Gure Hitza | 2026ko Apirilaren 23a
Herriak kontuak gorrian
Peio Jorajuria
Bidarrain egin berri du Herria astekariak bere biltzar nagusia, Jean-Michel Anchordoquy tokiko auzapezak ongi-etorri beroa eginik. Lehen orrialdean ematen du elkarretaratze horren berri Ainhoa Etxenike erredaktoreburuak. 1997an jadanik Bidarrain bildu ginen biltzar nagusiz. Duela hogeita bederatzi urte! Ez gaitu horrek gaztetzen! So egin diot orduko argazkiari eta halako zarrasta batek jo nau: han zeuden partaideen gehiengoak mundu hau utzia du: Jean Haritschelhar, Emil Larre, Jakes Casaubon, Mattin Larzabal, Mixel Oronoz, Piarre Erramuzpe, Piarres Trounday eta beste andana bat, euskal munduko figurak denak. Aldiz Herria beti bizi. Baina noiz arte? Hara nolako arrangura pisua atera den egin dugun biltzar nagusi lantsuan.
Nahikari eta kemen handiz jokatzen garela, hori bai. Baina, denetan bezala, dirua da gakoa. Eta ezin uka alde horretatik ez gabiltzala nahi bezain sendo, nahiz ez garen sekula diru anitzekin aitzinatu. “Herria, asteroko mirakulua” zuen askotan errepikatzen Mattin Larzabal zenak. Ez daiteke haatik beti mirakuluz mirakulu ibili. Zer pasatzen da ba? Gastuak goratuz doaz, harpidetzak (abonamenduak) aldiz apalduz. Eta bertze diru iturri batzuk ere mendratzen ari. Hara gaur zer desafiori buru egin behar dugun! Badu bi urte galtze handiak jasaten ditugula. Erremedioak? Harpidetzak emendatu, harpidetzen direnek zintzoki pagatu, Herriko Etxe gehiagok diruz lagundu, legezko abisu gehiago eskuratu, eta besterik ere.
Pentsatua da ere crowdfunding operazio baten abiatzea Interneten bidez, jendeak, harpidedun ala ez, diru eskaintza bat egin dezan Herriari. Zeren uste dugu 81 urteko euskal astekari honek baduela beti bere lekua zortzi euskal herrietako sukalde xokoetan. Badakigu, bai, idatzizko hedabideek, izan euskarazkoak edo erdarazkoak, ez dutela haizea alde. Badakigu gazteek bereziki ez dutela biziki irakurtzen, salbu tauleta edo mugikorretan, eta horietan ere ahal bezain zalu eta labur. Papera ez bada gehiago gaur euskarri egokia, jo dezagun webgunera. Badugu jadanik bat, herria.eus, berritu eta hobetu nahi genukeena. Baina horretarako dirua behar! Buruari hazka ari gara, estokatik ateratzeko moduak atzeman nahiz. Herria astekariko bi langileak, biak oso zintzoak, eta kolaboratzaile bolondres sarea ez dira aski gure kazetari etorkizun sendo baten segurtatzeko. Deiadarra jotzen dugu, ororen laguntzarekin Herriak aitzina segi dezan. Denen artean kausituko dugu. Eskerrik milaka, bidelagun agertuko zaizkigun guziei!










