Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Irailaren 24a

Ibarrungo bestak aste hondarrean, “Zozoen afaria” antzerkia, Errugbia abian, Elkarteen Foroa, 1609ko auziei buruzko mintzaldia, Amotzeko kaperan kontzertua eta Udazkeneko oporretako animatzaileak

2026/2027 denboraldirako entrenatzaile eta zuzendari taldea.
2026/2027%20denboraldirako%20entrenatzaile%20eta%20zuzendari%20taldea.

Ibarrungo bestak aste hondarrean

Ibarrungo kartier xarmagarri huntan, Jondoni Mikelen bestak ospatuko dira irailaren 25etik 28ra, udazkenean sartu bezain fite. Beti bezala, programa mamitsua izan da. Ostiralean, 7,5km Herri Ttikiko lasterkaldia (18:30) eta mus txapelketa (19:00). Larunbat goizean pala txapelketako finalak izanen dira plazan, txerri kumearen jastatzea Emile taldeak animaturik (14:00) eta arratsean Julen’s taldea (18:00), Los Piquillos elektrotxaranga (20:00), Etxepe (22:30) eta Koloka (00:30) taldeak arituko dira. Etxeratzeko taxia urririk. Igandean, meza (10:30) eta aperitifa (12:00) Emak-hor-ek animatuak, Casetak (16:00), euskal jokoak (16:30), mutxikoak Patxi ta konpaniarekin (18:00), Indigo (20:00), Txaranga (21:00), DJ Elolomix (23:00). Astelehenean, gazteen eskeak (11:00), Ibarrundarren paella (14:00) eta Karaoke gaualdia (18:00) izanen dira.

“Zozoen afaria” antzerkia

Larreko kulturgunean, komedia herrikoia eskainia zauku erdaraz “Le Dîner des cons” deitzen dena, zinez antzerki irringarria, gutarik anitzek ikusi duguna. Pierre editoreak “Zozoen afari” batean parte hartzen du asteazkenero. Printzipioa bakoitzak zozo bat ekartzea da eta ikusgarriena aurkitu duena garaile bezala agertzen da. Oraingoan, Pierren gomita da François Pignon famatua. Ostiral eta larunbatean, irailaren 25 eta 26an emana izanen da (20:30). Iraupena: 1:40. Prezioa 30€, 24€ (murriztua). Erreserba turismo bulegoan edo www.billetreduc.com/spectacle/le-diner-de-cons-397071 gunean.

Errugbia abian

2026-2027ko denboraldia hor dugu. Aurtengo helburua R1 mailako sailkapenean ongi figuratzea da. Xede honen betetzeko, oztopoak izanen direla badakite eta iazko urtea epela izan bada ere, iduriz baldintza hobeagotan abian dira. Senpertar trebatzaile berriak, David Gaillet eta Paxkal Borthaire ongi motibatuak agertu dira. Beren aitzinean aurkituko dituzte Lembeye, Orthez, St Martin de Seignanx, Bardoze, Benejacq, Aspe, Sévignacq, Uztaritze-Jatsu eta Marsacq.

Maleruski, lehen partida galdu dute irailaren 20an, Lembeye-ko taldearen kontra: erreserbak (10-29) eta lehen taldeak (16-32). Hurrengo partida irailaren 27an iraganen da Sevignacq-en.

Elkarteen Foroa

Aurten ere elkarteen bilketa berezia jendetsua izan da, haur anitz beren burasoekin interes handiz ibili dira, aktibitate aproposa lortu nahiz. Herri batean elkarbizitzaren oinarriak dira elkarteak, hemen aukera asko eskainiak ziren alor guzietan.

1609ko auziei buruzko mintzaldia

Gai hori aski aipatua, jorratua eta idatzia izan bada ere, betidanik ikusmina sortzen du. Gaurkoan ere Inharria baserria ustegabean ongi bete da. Jean Sauvaire historialari senpertarrak ongi azaldu digu garai hartako testuingurua, bereziki De Lancre epaileak bere gaiztakeria eta obsesio gordinean nola kondenatu zituen hainbertze emazte hobengabeak.

Amotzeko kaperan kontzertua

Igande arratsaldean (17:00), irailaren 27an, Erlauntza emazte abesbatza ikusten ahalko da. Emazte otxote izpirituari segituz, obra desberdinak eskainiak izanen dira: euskal abestiak baita ere mundu osoko kantuak, parte-hartze librean.

Udazkeneko oporretako animatzaileak

Udazkeneko oporretan aisialdi zentroan eta nerabeen poloan aritzeko, Herriko Familia eta Hezkuntza Poloak animatzaileak xerkatzen ditu. Interesa dutenei, galdegina da curriculuma eta aurkezpen gutun bat bidaltzea 2026ko irailaren 25a baino lehen helbide huntara: personnel@senpere64.fr edo alsh@senpere64.fr.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3850. zbk

Gure Hitza | 2026/09/24

Euskal Herriko boneta zuretzat itsusia!

Menane Oxandabaratz

Duela urteak, Baionan laborarien manifestazio batean, suprefetaren aginduz, poliziak gogor kargatu zuen. Roger Idiartek Estatuko ordezkariaren jarrera umorez salatzeko Baionako suprefeta kantua idatzi zuen.


Prefetak gehienetan bizpahiru urterentzat izendatuak dira eta goi funtzionario izaiteko eskolak eginik, lurralde ezezagun batetara etortzen dira. Ministroen Kontseiluak izendatuak, presidentearen eta barne ministroaren bermearekin lan egiten dute. Funtzionario horiek Estatua ordezkatzen dute eta izendatuak diren departamenduetan botere politiko azkarra dute. Ondorioz estatu zentralaren erabakiek tarteka populazioan protestak sortzen ditu.


Duela guti, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta berriak, Itsasuko Herriko Etxea behartu du herriko eraikin batean egin freska ezabatzera, bere erranetan “terrorismoa goraipatua” zelakoz. Itsasuko gertakariak frogatzen du ordena publikoa eta herri baten oroimen historikoak ezin direla...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016