Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Irailaren 24a
Bideko radar itsua, Ur hatsa proiektua eta Aste Urdina Bardozen
Bideko radar itsua
Bideko radarrak ez dira luzaz bizitzen gure herrian. Oroitzen garen bezala, Bulain epizeriaren ondoan zena laupabost aldiz moztua izan zen, lore ontzi eder bat bilakatu aitzin. Bainan Estatuko zerbitzuek ez zuten uko egin, eta gure segurtasunari kasu handia eginez, beste radar berri berri bat ezarri zuten pasa den astean, urrunago Baionako errepidean. Egun batzuk berantago, radar malurus hori ere pusatua eta horiz tindatua izan zen, bideko argazkirik har ez dezan. Pintura hurbiletik begiratuz, zezen baten marrazkia ikus dezakegu. Erran nahi ote du zezen batek pusatu duela? Auskalo!
Ur hatsa proiektua
Tropa berezi bat pasatu zen gure herrian igande goizean, Bastidatik etorria eta Miarritzera abian. 50 musikari eta dantzari inguru, urdinez jantziak eta energiaz beterik zeharkatu zuten gure herria danborren erritmoan dantzatuz, Maitaldia festibala kari. Herriko Etxearen aitzinean gelditu ziren momentu batez, txoriak oroitarazten zituen koreografia eder baten egiteko, bai eta kantu goxo batzuk kantatzeko. Ondotik, publikoa borobilan sartu zen mutxikoak eta dantzak eguzkipean egiteko. Mezatik ateratzen ziren fededunak ere hurbildu ziren giroa preziatzeko! Tropa eder horrek segitu zuen bere ibilaldi poetikoa mediatekara joanez, zahar etxearen ondotik pasatuz, beti dantzan eta irriz. Ur Hatsa izeneko proiektu hori Bastidako “Clarenza” elkartearen sorkuntza da, Bilaka eta Hedo kolektiboa eta inguruko dantza taldeen partaidetzarekin.
Aste Urdina Bardozen
Urriaren 8an ortzegunarekin, Albodi zahar etxe aitzinetik abiatuz, Bardozeko herriak, Albodi zahar etxeak, Bethi Aintzina hirugarren adineko batasunak, Gizarte Ekintzarako Herriarteko Zentroak, Eihartzea haurtzaindegiak, Pierre Laborde eskola publikoak, Santa Maria eskola pribatuak, baita Xarnegu Ikastolak, ibilaldi bat antolatzen dute herri inguruan, musika animazioekin eta joko kolektiboekin (14:00). Gero, denek elkarrekin arratsaldeko askaria partekatzen ahalko dugu Salha jauregi ondoko gelan. Zatozte bat egitera gurekin! Beztitzeko kodea: urdinez. Lepokoa badugu zuretako. Aste Urdina erretretatu eta adineko jendeen nazio mailako astea da, 7 egunez, iritzi publikoa erretretatuek ekonomia, jendarte eta kultura biziari egiten dioten ekarpenaz sentsibilizatzeko. Parada ezin-hobea da gizaldien arteko loturak sortzeko.





