Gure Hitza | 2019ko Urtarrilaren 24a

Lehendakariari dolamena

Peio Jorajuria

Izendapen frango erabiltzen ditugu hiru hilabete hauetan frantses lurraldean bazterrak harrotzen ari dituen sozial mugimendua izendatzeko: jaka horiak, palto horiak, atorra horiak, txaleko horiak, horiz jantziak, jantzigaineko horiak, soingaineko horiak, barneko horiak, barnekomotz horiak... Laborari aldizkarian, Jean-Louis Davanten lumapean, zubereraz beraz, "kasabet holliak" ere irakurtu dut. Zenbat hitz errealitate bakar baten izendatzeko!

Joan den urri erditan abiaturik, mugimendu sozial horrek beti dirau. Eguberri garaian hatsantzen ari zela ematen zuen bainan hor dugu beti bizkor. Dolamen kaierak ari dira loratzen. Aitortu behar da, haatik, eskakizunak halako nahas mahas burtzoragarrian aldarrikatuak direla, zaku berean ezarririk onddo kasko beltz murtxagarriak, biper biziak, marrubi kutsatuak, aza buru borobilak, patata ustelak eta arroltze kolokak. Atxikitzekoak bezainbat botatzekoak. Zer biharamun ukanen ote dute dolamen horiek? Satisfamendu baino frustrazio gehiago naski! Badira soingaineko horiak negoziatzeko prest daudenak, bertze batzuk 'negoziatze' hitza entzun nahi ere ez dutenak, konfiantza osoki galdurik. Bortizkeria ere hor, bai manifestatzaileena, bai polizarena, aterabide duin baten lausotzaile. Macron lehendakariak proposatu du auzapezen laguntzarekin eztabaida nazional handi bat iragan dadin bi hilabetez populuaren eta agintarien artean, frantses nazioarentzat elgarrekin kontratu berri baten eraikitzeko xedearekin. Egia da gobernuaren eta populuaren arteko zubiak aspaldi huntan moztuak direla. Eta alderdi politikoak, sindikatuak eta hedabide nagusiak alor askotan arrunt jokoz kanpo direla.

Ene aldetik, dolamen bakar bat helarazi behar banioke Macron lehendakariari, hau liteke: dagon tronutik jautsirik, joan dadila populuaren erdira, populuaren bizi heina zinez ezagutzeko, Pepe Mujika Uruguaiko lehendakari ohiak egin zuen bezala. Erroak Bizkaian dituen Montevideoko seme hori gaztetan Tupamaros gerilleroetan ibilia da, preso egona, basaki torturatua, Juan Maria Bordaberryren diktadurapean bereziki. Demokrazia itzultzearekin, politikaren alorrean engaiatu zen, lehendakari bilakatzeraino (2010-2015). Eta ez nolanahiko lehendakari! Lehendakariaren palazioa aldebat utzirik, bere andrearen etxalde xumean bizitzea hautatu zuen, bere presidente-irabaziaren %90a utziz sozial beharrentzat eta 900€ baizik ez atxikiz bere behar proprioentzat. 2012ko hotz handien garaian, palazioa aterbegabeen esku utzi zuen. Eta bost urteren buruan, lehendakaritza utzi zuen bere betiko bizi xumera itzultzeko, lurraldeko ekonomia sanoturik, langabeziaren heina biziki apalarazirik eta egoera politiko egonkorra eraikirik. Ez dut uste munduan baden gisa hortako bertze adibiderik. Jupiter ospetsuaren tronua utzirik, Macronek Mujikaren bide berdintsua hartzen balu, populua sahetsean luke...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3483. zbk

Zozo aberatsa beti aberatsa da Zozo pobrea beti zozoa

(Anatole France)

Gure Hitza | 2019/01/24

Lehendakariari dolamena

Peio Jorajuria

Izendapen frango erabiltzen ditugu hiru hilabete hauetan frantses lurraldean bazterrak harrotzen ari dituen sozial mugimendua izendatzeko: jaka horiak, palto horiak, atorra horiak, txaleko horiak, horiz jantziak, jantzigaineko horiak, soingaineko horiak, barneko horiak, barnekomotz horiak... Laborari aldizkarian, Jean-Louis Davanten lumapean, zubereraz beraz, "kasabet holliak" ere irakurtu dut. Zenbat hitz errealitate bakar baten izendatzeko!

Joan den urri erditan abiaturik, mugimendu sozial horrek beti dirau. Eguberri garaian hatsantzen ari zela ematen zuen bainan hor dugu beti bizkor. Dolamen kaierak ari dira loratzen. Aitortu behar da, haatik, eskakizunak halako nahas mahas burtzoragarrian aldarrikatuak direla, zaku berean ezarririk onddo kasko beltz murtxagarriak, biper biziak, marrubi kutsatuak, aza buru borobilak, patata ustelak eta arroltze kolokak. Atxikitzekoak bezainbat botatzekoak. Zer biharamun ukanen ote dute dolamen horiek? Satisfamendu baino frustrazio...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016