Mundu zabalean | 2026ko Irailaren 24a
Munduko karta zuzendua izan da
Jojo Bidart
Buruilaren 4an, Nazio Batuetako Asanbladak kasik aho batez onartu zuen Afrikarrek egin proposamen bat: 16. mendetik erabiltzen dugun munduko karta zuzentzea, errealitateari hurbilago izaiteko.
Boz bakar bat altxatu da erabaki horren kontra, munduko dominazioa galdu nahi ez duen Ameriketako Estatu Batuena. Donald Trumpen administrazioari berdin zaio mundu osoaren kontra agertzea.
Nazio Batuetako hautu argia
Eskoletan eta toki publiko edo pribatu guzietan agertzen den munduko karta, Mercator izenekoa, 16. mendetik erabiltzen da. Karta horrek plano batean erakusten ditu gure planeta esferikoan diren itsaso eta kontinenteak. Haatik, huts zonbait badira karta hortan, herri batzu egiazki diren baino handiagoak agertzen direlako eta beste batzuk ttipiago.
Hala nola, ipar emisferoan dauden Ipar Amerikako herriak, Europa eta Errusia errealitatean diren baino handiagoak erakutsiak dira eta Afrika edo Hego Amerikako herriak ttipiago erakutsiak dira. Adibidez, Mercator karta hortan iduri luke Groenlandia eta Afrika ber eremukoak direla, egiazki Afrika 14 aldiz handiagoa delarik.
Huts horien zuzentzeko galdea egin du Afrikako Togo herriak, Afrikako Herrien Batasunaren sustenguarekin. Zuzenketa horren alde bozkatu dute munduko 164 herrik, 6 abstenitu dira eta bakar batek du kontra egin, AEB edo Amerikar Estatu Batuek.
Mercator mapa zer da?
1569an fama handia ukanen duen mapa marraztu zuen Gerard Mercator flandiar matematikalari eta geografo ezagunak. Teknika berri bat asmatuz planetaren forma esferikoa duen globotik plano batetarat proiektatuko zuen munduko karta. Mariñelentzat moldatua zen karta berri hunen abantaila zen norabideetako angeluak xuxen zirela. Bainan huts handiena zuen azalerak desformatuak zirela poloetatik hurbilduz. Ondorioz, iparraldeko herriak egiazki baino handiagoak dira eta ekuadorrearen ingurukoak ttipiagoak. Hala ere, lau mende eta erdiz hori da mundu guzian nagusituko den karta edo mapa.
Equal Earth edo Eckert IV mapa zuzenagoak
Gure mundua desitxuratua zela aspaldidanik erraiten zuten geografoek eta beste mapa zuzenagoak proposatu, izan Equal Earth edo Eckert IV bezalakoak, bainan ez zaie kasu handirik egin munduko giderrak atxikitzen dituzten iparraldeko herri aberatsenek.
Afrikatik etorri da aldaketa. Togo herriak iniziatiba harturik, Afrikako Herrien Batasunaren sustenguarekin, Afrikak eta Hego Amerikak egiazki duten itxura errespetatuko duen karta zuzenago bat erreferentziatzat hartzea proposatu du Nazio Batuetako Asanbladari.
Hitza hartu duen Robert Dussey Togoko ministroarentzat erabakia geografia baino urrunago doa. Harentzat “gure munduaren ikusteko eta ulertzeko moldeak dira kartak. Hezkuntza bideratzen dute, asmakizuna hazten eta pertzepzio kolektiboan eragiten”.
Mezua entzuna eta proposamena onartua izan da, erran bezala kasik aho batez. Bainan AEBek kontra egin dute, zergatik ote?
Ameriketako Estatu Batuen nagusitasun nahia beti aitzina
Zalantzarik gabe onartuak diren neurketa zehatzetan oinarritua den afrikarren proposamenak ez du nihungo kontrako argumentu zientifikorik. Estatu Batuetako ordezkarien kontrako bozka justifikatzeko aitzinatua izan den argumentu bakarra da Equal Earth proposamen horren gibelean ONU edo Nazio Batuetako “proiektu ideologiko erradikala” badagoela.
Trumpen administrazioak Nazio Batuetako egituren kontrako erasoa segitzen du akulatzen eta ez da hortan gelditzen. Munduko beste herri guzien erabakiaren biharamunean, Donald Trumpek berak aurkeztu du, karta baten bidez, amerikanoek duten munduko ikuspegia. Ameriketako Estatu Batuen banderapean agertzen dira Trumpek bereganatu nahi dituen eremuak: Kanada, Mexiko, Groenlandia bai eta Islandia eta Antillak ere. Ez da haren lehen probokazioa. Mexikoko Golkoa Ameriketako Golkoa berrizendatu baitu eta Ontario Lakua Ameriketako Lakua bilakatu da harentzat.
Irudimen kolektiboan indar berezi bat dute eskualdeen izenek eta kartetako irudikapenek eta hori baliatu nahi du haren alde bozkatzen duten amerikanoen lausengatzeko, “America first” leloa errepikatuz eta gauzatuz.
Nazio Batuetako erabakia ez da inposatua bainan kontseilu bat da munduko herrieri emana dena Equal Earth bezalako karta bat eskola eta toki publiko ala pribatuetan erabilia izan dadin, Afrika eta Hego Ameriketako herriek duten egiazko neurria denen begi bixtan izan dadin. Karta baten hautua ez baita sekulan neutroa.





