Orotarik | 2026ko Irailaren 24a
Kukumarro
Xarles Videgain
Ttaket eta Sapolarrua
Ttaket ez dakit ezagutzen duzun baina Donibane Lohitzunen ttaketa da marrazoaren bizkarreko hegal handia. Ttaket diot eta ez Taket, taket baita zurezko ziri handia. Sapo larrua, beraz apolarrua da eta ezagun den bezala ez omen da ederrenetarik.
Baina Ttaket eta Sapolarru ziren bi gizon, bi arrantzale horrela deitzen zituztenak. Asmatu dukezun bezala, aipatu nahi dudana izengoitia edo izengoitikoa da.
Ontsalaz, duela guti, Euskal Herrian jendeek etxeko izena ekartzen zuten. Frantxua Zolakikoa erraiten baldin banuen, Zolakian bizi zen Frantxoaz ari nintzen edota Bordaberriko Frantxoa beste bat zen. Erran gabe doa paper ofizialetan beste izena izaten zutela, batek Maisonnave eta besteak Etxezaharreta. Baina hori ez zen izengoitikoa. Gainera eta audela, izen ttipi bera bazuten haur anitzek: Iglesiasek ongi erakusten du 18. mendean Biarritzen hiru emaztetarik batek Maria zuela izena eta Baionan lau gizonetarik batek Jean zuela izena. Beharrik izen ttipi hori moldatzen ahal zen. Horrengatik Arnaud izaten ahal zen bizpahiru haurrideren izen ofiziala baina gero, Eñaut, Arño, Ellande, deitzen ziren egun oroz. Ez bide ziren nahasten.
Hazparnen ba omen zuten izigarriko dohaina izengoitien emateko (norbaitek bildu omen ditu) bainan ezagutzen ditudan adibideak kostaldekoak dira han bildu baitzituen Marc Larrarte jaunak.
Izengoitia zendako emana den ez da beti jakiten. Oixtian aipatu dudan Ttaket jauna nolakoa ote zen? Handia taketa bezala, zuzena taketa bezala, ez biziki argia (Elexpuruk aipatzen du Taket izengoitia Bergaran, eta gauzak aldrebes erraiten zituela), edo indartsua marrazoa bezala edota bortitza gaiztotzat hartua den arrain hau bezala? Behar bada ez, eta arraintzan gertatu zitzaion zerbaitengatik bildu zuen izengoitia. Sapolarrua berdin: beharbada gizon honek larrua bazuen beltzarana, iguzkiak errea; edota behin izialdura gertatu ote zitzaion? Zeren apolarrua deitzen da izitua izan ondoan jendeak duen larrua ikaran bezala, apolarrua du (‘chair de poule’). Izengoitia eman duenak balekike, eta gero batzuetan familian egoiten zen aitatxiri eman izena.
Beste gizon bat Xakola deitzen zuten, hots zarpa ttipi. Beste bat Arrapaillu beharbada, erraiten den bezala, eskuko erhiak edo atzamarrak gako zituen, denak beretako hartu nahiz. Beste bat Pistolett deitzen zen, bizi bizia zelakoan ala buru arina ala beste arrazoinez? Bada bistan dena Maiz Egarri deitzen dena. Beste bat Gatu arraiña. Kasu batzuetan izengoitia binperrez emana da, norbait Blanc deitzen zuten larrua arrunt beltzarana zuelako. Pertsonaia historikoak ere badaude eta bazen arrantzale bat Garibaldi deitzen zutena.
Apeza bazen beste izengoitia, Larrartek dio ‘onctueux’ zela hots gantzutua bezala eta gozo gozoa mintzatzeko eta artzeko manera bazuela, apezari doakion bezala. Beste bat Leguna deitzen zen. Badakigu ‘leguna’ dela itsasoan dabilan arrain multzo baten izena, balbaia edo sardara bezala, baina ez omen zen horrengatik Leguna deitzen, hura ere Apeza bezala neurriz eta izariz ari baitzen Leguna bildu zuen izengoitia, ez arras gaiztoa.
Gertatzen da istorio ttipi batek bere izena ematea norbaiti, hala nola haur denborakoa. Ba zen Olio deitu arraintzalea. Berez Joset deitzen omen zen eta amak igortzen zuelarik komisionen egitera, dena ahanzten zitzaion eta etxera itzultzen ohi zen olioa ekarriz bakarrik.
Kasu batzuetan ez dut ikusten nondik datorren izengoiti baten forma. Baziren Ziburun Thurin anaiak, arrantzale handiak, bat Ddangü eta bestea Ttürko. Ttürko beharbada Turk baten indarra zuelakoan, gorputzaz eta gogoz. Baina Ddangü? Ea norbaitek argitzen gaituen. Familiakoek ote?
Behar bada oker nabila baina iduritzen zait egungo egunean izengoitiak ez direla hainbeste asmatzen eta begiratzen. Behar bada jendeak ez baitira lehen bezainbat elkarrekin bizitzen urte luzeetan edo beharbada beste arrazoinik bada. Baina Maeva Sagastumek berrikitan bururatu duen master batean hauxe dio, baizik eta bere aita eskolan zelarik, haur guziek izengoitia ba omen zuten, hainbestetaraino non frangotan ez zuten ezagutzen lagunen izen ttipi ofiziala. Eta egungo geletan gauza bera ote?
Azken ohar bat: aipatu dudana gizon mundua da. Horra beraz Ttaket, Apeza, Olio, Ddangü et Ttürko. Emaztetan ere uste izateko da izengoitiak bazirela hala nola Begi txiki, Begibeltz, Begizuri, Txintxur Katalina, Maria Meharra baina gutiago bildu dut. Luzatzeko zerrenda da beraz.







