Herriz Herri - Angelu (L) | 2026ko Irailaren 24a
Angeluko Kabalkada, hogei urteren buruan berriz plazan
Hogei urte baino gehiagoko etenaldiaren ondotik, Angeluko Kabalkada berriz plazaratu da. Lehen emanaldia irailaren 20an, igandearekin, eskaini zuten Hardoi pilotalekuan. Dantza, musika, antzerkia eta satira uztartuz, ehunka angeluarrek azken hilabeteetan eraman duten lan kolektiboa erakutsi zuten. 2002az geroztik ez zen kabalkadarik antolatu Angelun. Aurtengo hitzorduak, beraz, toki berezia du herriko kultur bizian. Angeluarrak dantza taldearen 60. urteurrenaren karietara sortu dute egitasmoa, euskal kulturaren transmisioa eta herritarren arteko loturak indartzeko xedearekin. Jende anitz hurbildu zen bertara eta lehen emanaldi honek erakutsi du kabalkada ez dela iraganari begirako ikusgarri hutsa, baizik eta gaur egungo Angeluren isla ere izan daitekeela.
Orotara, 16 eta 85 urte arteko 300 bat lagun engaiatu dira abenturan. Dantzariak, musikariak, antzerkilariak, jostunak eta beste hainbat laguntzaile elkartu dira, bakoitzak bere jakintza eta indarrak ekarriz. Hogei bat jostunek, besteak beste, 190 jantzi inguru prestatu dituzte. Euskaldunak nahiz euskaldunak ez diren herritarrak bildu ditu proiektuak, belaunaldi eta ibilbide desberdinen arteko zubiak eraikiz.
Bigarren emanaldia eta besta larunbatean
Kabalkadaren bigarren eta azken emanaldia irailaren 26an, larunbatarekin, iraganen da Quintaou plazan, (16:30). Lehen hitzordura joaterik izan ez zutenek Angeluko herritarrek prestaturiko ikusgarria ezagutzeko azken aukera izanen dute. Sarrerak agortuak dira jadanik.
Emanaldiaren ondotik, ospakizunak Donibane aretoan segituko du “Azken dantza” gaualdian. Kontrabanda taldearen kontzertua izanen da, baita edateko eta jateko aukera ere.





