Mundu zabalean | 2019ko Urtarrilaren 24a
Mundu Zabalean
M.L.
Brasilgo gobernu berria eskuin burukoa
Jair Bolsonaro militar ohia da Brasilgo presidentea Urtatsez geroztik, iragan urriaren 28ko bozetan aise bozkatua izan ondoan. Muntatu duen gobernuak 22 ministro ditu, horietan zazpi armadako erretretadunak, bi emazte. Adituek azpimarratu dute ez duela hartu biztanle gutxiengoetakorik iñor, ez beltzik ez eta indiorik. Gobernu burua Onyx Lorenzon deitzen da, eskuko du ministerio guzien lanaren koordinaketa. Presidentearen hurbil hurbilekoa da, diotenez eskuko bi erhiak bezain lotuak daude. Ekonomia Paulo Guedes hiper liberalaren esku dago. Kudeatzen ditu finantzak, plana, kanpoko merkataritza eta industria. Justizia Sergio Moro epaileak hartu du. Hark zuen kausitu Lula presidente izanaren kondenaraztea. Barne ministerioa Augusto Heleno 70 urte dituen jeneral erretretatuak hartu du. Kanpoko aferen ministro berria Ernesto Araujo deitzen da. Goraki aitortu berria du beroketa klimatikoa hastiatzen duela, baina Brasil oraino Parisko ingurumen hitzarmenaren partaide dago. Noiz arte? Artzain protestantea den emazte batek ditu kudeatzen: familia, emaztea, giza eskubideak, bai eta indio komunitateak. Bi lobi indartsu agertzen dira gobernu berri horren inguruan. Lehen multzoa protestante- pentekotistak. Azken bozetan diputatu bozkatuak izan diren 90 hautetsik goraki aitortu dute presidentea sostengatzen dutela, pastore bat ministro hautatua izan delarik. Indarrean ageri den bigarren lobia laborantza eremu erraldoietako jabeek osatzen dute. Brasilgo kazetariek laster sigla bat asmatu dute lobi horren izendatzeko: B.B.B. edo bala, behia, biblia. Presidenteak lehen bai lehen bultzatzen ditu diputatuak partikularren armamentu eskubidea azkarki emendatzen duen legea bozkatzerat. Beste bi erreforma ere laster gauzatu nahi lituzke Joao Bolsonarok, baina iritzi publikoa ez omen da gehiengo osoz alde: erretreten gastu publikoa funski apaldu nahian lan denbora luzatu nahi du. Bestalde eremu indio erraldoi baten ustiapen industriala abiatu nahian dabila.
Hexagonoko enpresa handienak ATTAC elkartearen begi pean
ATTAC elkarteak iragan igandean plazaratu duen txostenean zehazki aztertzen ditu CAC 40 etiketaren pean Pariseko Boltsan ezagutuak diren enpresa larriak, hots hexagonoko handienak. Enpresa horiek irabazten duten eskugain parte handiena beren akziodunei banatzen die. Hala nola, dio ATTAC-ek, iaz 57,4 miliar euro. Azken hamar urtetako marka guziak gaindituz. Zenbaki horiek ezin hobeki osatzen dituzte OXFAM gobernuz kanpoko erakundeak joan den maiatzean plazaratu zituen erreferentziek. Honek zioen ordukotzat frantses enpresa larrienak direla akziodunei kapital handiena banatzen dietenak, dela Europan dela mundu osoan ere. OXFAM-ek zioenez beren eskugainaren bi herenak akziodunei banatu dizkiete 2009 urtean. Enpresan berean arra sartzen duten kapitala eskugainaren %27a da, eta beren langileei %5,3 banatzen diete. ATTAC-en zenbaki freskoetara itzuliz, CAC 40ko buruzagi lehenek urtean hunkitzen dutena SMIC legezko soldata apalena baino 257 aldiz goragokoa da. Hartuz enpresa larri horietan ari diren langile guzien soldataren bana bestekoa buruzagi lehenen irabazia 119 aldiz gorago heltzen da. 2009az geroztik enpresa larri horiek beren langileria %20an apaldu dute. Krisia 2009an lotu zela gogoan izanik, ohargarri da 2010 eta 2017 artean enpresa larri horien eskugaina %10ean emendatu dela. Logikoki beharko zuten ere zergetan irabazi hainbat gehiago pagatu! Ez da horrelakorik gertatu, gobernu desberdinek zergak %6,4an apaldu dizkiete. Gutxiz ez utz frantses enpresa larri horiek munduan barna 16 000 enpresa ume muntatuak dituzte. Hauen %15a parabisu fiskaletan kokatzen da.
2019a GAFA tasaren urtea?
GAFA siglak erakusten dituen lau enpresa erraldoiak hauek dira: Google (G) Apple (A), Facebook (F) eta Amazon (A). Frantses gobernuak izerdi anitz botatzen du nahiz eta Europar Batasunak ezar diezaien tasa bat, urtetik urtera biderkatuz eskuratzen dituzten eskugainentzat. Ordea Irlanda, Danimarka, Suedia arrunt tasa horren kontra dira. Horretaz adituak ez dira tuntik harritzen baitakite hiru horiek bestetan baino tasa baldintza biziki merkeagoak eskaintzen dizkietela. Frantses gobernuak aitortu du Europak ez badu ere tasa hori sortzen berak irekiko duela. Zehaztu du Bruno Le Maire finantzen ministroak lege proiektu bat aurkeztuko duela otsail bukaeran ministroen kontseiluan, eta handik laster legebiltzarrean. Lege proiektuak tasa berri hori finkatuko du bi baldintza beteko dituzten enpresa erraldoiei: munduan urteko 750 milioi euro afera zifra orokorra eta hexagonoan 25 milioi euroko salerospenen marra pasatuko duten multinazionalak... tasaren finkatzeko bi elementu kontutan hartuko ditu gobernuak: batetik enpresak Frantzian aitortuko duen afera zifra, bestetik enpresa numerikoen kasuan, beren webgunetara sartzen diren partikularren helbideak salduz aterako duten eskugaina. Frantses finantza ministroak zehaztu du tasa goratuko duela enpresek aitortu afera zifraren arabera, beti ere %5eko marra pasatu gabe. Pentsu du aurten 500 milioi euro ekarriko dizkiola gobernuari tasa berri horrek. Gisa bertsuko tasa ezarria du jada indarrean Erresuma Batuak; aldiz Italiako eta Espainiako gobernuen tasa proposamena ez dute oraino legebiltzarrek bozkatua.











