Gure Hitza | 2026ko Irailaren 24a
Euskal Herriko boneta zuretzat itsusia!
Menane Oxandabaratz
Duela urteak, Baionan laborarien manifestazio batean, suprefetaren aginduz, poliziak gogor kargatu zuen. Roger Idiartek Estatuko ordezkariaren jarrera umorez salatzeko Baionako suprefeta kantua idatzi zuen.
Prefetak gehienetan bizpahiru urterentzat izendatuak dira eta goi funtzionario izaiteko eskolak eginik, lurralde ezezagun batetara etortzen dira. Ministroen Kontseiluak izendatuak, presidentearen eta barne ministroaren bermearekin lan egiten dute. Funtzionario horiek Estatua ordezkatzen dute eta izendatuak diren departamenduetan botere politiko azkarra dute. Ondorioz estatu zentralaren erabakiek tarteka populazioan protestak sortzen ditu.
Duela guti, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta berriak, Itsasuko Herriko Etxea behartu du herriko eraikin batean egin freska ezabatzera, bere erranetan “terrorismoa goraipatua” zelakoz. Itsasuko gertakariak frogatzen du ordena publikoa eta herri baten oroimen historikoak ezin direla uztartu.
Prefeta bat herriko kontseiluko erabaki baten kontra denean, arma juridikoaz baliatzen da. Berrikitan, Baionako eta Sarako Herriko Etxeek euskararen alde bozkatu dutenean, Paueko prefetak auzipetu ditu. Agorrilean auzitegi administratiboak prefetaren alde egin du, Baionako eta Sarako kontseiluen erabakia bertan behera utziz.
Adibide horiek erakusten dute frantses gobernu zentralaren eta tokiko errealitatearen artean bi mundu daudela. Ihardukitze batzuek trabatzen dutelarik, prefetak berehala salaketa pausatzen du. Estatuaren eta auzitegien sustenguarekin, juridikoki eta politikoki irabazten du. Itsasuko kasuan Herriko Etxea behartu du freska ezabatzera. Bestenaz, isunak ordaintzera behartua izanen da, itsasuarrek zergen bidez ordaindu beharko dutena.
Bi adibide hauek ez dira zorigaitzez bakarrak. Gogoan dut Batera plataformak 2010eko martxoan Eskualdeko hauteskundeez baliatuz, Lurralde Kolektibitate baten alde erreferenduma antolatu zuela. Philippe Rey, garai hartako Paueko prefetak, kontsulta hori oinarri juridikorik gabekoa zela salatu zuen eta Ipar Euskal Herriko auzapezak mehatxatu zituen. Hala ere, 90 auzapezen babesarekin, 124 Herriko Etxeren aitzinetan egin zen.
Betidanik, prefeta edota suprefeta batzuek euskararen, laborarien, sindikatuen, kolektiboen… kontra arma juridikoa ateratzen dute. Parean kontrako mobilizazioak antolatuak dira, ihardukitzeak badira, populazioaren parte bat kontra jartzen da. Paueko prefeta buruan duzu kasketa, zuretzat itsusi baita Euskal Herriko boneta!




