Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2019ko Urtarrilaren 24a

Amikuze

Amikuze

Otsail Ostegunak Zabalik elkarteak antolaturik

Badu orain 23 urte, Otsail Ostegunak egiten direla Zabalik elkarteak antolaturik. Aurten ere programa aberats bat proposatzen daukute. Otsaileko ostegunetan iraganen dira arratseko 8.30etarik 11k arte Donapaleun. Huna aurtengo programa. Otsailaren 7an: Maialen MORENO ZUBELDIAk Iparralde huntan bildu irri istorioetaz egin duen ikerketa lana presentatuko dauku. Otsailaren 14an: XAMAR jinen da esplikatzera nola bere belaunaldiko gazteek, frankismo bukaeran, bidaia bat abiatu zuten gordea izan zitzaien kultura eta hizkuntza berreskuratzeko. Otsailaren 21ean, Ainhoa INTXAURRANDIETA Gipuzkoako erraustegiaren trahola luzeetan gertatu diren gauza bitxietaz ariko zauku, nola botere politikoa botere ekonomikoaren peko nahi duten batzuk. Otsailaren 28an: Iñaki ETXELEKU, Notre Dame des Landes-ko ZAD-ean kurutzatu hainbat protagonisten lekukotasunak ekarriko dauzkigu.

Laborantza Ganbara ala Laborantxoa Ganbera?

Joan den ibiakoitzean, Ainhizen, laborari batek jakinarazi dauku departamenduko laborantza ganbarak, Donapaleun duen egoitza "Laborantxoa Ganbera" deitu duela (ikus argazkia). Baginakien Euskal Herriko Laborantza Ganbararendako nekeziak izan zirela denboran izenaren pausatzen, Estatuak ez baitzuen izen hori onartzen eta auzian trenkatu zela afera! Aldi huntan gure Ainhizen zen laborariak erraiten zaukun ea Paueko ordezkariek, izen hori emanez, ez dutenez Donapaleuko adarra "Laborantxa Ganberatxoa" erran nahi izan! Dena den, ikusiko Euskal Herriko laborariek hilabete hondar huntan bukatzen diren bozketa horietan nor hautatuko duten: "Laborantza Ganbara" ala "Laborantxoa Ganbera"?

Pagolako pastoralaren lehen errepika

Domingo Garat pastoraleko lehen errepika egina izan da urtarril hunen 12an, ibiakoitzarekin. 70 bat jokolari hurbildu dira, beste hainbat ikuslierren artean. Erritmoan ibiltzea eta lehen kantorearen ikasten hasi dira. Amikuzeko irratian, Amaia Boy arizaleak mustraka nola iragan duen esplikatzen du.

Besteak beste...

Saint Louis zinegelan pasatuko da astearte huntan, urtarrilaren 22an (20:30), "Oreina" euskarazko filma, Koldo Amandoz-ek egina. Bera hor izanen da filmaren ondotik jendearekin solastatzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3483. zbk

Zozo aberatsa beti aberatsa da Zozo pobrea beti zozoa

(Anatole France)

Gure Hitza | 2019/01/24

Lehendakariari dolamena

Peio Jorajuria

Izendapen frango erabiltzen ditugu hiru hilabete hauetan frantses lurraldean bazterrak harrotzen ari dituen sozial mugimendua izendatzeko: jaka horiak, palto horiak, atorra horiak, txaleko horiak, horiz jantziak, jantzigaineko horiak, soingaineko horiak, barneko horiak, barnekomotz horiak... Laborari aldizkarian, Jean-Louis Davanten lumapean, zubereraz beraz, "kasabet holliak" ere irakurtu dut. Zenbat hitz errealitate bakar baten izendatzeko!

Joan den urri erditan abiaturik, mugimendu sozial horrek beti dirau. Eguberri garaian hatsantzen ari zela ematen zuen bainan hor dugu beti bizkor. Dolamen kaierak ari dira loratzen. Aitortu behar da, haatik, eskakizunak halako nahas mahas burtzoragarrian aldarrikatuak direla, zaku berean ezarririk onddo kasko beltz murtxagarriak, biper biziak, marrubi kutsatuak, aza buru borobilak, patata ustelak eta arroltze kolokak. Atxikitzekoak bezainbat botatzekoak. Zer biharamun ukanen ote dute dolamen horiek? Satisfamendu baino frustrazio...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016