Azalekoa | 2026ko Irailaren 24a

“Le Busito”, bakardadea hausteko bidean

I. E.G

Elkarlana Lagunak elkartea 2021ean sortu zen.
Elkarlana%20Lagunak%20elkartea%202021ean%20sortu%20zen.

Kafe baten inguruan solastatzea, tailer batean parte hartzea edo bertze norbaitekin une goxo bat pasatzea: gauza xume horiek anitz ekar dezakete bakardadean bizi denarentzat. Horretarako sortu dute “Le Busito”, Ipar Euskal Herriko barnealdeko herrietara joanen den kafetegi ibiltaria. Ortzaizen egin ditu lehen geldialdiak, denei idekia den elkargune bat proposatzeko xedez.

Proiektua Elkarlana Lagunak elkartearen iniziatiba da eta Baionako “Cafécito” kafetegi elkartekoian ditu erroak. 2023an Euskal Herriko karrikan idekia, egoera zaurgarrian diren pertsonen bakardadea hausteko sortu zen, jatorri eta ibilbide desberdinetako jendea elkartuz. Ezintasunen bat dutenak, nahasmendu psikikoekin bizi direnak, karrikan direnak edo zailtasun sozialak dituztenak: bakoitza bere kategorian sartzeko joerari bertze erantzun bat eman nahi dio elkarteak. Adinaren, eritasunaren edo bizi egoeraren arabera jendea bereizi ordez, elkar ezagutzeko tokiak sortzea du helburu.


Baionatik herriko plazetara


Hiru ardatz ditu egitasmoak: isolamendua haustea, kanpoko eragileekin loturak egitea eta buruko osasunaren inguruan sentsibilizatzea. Kulturaren, kirolaren edo lanaren bidezko jarduerez gain, autismoaz, eskizofreniaz edota depresioaz mintzatzeko hitzaldiak eta erakusketak antolatzen ditu “Cafécitok”. Ideki zenetik 17.600 bisita baino gehiago izan ditu. Elkarteko lehendakariarentzat, kopuruaz haratago, bada lorpen bereziki pozgarria: egitura baten laguntzaz hurbildu diren pertsonak beren kabuz berriz etortzea. Kafetegia eguneroko bizitzako erreferentzia bilakatzen zaie.


Esperientzia hori barnealdean garatu nahi dute orain. Departamenduak isolamenduari buruz abiatu proiektu deialdi bati erantzunez sortu dute “Le Busito”. Printzipioa sinplea da: jendea etor dadin beha egon ordez, harengana joatea, herriko plaza eta frontoietan kokatuz. Ez du, halere, lehendik dagoena ordezkatu nahi. Emmanuel Lucante lehendakariak azpimarratzen du herrietan bizia bazela aitzinetik ere: “elkarteak zerbait gehiago ekarri nahi du, apaltasunez eta tokiko eragileekin elkarlanean”.


Ortzaizen, lehen astean, egunean 30 eta 40 pertsona artean bildu dira. Hautetsien, tokiko egituren eta biztanleen harrera biziki ona izan dela dio lehendakariak. Orain, hitzorduak erregularki finkatzea izanen da erronka, herritarrek ohitura har dezaten. Garazi-Baigorri, Amikuze eta Hazparne aldean ibiltzea dute xede, astero eremuz aldatuz eta hilabetero itzuliz. Bi edo hiru eguneko egonaldiak aurreikusten dituzte, baina egitasmoa esperimentala da eta tokian tokiko beharrei egokituko zaie.


Kafea baino gehiago


Julie hezitzaile berezitua izanen da Busitoko langilea, eta herrietan laguntzaile boluntarioen taldeak osatu nahi dituzte. Idazketa edo joste tailerrak ere proposa litezke, parte hartzaileen nahien arabera. Mugitzeko zailtasunak dituztenengana heltzeko, bederatzi lekuko ibilgailu bat ere badute, zenbaitetan haien bila joateko.


Bakardadea ez baita distantzia kontua bakarrik. Jendez inguraturik egonik ere, norbera bakarrik senti daiteke, bere tokia aurkitzen ez badu. Horregatik, “ Le Busito” ez da publiko jakin bati mugatua: nahasketak eta ustekabeko topaketek ematen diote zentzua. Euskara ere kontuan hartu nahi dute, komunikazioa bi hizkuntzetan eskainiz.


Dirulaguntza publikoek, fundazio pribatuek eta boluntarioen engaiamenduak sostengatzen dute egitasmoa. Herriz herri, atea zabalik izanen da lagundu edo kafe bat partekatu nahi dutenentzat. Batzuetan, solasaldi bat aski baita norbaiten egunari bertze kolore bat emateko.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3850. zbk

Gure Hitza | 2026/09/24

Euskal Herriko boneta zuretzat itsusia!

Menane Oxandabaratz

Duela urteak, Baionan laborarien manifestazio batean, suprefetaren aginduz, poliziak gogor kargatu zuen. Roger Idiartek Estatuko ordezkariaren jarrera umorez salatzeko Baionako suprefeta kantua idatzi zuen.


Prefetak gehienetan bizpahiru urterentzat izendatuak dira eta goi funtzionario izaiteko eskolak eginik, lurralde ezezagun batetara etortzen dira. Ministroen Kontseiluak izendatuak, presidentearen eta barne ministroaren bermearekin lan egiten dute. Funtzionario horiek Estatua ordezkatzen dute eta izendatuak diren departamenduetan botere politiko azkarra dute. Ondorioz estatu zentralaren erabakiek tarteka populazioan protestak sortzen ditu.


Duela guti, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta berriak, Itsasuko Herriko Etxea behartu du herriko eraikin batean egin freska ezabatzera, bere erranetan “terrorismoa goraipatua” zelakoz. Itsasuko gertakariak frogatzen du ordena publikoa eta herri baten oroimen historikoak ezin direla...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016