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Apirilaren 23a
Bi heriotze - Hondakinen bilketa: sistema berria
Bi heriotze
Joan den astean bi herritar zendu dira:
Graxi Durruty Ixurikoa: 88 urte zituen. Lau haurridetarik zaharrena, gazterik deliberatu zuen serora izaitea. Estudioak Tolosa aldean eginik, erizaina izaiteko azterketak gainditu zituen. Urte andana bat Oztibarren iragan zuen, etxez etxe erien artatzen ibiliz, Donaixtiko kolegioan zuelarik bere egoitza. Berantago 25 bat urte pasatu zituen Itsasun, parropiako bizian artoski parte hartuz, beharretan ziren herritar batzuei sokorria, laguntza eta bakea ekarriz, neskatto eta andere gazte belaunaldi osoeri josten, brodatzen edo sukaldatzen erakutsiz. Itsasuko egoitza joan den urtean baizik ez zuen utzi, Uztaritzeko xahar etxe batera erretiratzeko. Zerbitzu egilearen eta langile handiaren oroitzapena uzten du. Hunen ehorzketak joan den ortzegunean iragan dira, Uztaritzeko seroren kaperan. Doluminak Ixuriko familiari.
J-Pierre Mirande Londaitzbeherekoa: 80 urte zituen. Bizi guzian laborantxan arizan da, behiekin eta ardiekin. Lur gehienak arrandan izanki Londaitzbeherea etxalde xumea zela erran ditaike. J-Pierre izigarri langilea zen, eta eskukaldiak emaiten zituen eskuin eta ezker. Etxalde ttipia izanki, mutil gisa lan egin zuen Hazparneko etxalde batean. Hondarrera osagarri arrangurak ukanik, bihotzeko bulta txar batek ereman du. Gizon langilearen eta gizon onaren oroitzapena uzten dauku. Hunen ehorzketak astelehenean iragan dira Aiherrako elizan. Gure doluminak eritegi batean den Rose Marie espos lagunari eta ahaidego guziari.
Hondakinen bilketa: sistema berria
Etxe hondakinen bilketa sistema berria hasia da gure herrian eta bilketa gune berriak plantan ezarri dituzte han hemenka.
Hemendik goiti etxe hondakinen (janari hondarrak eta…) ontziak ezagugailu pertsonal baten bidez dira bakarrik idekitzen ahal, etxe hondakinak 50 edo 80 litroko plastikazko zaku beltzetan sarturik hor uzten ahal dira. Estalki eta paper birziklagarrien eduki ontziak denen eskura dira, zakurik gabe banaka sartzen ahal dira hor botatzekoak direnak. Eta berinarendako ere eduki-ontzi bereziak badaude, denen eskura direnak, zakurik gabe berinak banaka botatzeko aukera emaiten dute.
Hots, sistema aski errexa da. Ezagugailu pertsonala bakarrik beharrezkoa da familia bakoitzarentzat, etxe hondakinentzat, eta gaineratekoentzat ontzi berezietan sar daitezke hondakinak kategoriaka ezagugailu berezirik gabe.










