Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Irailaren 24a

“Euskararen garaia da”, Elgar laguntzea herriko sozial zerbitzuarekin, Obrak eta trabak, Klima eta Arantxa Urretabizkaia

Euskararen%20garaia%20da_%20Elgar%20laguntzea%20herriko%20sozial%20zerbitzuarekin_%20Obrak%20eta%20trabak_%20Klima%20eta%20Arantxa%20Urretabizkaia

Iragan astean Hazparneko herria ohoretan emana izan da Sud Ouest egunkarian. Herri hunek duen iragana eta geroa irakurtu dira hor. Bestalde asteburua ezin aberatsagoa izan da bertsolarien txapelketaren abiatzearekin, Maitaldiaren dantza ikusgarriekin eta kaperako musikaldiarekin. Lasterka eta lasaigo ibiltzeko moldea ere bazen Urtxin'trail gertakariarekin. Heldu den asteburuan oraino Hegalka dantza taldeak bere 50 urteak ospatuko ditu irailaren 26 eta 27an emanen dituen ikusgarriekin. Rémi Geffroy musikari famatuak lagunduko ditu. Toki guziak aitzinetik saldu dira.

“Euskararen garaia da”

Euskal Konfederazioak manifestazio handi bat apailatzen du azaroaren 21ean Baionan euskaren defentsarako. Karia hortara bilkura andana bat eginen ditu herriz herri eta irailaren 24an Hazparneren aldi izanen da. Ezkia ikastolan (19:30) emana da hitzordua. Nahi duen orori idekia da.

Elgar laguntzea, herriko sozial zerbitzuarekin

Laguntzaileak sustengatu: anitz dira etxeko bat eri, enbalier edo adinagatik autonomia galdua duen norbait egunero laguntzen dutenak. Horientzat memento goxoa eskainiko da, bizipenak trukatzeko edo profesionalak diren laguntzaileetaz gehiago jakiteko. Hilabetero, Lissar karrikan den Chocolat Pascal ostatuan elgarretaratzea antolatzen da hilabeteko lehen asteartean (14:30-16:00). Kitorik da eta orori idekia. Dispositiboa urriaren 6an estreinatuko da.

Ikasleen laguntzeko: Hazparnen eskolatuak diren gazte eta haur batzuk (lizeo, kolegio eta lehen maila) etxeko lanen egiteko zailtasunak baldin badituzte, sustengu saioak badira urririk. Euskaraz edo frantsesez egiten dira Omiasainduko oporretarik landa. Izena emaiteko: 05-59-70-29-07 edo ccas@ville-hasparren. Bestalde, horretarako laguntzaileak ere ongi etorriak dira. Ez da beste munduko jakitaterik behar askotan, sustengatua senditzen den haurra hobeki aitzinatzen delako.

Obrak eta trabak

Urriaren 14a arte iraunen dute Argia karrikan egiten diren obrek: plantako espaloi bat eginen da nekez dabiltzanentzat, bizikletaz ibiltzeko moldea egokituko da, autoen uzteko tokia arramoldatuko da, hondarkinen botatzeko untziak lurperatuko dira. Obren garaian autoak ibiltzen ahalko dira pazientzia pixka bat hartuz.

Klima

Klimaren astea antolatua da urriaren 2tik 11ra eta karia horretara elgarretaratze anitz gertatuko da. Animazio hoirek heldu den astean aipatuko ditugu xeheki. Bainan jakin behar da oraidanik eta urriaren 10a arte “Lurra eta uraren artean: gune bustietako bidaia” deitu erakusketa ikusgai dela mediatekan usaiako tenoreetan.

Arantxa Urretabizkaia

HAIK (Hazparne Aldeko Irakurleen Kluba) elkarteak aurten Arantxa Urretabizkaia idazlearen hobeki ezagutzeko parada eskaintzen du. Hortarako bi hitzordu proposatzen ditu: lehena urriaren 26an Et'abar ostatu-liburutegian (10:00-12:00), orori idekia, liburuak irakurtuak izan ala ez eta bigarrena Arantxarekin azaroaren 14an mediatekan (15:00). Orduan idazleak bere obra aipatuko du eta harekin solastatzeko momentua izanen da.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3850. zbk

Gure Hitza | 2026/09/24

Euskal Herriko boneta zuretzat itsusia!

Menane Oxandabaratz

Duela urteak, Baionan laborarien manifestazio batean, suprefetaren aginduz, poliziak gogor kargatu zuen. Roger Idiartek Estatuko ordezkariaren jarrera umorez salatzeko Baionako suprefeta kantua idatzi zuen.


Prefetak gehienetan bizpahiru urterentzat izendatuak dira eta goi funtzionario izaiteko eskolak eginik, lurralde ezezagun batetara etortzen dira. Ministroen Kontseiluak izendatuak, presidentearen eta barne ministroaren bermearekin lan egiten dute. Funtzionario horiek Estatua ordezkatzen dute eta izendatuak diren departamenduetan botere politiko azkarra dute. Ondorioz estatu zentralaren erabakiek tarteka populazioan protestak sortzen ditu.


Duela guti, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta berriak, Itsasuko Herriko Etxea behartu du herriko eraikin batean egin freska ezabatzera, bere erranetan “terrorismoa goraipatua” zelakoz. Itsasuko gertakariak frogatzen du ordena publikoa eta herri baten oroimen historikoak ezin direla...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016