Ba ote dakixu? | 2026ko Irailaren 24a

Lehen eusko jaurlaritza (4/4)

Gilen Bacho

1937ko maiatzaren 22ko Agirreren dekretu bat
1937ko%20maiatzaren%2022ko%20Agirreren%20dekretu%20bat

1936ko euskal estatutua 1932ko Kataluniako estatutuan oinarritu zen. Kataluniaren kasuan bezala, euskal estatutuak “herrialde autonomo” bat sortu zuen, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzietatik osatua, ofizialki bederen, egiazki Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean bakarrik indarrean baitzen (frankistek beste lurraldeak okupatzen zituzten). Finantzabideei buruz, kontzertu ekonomikoa lortua izan zen. Sustut, estatutuak euskal parlamentu bat eta eusko jaurlaritza bat sortu zituen.

Estatu baten funtzioak

Hauteskunderik ez baitzen antolatu ahal izan gerla egoera horretan, gune errepublikanoan ziren herriko kontseilariek zutela eusko jaurlaritzaren lehen presidentea, lehendakaria, hautatuko erabakia izan zen. Urriaren 7an, Gernikako juntetxean, kontseilariek, aho batez, EAJ-PNV-ko liderra, Jose Antonio Agirre, hautatu zuten lehendakari gisa. Agirrek berehala gobernua osatu zuen, zeinean jeltzaleek kargu inportanteenak zituzten: Defentsa (Agirre bera arduratu zena), Justizia, Kultura, Gobernantza eta Finantzak. Beste kontseilariak Fronte Popularreko alderdietakoak ziren. Sozialistek hiru kargu bazituzten (Industria, Lana eta Gizarte-laguntza), Izquierda Republicanak bi (Merkataritza eta Hornidura), Union Republicanak (Osagarria), Accion Nacionalista Vascak (Laborantza) eta Euskadiko Alderdi Komunistak (Obra publikoak). Gobernu pluralista zen baina egiazki Agirrek zuen boterea bere eskuetan kontzentratu, lehendakari eta defentsako kontseilari izanez, memento batean zeinean gerlak zuen lehentasuna. Agirre lehendakari bihurtu zelarik, frontea egonkortu zen eta egoera militarra ez zen aldatu sei hilabetez, eusko jaurlaritzari denbora hori emanez bere politika garatzeko. Hilabete horretan, Eusko jaurlaritzak Euskadiren bakartasuna baliatu zuen kasik Estatu baten konpetentzia guziak bere eskuetan hartzeko, subiranotasun-funtzio nagusiak barne. Atzerriko harremanak garatu zituen atzerriko ordezkaritzak instalatuz, sustut Frantzian eta Britainia Handian. Defentsa mailan, egiazko armada bat osatua izan zen, Eusko Gudarostea, Agirrek manatzen zuena. Euskal polizia berriak (Ertzaina) zuen ordena publikoa begiratu. Eusko jaurlaritzak moneta egiteko boterea hartu zuen eta pasaporteak egiten zituen ere. Justizia berriz antolatu zuen eta graziazko barkamenak eman zituen. Euskal unibertsitatea sortu zuen ere eta euskararen koofizialtasuna erabakia izan zen.

“Euskal oasia”

Agirreren Eusko jaurlaritzak politika moderatu bat eraman zuen, berezia zena gerla zibil egoeran baina jeltzaleen ideiei leial zena. Errepublikaren baloreak goratu eta biziarazi zituen, libertate guziak defendatuz eta errespetatuz, erlisione eta kultuaren libertateak barne, errepresio politikorik eraman gabe. Horregatik, “euskal oasi” bat izan zela usu errana izan da, 1936ko urritik 1937ko martxora bederen, nazionalistek ofentsiba militar berri bat piztu zutelarik. Ofentsiba zinez odoltsua baina ere erabakigarria, nazionalistek (frankistek) Bilbo hartuko baitzuten ekainaren 19an eta Bizkaia osoa, definitiboki, uztail hasieran. Lehen Eusko jaurlaritzak ez zuen gehiago lurralderik kontrolatzen eta Francok Bizkaia eta Gipuzkoako autonomia eta kontzertu ekonomikoa desegitea erabaki zuen (Errepublikari leial izan baitziren, Araba eta Nafarroa ez bezala). Halere, Eusko Jaurlaritza ofizialki bizirik egon zen eta, Agirre, bere lehen presidentea, bere heriotza arte, 1960an, Donibane Lohitzunen, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari egon zen.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3850. zbk

Gure Hitza | 2026/09/24

Euskal Herriko boneta zuretzat itsusia!

Menane Oxandabaratz

Duela urteak, Baionan laborarien manifestazio batean, suprefetaren aginduz, poliziak gogor kargatu zuen. Roger Idiartek Estatuko ordezkariaren jarrera umorez salatzeko Baionako suprefeta kantua idatzi zuen.


Prefetak gehienetan bizpahiru urterentzat izendatuak dira eta goi funtzionario izaiteko eskolak eginik, lurralde ezezagun batetara etortzen dira. Ministroen Kontseiluak izendatuak, presidentearen eta barne ministroaren bermearekin lan egiten dute. Funtzionario horiek Estatua ordezkatzen dute eta izendatuak diren departamenduetan botere politiko azkarra dute. Ondorioz estatu zentralaren erabakiek tarteka populazioan protestak sortzen ditu.


Duela guti, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta berriak, Itsasuko Herriko Etxea behartu du herriko eraikin batean egin freska ezabatzera, bere erranetan “terrorismoa goraipatua” zelakoz. Itsasuko gertakariak frogatzen du ordena publikoa eta herri baten oroimen historikoak ezin direla...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016