Gogoa hazi | 2026ko Apirilaren 23a

Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen IV.

M. Epalzak. Mandiok itzulia. Segida gero.

II- Hegoaldeko Eliza inarrosia. B

Aita Sainduak giza eskubideen alde.

Joanes XXIII-k lurrikara eragin zuen 1962an Mater et Magister plazaratzearekin. Entziklika horretan “herritar bakoitzaren promozio soziala, kulturala eta politikoa bultzatzen duen Elizaren alde” agertzen da. 1965ean Paulo VI ildo beretik doa. Pacem in Terris entziklika “pertsonen eta herrien eskubideen aldeko” aldarrikapena da; “erregimen demokratiko” baten aldekoa. Kontzilioko bilkura geletan itxaropen-haize bat badabil alde guzietarik etorria, bereziki justizia eta askatasun egarri diren herrialdeetatik. “Gure garaiko Eliza” deitu konstituzioko lehen paragrafoa, Gaudium et Spes, altxor bat da zinez: “Gaurko jendeen pozak eta itxaropenak, tristurak eta kezkak, larrialdiak, bereziki pobreenak eta sufritzen duten guzienak, Kristoren dizipuluen pozak eta itxaropenak, tristurak eta kezkak dira. Jendeek bizi dutenetan ez dago ezer giristinoen bihotzean oihartzunik ez duenik. Giristino komunitatea Kristoren baitan bildutako jendeekin egiten da, Izpiritu Sainduak gidaturik Aitarenganako bidean, guzieri eskaini behar zaioten salbamen-mezu baten eramaile. “Giristinoen komunitatea egiazki eta hurbildik solidario sentitzen da gizadi osoarekin eta haren historiarekin”.

Erroman, Eliza diktadorearen menpekotasunetik ateratzen da. Pertsonen eta herrien eskubideen errespetua eskatzen du. Madrilen eta Bilbon, apezpikuek Francoren menpe segitzen dute. Errealitatean, Euskal Herrian, ez da deus aldatzen. Alderantziz, errepresioak segitzen du, eta horren ondorioz sortzen da ETA, eskubide horiek defendatzeko borroka armatua erabiltzen duela. Oinarrizko gauza bat aldatuko da: justiziaren, askatasunaren eta eskubideen alde borrokatzea giristino engaiamenduaren parte integrala da. 1971n, Paulo VI-k hauxe idatzi zion Roy kardinalari: “Ebanjelioa predikatzeko misioak, gaur egun, gizakiaren askapen osoaren aldeko engaiamendu erradikala eskatzen du. Orain berean, mundu honetan duen izaitearen errealitatean”.

Euskal apezek isunak

Euskal elizbarruti edo diozesetakoapezek isun edo amanda handiak biltzen zituzten, Kontzilioaren ideietan oinarritutako predikuengatik. Baita mobilizazio sindikal, kultural edo politikoetan emandako laguntzagatik ere. Isunak ez baitzituzten ordaintzen ahal, herritik urrun zeuden monasterioetara igorriak ziren. Kontzilioa hasi aitzinttoan, 1960an, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko elizbarrutietako 339 apezek gutun bat idatzi zioten Aita Sainduari, nuntzioari eta Espainiako apezpikueri, non polizia-errepresioa eta askatasun falta salatzen zituzten. Erantzunik ez. 1968ko azaroan, Bilboko diozesako 60 apez mobilizatu ziren Eliza libre, pobre, euskaldun eta herritik hurbil baten alde. Vatican II-k ekarritako askatasun ebanjelikoaren haize berriak bultzatuta, Ez, ez dut nahi ez ez ez holako zibilizaziorik kantatzen zuten. Euskal probintzia eklesiastiko bat ere eskatzen zuten. Jakin behar da Francok Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba biltzen zituen elizbarrutia hiru zatitan banatu zuela. Berexi, hobeki manatzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3831. zbk

Gure Hitza | 2026/04/23

Herriak kontuak gorrian

Peio Jorajuria

Bidarrain egin berri du Herria astekariak bere biltzar nagusia, Jean-Michel Anchordoquy tokiko auzapezak ongi-etorri beroa eginik. Lehen orrialdean ematen du elkarretaratze horren berri Ainhoa Etxenike erredaktoreburuak. 1997an jadanik Bidarrain bildu ginen biltzar nagusiz. Duela hogeita bederatzi urte! Ez gaitu horrek gaztetzen! So egin diot orduko argazkiari eta halako zarrasta batek jo nau: han zeuden partaideen gehiengoak mundu hau utzia du: Jean Haritschelhar, Emil Larre, Jakes Casaubon, Mattin Larzabal, Mixel Oronoz, Piarre Erramuzpe, Piarres Trounday eta beste andana bat, euskal munduko figurak denak. Aldiz Herria beti bizi. Baina noiz arte? Hara nolako arrangura pisua atera den egin dugun biltzar nagusi lantsuan.

Nahikari eta kemen handiz jokatzen garela, hori bai. Baina, denetan bezala, dirua da gakoa. Eta ezin uka alde horretatik ez gabiltzala nahi bezain sendo, nahiz ez garen sekula diru anitzekin...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016