Inbido | 2019ko Urtarrilaren 24a

Nor joaiten da elur-tokietarat?

Muslaria

Chamonix, Alpetako elur-toki famatuenetarik batto..
Chamonix_%20Alpetako%20elur-toki%20famatuenetarik%20batto..

Hauxe da galdea hori berriz! Nor joaiten den elur-tokietarat? Gaurko egunean nornahi! Luzaz eta luzaz haatik etzen kasik nehor joaiten! Hor ere denborak kanbiatu dira, eta ez guti! Neguan, zonbait hilabetez segidan, elur-tokiek badute gaitzeko arrakasta. Haur, gazte eta ez hain gazte, ainitz badira, gero eta gehiago naski, elur-toki batean egonaldi bat egiten dutenak, laburra bada laburra... Eta han, elur-jokoeri plantatzen dira eskiak eskutan... Elurraren gainean lerratuz. Labainduz edo irristatuz, lekuka erraiten den bezala.

Aspaldiko ixtorioa

Orai biziki ezagutuak diren elur-kirolak ez dira hain aspaldikoak. Bainan elurrez estali eremuetan halako taulatxo baten gainean lerratzea patar bati beheiti, eskian bezala nolazpait, hori duela lau mila urte jadanik egiten zen Ipar-Europan. Gehienik orai Norvegia deitzen dugun eskualdean. Eski hitza bera ere handik jina omen da eta denetarat hedatua. Frantzian, 1841-ean entzun omen zen hitz hori lehen aldikotz... Ikerleen arabera, hemeretzigarren mendean hasi ziren, Norvegian preseski, gazte batzu eski bat baliatuz zoin-lehenka elurrez-elur. Lehen lehiaketa 1867- an egin zen. Orai, joko hortan ari direnak beti bi eskirekin ikusten dira. Usaia hori 1910-ean agertua da, doi-doia duela mendeño bat. Ordu arte, eski delako makilatxo bakar batekin zabiltzan eta oraikoak baino aise luzeagoa zen taulatxo baten gainean. 1878-an, Parisen izan zen nazioarteko erakusketa handi-handi bat eta eskiak baziren ikusgai, Frantzian kasik behinere ez ikusiak. Baziren berehala berotu zirenak probatu nahiz nun nola baliatzen ahalko ziren... Keinka bertsuan, armadaren konduko mendialde batzutan sartu ziren eskiak, armadako aitzindariek jakinik Italian bazirela jadanik soldadoak eskiekin ibilki elurra lodi izaiten zen gune batzutan.

Gaitzeko sua!

14-ko gerlatik landa gero eta toki gehiagotan, Europan gaindi bainan ere Ameriketan, elur-kirolak azkarki sartu ziren. Frantzian, sortu ziren eta handitu geroztik fama gaitza daukaten elur-tokiak, besteak beste Chamonix eta Saint-Moritz. 1924-an hain xuxen Chamonix elurgunean egin ziren neguko Olinpi-Jokoak eta karia hartarat ozka on batez emendatu zen elur-jokoen arrakasta. Alpetarik beste mendi batzutarat hedatzen ere hasi. 1936-an, langileriak ardietsirik bi asteko oporraldia, eta hori nagusiaren gain, horrek ere ukan zuen ondorio, elurtokien alderateko sua egundainotan azkartu baitzen. Alimaleko arrasta- kolpea izan zen bixtan da 40-ko gerlarekin bainan gerla hori bururatu orduko zen sua berriz piztu eta nolako oldarrean! Bai Frantzian eta bai beste ainitz herrialdetan. Hogoi bat urte barne, elur-kiroletako gune berezi frango sortu ziren eta jadanik bazirenak handitu ziren. Gaurko egunean, holako elur-guneak, zernahi muntadura berezirekin, badira 325 Frantzian gaindi. Alemanian 498, Ameriketako Estatu Batuetan 470. Austrian badira 254, heldu baita han dela gehienik eremu arau... Guk hurbilena kasik hor berean dugu, Iratiko kaskoetan. Frango hurbil ere La Pierre Saint-Martin, Santa-Graziko ondoan. Ez hain urrun Gourette, Biarnoan dena... Beste frango ba Pirinio mendi-lerroaren beste puntaraino... Bulta huntan, urtero zortzi miliun frantses badoatzi aldi bat bederen elurretarat, banabeste batean bospasei egunentzat. Behar da erran elur-tokiek "erreklama" ederra egiten dutela beren alde. Bestalde, ainitz eskoletan muntatzen dira egonaldi bereziak elur-tokietan, edo bederen ateraldi batzu elurrerat, goizean joan, aratseko berriz etxen... Horrek ere ainitz egin du, eta aitzina egiten ere, haurrak goizik ohartzeko elur-kiroleri...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3483. zbk

Zozo aberatsa beti aberatsa da Zozo pobrea beti zozoa

(Anatole France)

Gure Hitza | 2019/01/24

Lehendakariari dolamena

Peio Jorajuria

Izendapen frango erabiltzen ditugu hiru hilabete hauetan frantses lurraldean bazterrak harrotzen ari dituen sozial mugimendua izendatzeko: jaka horiak, palto horiak, atorra horiak, txaleko horiak, horiz jantziak, jantzigaineko horiak, soingaineko horiak, barneko horiak, barnekomotz horiak... Laborari aldizkarian, Jean-Louis Davanten lumapean, zubereraz beraz, "kasabet holliak" ere irakurtu dut. Zenbat hitz errealitate bakar baten izendatzeko!

Joan den urri erditan abiaturik, mugimendu sozial horrek beti dirau. Eguberri garaian hatsantzen ari zela ematen zuen bainan hor dugu beti bizkor. Dolamen kaierak ari dira loratzen. Aitortu behar da, haatik, eskakizunak halako nahas mahas burtzoragarrian aldarrikatuak direla, zaku berean ezarririk onddo kasko beltz murtxagarriak, biper biziak, marrubi kutsatuak, aza buru borobilak, patata ustelak eta arroltze kolokak. Atxikitzekoak bezainbat botatzekoak. Zer biharamun ukanen ote dute dolamen horiek? Satisfamendu baino frustrazio...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016