Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Apirilaren 23a
“Xan” komikiaren aurkezpena - Ikas Bidea eskolaren kantaldia - Amikuzeko poloko ordezkariak Euskal Elkargoan
“Xan” komikiaren aurkezpena
Zabalik elkarteak antolaturik, Emma eta Maialen Arestegi, Donapaleuko mediatekan izanen dira ibiakoitz huntan, apirilaren 25ean (10:00) “Xan” beren komikiaren aurkezpena egiteko.
Emma eta Maialen hazpandar ahizpek konfinamenduan sortu ideia batetik abiatu dira komiki hunen sortzeko. Marrazki ederrak jarri dituzte istorio eder baten zerbitzuko:
“Xan, pertsonaia printzipala, hiri handi batean bizi da ikasle eta Euskal Herrira sartzen da 2020ko konfinamendu garaian. Bere haur denborako ingurugiroan murgilduko da berriz, amaren etxean, betiko lagunen ondoan, usaiazko herrian eta karriketan. Etxean zerraturik egonen da egunak eta egunak, bakartasun minbera baten preso. Mila galdera sortzen dira bere baitan. Baina, mendia hor da, amatxiren etxea, ostatuko lagunak, baita musikaren unibertsoa ere, eta Xan-ek ez du amore emanen”.
Tono berde eta urdinetan eraiki marrazki hunkigarriak lagun, irakurlea ohartuko da galderak pausatzea erantzunak aurkitzea baino inportanteagoa dela.
Jin autoreen entzutera eta istorioaz gozatzera.
Ikas Bidea eskolaren kantaldia
Donapaleuko Ikas Bidea eskola publikoko burasoek kantaldia antolatzen dute ibiakoitz huntan, apirilaren 25ean, zinema gelan (20:30).
Lehen partean, Urruñako Tximi-Txama korua ariko da. 2001ean sortu talde hunek 11 eta 17 urte arteko 30 bat gazte biltzen ditu.
Bigarren partean, Pauline Junquet, Kanboko gitarrista entzuten ahalko da. Folk musikan aditua da eta Pauline eta Juliette bikotearekin hasi zen 2015ean. Orain bera ari da eta zenbait kantutan, Ikas Bideko haurrek lagunduko dute.
Hirugarren partean, Aire Ahizpak entzuten ahalko dira. Miren, Paxkalin eta Amaia, Urepelen hasi ziren 1992an. Anitzek gogoan dute EHZren ereserkia nola ederki kantatu zuten. Zenbait urtezgeldirik egon ondoan, berriz hasi dira taula gainera igaiten.
Sartzea 15€ helduentzat eta 8€ bestentzat. Jateko eta edateko izanen da (19:00).
Amikuzeko poloko ordezkariak Euskal Elkargoan
Herrietako bozen ondotik, Amikuzeko poloko ordezkariak bildu dira berrikitan Donapaleun. Alain Iriart, Euskal Elkargoko lehendakari berriak erran duen bezala, Iparraldeko 10 poloetan gogoetak hasi dira elkargoko batzorde iraunkorrean eta exekutiboan izanen diren hautetsiak hautatzeko. Lehendakaria proposamen horietarik abiatuko da, lehendakariorde eta delegatuen zerrenda finkatzeko. Izen horiek apirilaren 24ko kontseilu orokorrari aurkeztuko zaizkio eta hunek ukanen du azken hitza.
Beraz, huna Amikuzeko poloak nor proposatu dituen kargu horiendako:
- Poloko erreferentea: Eric Narbais-Jaureguy (Arboti-Zohota). Hau batzorde iraunkorrean eta exekutiboan izanen da.
- Ordezkaritza tematiko baterako hautagaiak (postu bat Amikuzerendako): Anne-Marie Bruthé (Amendüze-Unaso) eta Arnaud Fontaine (Ozeraiñe-Erribareita). Elkargoko lehendakariak bat hautatuko du eta hau batzorde iraunkorrean eta exekutiboan izanen da.
- Batzorde iraunkorreko beste delegatua: Arnaud Etchepareborde (Donapaleu).











